Alex Saleta fitxatu zuen VRAC Quesos Entrepinares taldeak
Errugbi jokalari lasarteoriatarra Espainiako selekzioarekin Ozenian zen bitartean, VRAC Entrepinares taldeak bere fitxaketaren berri eman zuen. Ordizian urtebetez jokatu ondoren, herriko hirugarren lerrokoak hamahiru aldiz Ohorezko Mailako irabazle izan den eta titulua duen Valladolideko taldearekin bat egin zuen 2024-2025 denboraldian.
Harrera beroa egin zieten uda herrian igaro zuten hiru gazte sahararrei
Udal ordezkariek harrera egin zieten udako bi hilabeteak Lasarte-Orian igaro zituzten gazte sahararrei: Hassanna, Jalil eta Ahmed. Isaak begiralea eta harrera familietako kideak ere bertan egon ziren eta, opariak jasotzeaz gain, udal ordezkariekin hitz egin zuten bizipenaz. Udalak 10.000 euro bideratu zituen programa horretara. Ondoren, Ttakun Kultur Elkarteko Udako txokoetako haur eta begiraleen txanda izan zen. Aurreskua dantzatu eta Pirritx, Porrotx eta Marimotots pailazoen Iritsi da eguna kantatu zieten, baita opari bana ere.
Sanpedroekin "pozik" zegoen udala
Igaro berri ziren San Pedro Jaien balantze ona egin zuen udalak. Iragarritako guztia "ondo joan" zela nabarmendu zuten Agustin Valdivia alkateak eta Festak saileko arduradun Txus Alonsok. Halaber, poliziak 137 esku hartze erregistratu zituela eta Gurutze Gorriak, berriz, hamabost.
Gaztetxoak bertsoekin jolasean aritu ziren, Ttakunenea elkartean
Udaberriko bertso jasa, bat-bateko jolasa saioa aurrera eraman zuten uztail hasieran Ttakunenean. Lierni Rekondo eta Iker Ormazabal Tturko bertsolariek diziplina hori zertan den azaldu zieten ekimenera bertaratu ziren haurrei. Udalak eta Ttakun Kultur Elkarteak lankidetzan antolatutako jardueran ikus-entzule ez ezik, partaide aktibo ere izan ziren gaztetxoak.
Herriko atletak Espainiako txapelketetan
Lasarte-Oriako atletek 18 urtez azpiko eta Federazioen arteko Espainiako txapelketetan parte hartu zuten. Lehenengoan, Oinatz Almagro eta Iraia Alkorta izan ziren, bigarrenean, berriz, Euskadiko selekzioarekin izan ziren Naroa Furundarena eta Yeray Veroniz. Jauzi hirukoitzean bigarren postua eskuratu zuen Furundarenak, Veroniz seigarren izan zen 4x100 m. errelebo proban, eta ez ziren finalera sailkatu ez Alkorta 100 m. lasterketan ezta Almagro ere jauzi hirukoitzean.
Nahia Zudairek Zaragozako Hiria Nazioarteko trofeoa lehiatu zuen
Parisko Paraolinpiar Jokoak prestatzen ari zen zubietarra eta 100 m. libre proban egin zuen igeri. Sailkapen proban 01.11,43 marka egin zuen, eta finalean, aldiz, 01.10,63. Probako bigarren eta bere mailako lehen sailkatu zen.
Xabat Martin bederatzigarren izan zen Espainiako txapelketan
Uztailaren 5ean Avilesen (Asturias) jokatutako errepideko Espainiako txapelketan Euskadiko selekzioarekin parte hartu zuen eta tropel nagusian helmugaratu zen. Bederatzigarren amaitu zuen lehia Andoaingo Txirrindulari Eskolako kideak. Horrela amaitu zuen denboraldi arrakastatsua herriko txirrindulari gazteak, infantil mailako bai Euskadiko bai Gipuzkoako txapeldun izan baitzen eta parte hartu zuen lasterketa gehienetan lehen postuan amaitu.
Santa Ana pintxoa, jaiaren aurrekari
Arima, Buenetxea, El Punto, Herriko Etxea eta Hiru Aldeta ostalaritza establezimenduek elaborazio bereziak egin zituzten Santa Ana egunaren atarian. 3 euroren truke pintxo goxoa jateko aukera izan zuten herritarrek. Sukaldariek bi osagai erabili behar zituzten nahita nahi ez jakiak elaboratzeko: bakailaoa eta piperrak. Hortik aurrera, parte hartzaileen irudimen eta esku onaren araberakoak izan ziren. Hamarkada bat darama Aterpeak ekimen hori antolatzen eta harrera ona izan ohi du.
Herriko gorabeherak, zirikatuz eta umorez
Lasarte-Oriako eguneroko kontuak dira Santa Ana eguneko parodiaren oinarria. Manuel Sagardia herriarrak 1951n berreskuratutako ospakizuna ia urtero aurrera daramate, udalak eta Ttakun Kultur Elkarteak antolatuta. XX. mende hasieran sortu zen, mozkortuta zeuden herritar batzuek Santa Ana karkaban zeuden ardo zahagi batzuei su eman zietenean. Gertakari hori oinarri hartuta bizilagunak herri epaiketa antzeztu bat aurrera eramaten hasi ziren urtero: bi alprojari egozten zizkioten herriko gauza txarrak urtero eta sutan kiskaltzen zituen deabru gaizto batek. Horrez gain, Santa Ana berak, San Joakinek eta Basajaunek ere parte hartzen zuten.
Meza egin zuten Karmengo Amaren omenez
Ohiko festak ospatu ez bazituzten ere, urtero bezala, Oriako bizilagunek gogoan izan zuten hilaren 16an Karmengo Ama Birjina. Juan Luis Murua eta Felix Garitano apaizek gidatu zuten elizkizunean, udal ordezkariak eta herritar mordoxka bat izan ziren. Azken hamar urteetan La Esperanza auzo elkarteak antolatu izan ditu egun horren inguruko jarduerak, udalaren eta zenbait eragileren laguntzarekin. Aurten, ordea, meza besterik ez zuten aurrera eraman.
Bazkideen eguna ospatu zuen Lasartearra elkarteak
Ospakizun berezi batekin, San Inazio egunean ospatu zuen bazkideen eguna Lasartearra elkarteak. Hasteko, luntxa eta hildako bazkideei omenaldia egin zituen. Ondoren, trikipoteoa egin zuten herrian barrena, eta azkenik, bazkaria Erribera kaleko egoitzan. Udalerriko elkarte historikoetako bat da Lasartearra, iaz 50. urte ospatu zituen askotariko jarduerak burututa.
Jon eta Mikel Begiristain Trinketeko paletan, txapeldun
Jon eta Mikel Begiristain herritarrak Trinketeko Kluben arteko Gipuzkoako txapelketan lehiatu ziren larruzko pala modalitatean eta, iaz bezala, txapeldun izan ziren aurten ere. Aitor Bora eta Jon Zumeta Errepalako taldekideak izan zituzten aurkari, eta neurketa borrokatua izan arren, 34-40 gailendu ziren.
Ekaina izan zen TXINTXARRI-ren atari digitaleko hilabete oparoena
Urtero bezala, ikasturte amaieran TXINTXARRI aldizkariko lantaldeak bere atari digitalaren trafikoa aztertu zuen. Datuak erregistratzen hasi zenetik emankorrenetako bat izan zen, ia aurrekoa bezainbeste. Hilabetea amaitzeko zortzi egun faltan, 326.191orri bisitatu zituzten 57.714 erabiltzailek, urtebete lehenagoko datuak 334.246 eta 68.871 ziren. Ekaina izan zen trafiko gehien izan zuen hilabetea: 12.503 erabiltzailek 62.374 orri bisitatu zituzten kurtso osoko bisiten ia bostena–, 26.996 saio hasita. TXINTXARRIk hilabete batean inoiz erregistratu dituen datu onenak izan ziren.
Hiru ordu 1.000 euro gastatzeko
Aterpea merkatari eta ostalarien elkartearen Eskuratu 1.000 euro kanpaina irabazi zuen Ricardo Rodriguez Jorge mexikarrak hiru ordu izan zituen 1.000 euro gastatzeko. Zazpi bat hilabete zeramatzan herrian bizitzen eta Santana informatika dendan bete zuen txartel irabazlea. Ordenagailua konpondu eta erosketa txiki bat egin izana errentagarri izan zitzaion, zalantzarik gabe. Saltoki eta produktuen zerrenda prestatua zuen, azken zentimora arte doitua, baita noiz-nora joan erabakita ere. Horretan lagungarri izan zuen Aterpeak jarritako kotxe dotorea.
Yolanda Donisek 'Zazpi gurutzeak' lehen eleberria kaleratu zuen
Yolanda Donis Manterolak zazpi urtean egindako lanaren emaitza da Zazpi gurutzeak, lasarteoriatarraren lehenengo eleberria. Liburuak irakurtzeko zaletasuna eta ohitura badu eta idaztea arakatzeko irrikak bultzatuta erabaki zuen lan horri ekitea. Hasieran "erronka handia" izan zen, baina "oso pozik" zegoen prozesuarekin eta emaitzarekin. Istorioak bi denbora lerro ditu eta horietako bakoitzak bere protagonista. Batean, 1960ko hamarkadan Euskal Herritik Idahora alde egiten du emakume batek, eta ia mende erdi geroago, haren alabak kontrako bidea egingo du iragana arakatzeko beharrak bultzatuta.
Santa Ana azoka tradizionalak egin zuten 39. aldiz
Santa Ana egunaren aurreko igandean artisautza azoka eta pintxo ibilbidea gauzatu zituzten, ohi bezala. Egun eguzkitsua izan ez bazen ere, artisautza azokako postuetan barrena ibiltzeko aproposa izan zen. Ia lau hamarkada ditu, eta azken urteetako eskema jarraituta, Okendo plazan ondasunak ziren nagusi: bitxiak, telazko poltsak, txalapartak, oinetakoak, arropa... eta Mercero plazan, berriz, jatekoak: ogia, eztia, hestekiak, gazta... Arkupeetan, aldiz, ehoziri lanetan aritu zen emakume talde bat eta egurra lantzen zenbait zurgin.
Lurhats taldeak 'Sendagai' lehen diskoa osatu zuen
Julen Basterra eta Iban Nikolai bikoteak osatutako Lurhats taldeak Sendagai izeneko lehen diskoa argitaratu zuen. Gitarra klasikoa eta didjeridua jotzen duten bi musikarien harremanaren lehen emaitza zuzenean defendatu zuten sei kontzertutan. Musika medizina dela sinetsita, erabilera hori berreskuratu nahi dute egiten dutenarekin.
Eider Redondo atleta Espainiako txapelketan seigarren izan zen
Ostadar SKTko Eider Redondo atleta gazteak 16 urtez azpiko Espainiako Txapelketan parte hartu zuen. Hexatloia proban lehiatu zen eta seigarren amaitu zuen. Sei probari aurre egin behar izan zien: 100 m. hesi, altuera, pisu jaurtiketa, luzera jauzia, xabalina jaurtiketa eta 600 m. lasterketa. 100 metro hesi eta luzera jauzian lehen postuetan izan zen Ostadarreko kidea; hirugarren (15,70) eta bigarren (5,49 m.) izan zen hurrenez hurren. Guztira 3.422 puntu batu zituen.
Herriko taldeek ezin izan zuten Donostia Cupeko finalera iritsi
Texas Lasartearra FC eta Ostadar SKT taldeek ezin izan zuten Donostia Cupeko finaletara iritsi. Multzoko fasea amaituta, herriko ordezkari gehienek Europa League jokatu zuten, eta talde bakarra izan zen Champios League lehiatzen, Ostadar SKTko B15a, hain zuzen ere. Lehen kanporaketan, neurketa ondo borrokatu bazuten ere, Tolosak kanpoan utzi zituen. Gainerako taldeek ere ez zuten zorte hoberik izan, final zortzirenetan edo lehenago kaleratu zituzten euren aurkariek.
Mari Jose Martinen margolanak, Jalgin ikusgai
Jalgi Kafe Antzokia kulturaren topagune ere bada eta horren erakusgarri da Mari Jose Martin Alma Guiada artista lasarteoriatarrak jarri zuen erakusketa. Bere zenbait margolanek askotariko paisaiekin apaindu zituzten tabernako hormak: itsasoa, hondartzak...
Gidabaimena euskaraz ikasteagatik saria jaso zuen Irune Erauskinek
Iaz gidabaimenaren atal teorikoa euskaraz atera zutenen herriko zozketaren garailea izan zen Irune Erauskin. Hori ordaintzeko erabilitako 400 euroak itzuli zizkioten. Egitasmoa Buruntzaldeko sei udalek aurrera daramate 2009. urtetik, eskualdeko autoeskolekin lankidetzan, herritarrei eta bereziki gazteei jakinarazten die gidabaimena euskaraz ateratzeko aukera dutela eta hala egiteko pizgarria eman.
Kulturaz bete zituzten udalerriko kale eta plazak
Kultur agendako jardueren topaleku Manuel Lekuona Kultur Etxea izan ohi bada ere, uztailean atari zabalean burutu zituzten. Hala, Okendo Zinema Taldeak Pride filma proiektatu zuen bere izena duen plazan. Lasarte-Oriako Udalak Eusko Jaurlaritzaren laguntzarekin gauzatzen duen Kale Antzerkia Bultzatuz egitasmoko ikuskizunek, berriz, zabalgunea eta ingurua hartu zituzten. Panta Rhei taldeak baso bilatu zuen Askatasuna parkea Irdin hartz kume abandonatuaren istorioa kontatzeko. Astebete geroago Ganso&Cíak Welkome& Sorry Hamleten bertsio berezia gauzatu zuen eta Barsati Teatroak Lanean jarraitu 75 urtera arte! Horrez gain, Alurr Dantza Taldeak joan den mendeko giroan oinarritutako Laia ikuskizuna eskaini zuten.
Alboka Abesbatzak Ordizian amaitu zuen ikasturtea
Emotio taldearekin batera egindako emanaldiarekin amaitu zuen ikasturtea herriko koruak. Gabonetan Ordiziako ahotsek egindako bisita bueltatu zieten Jasokundeko Andre Mariaren parrokian saioa eginda. Euskal Herriko eta nazioarteko doinuez bete zuten eliza Albokako kideek, zenbait abestitan Amaia Dorronsoro pianoan lagun izan zuten. Amaitzeko, bi taldeak batu eta Txoria txori, Maitia, nun zira eta Agur Jaunak abestu zituzten elkarrekin.
Zaldi Lasterketen I. Pronostiko lehiaketa martxan jarri zuten
Hilabeteko etenaren ondoren, udako denboraldiarekin jarraitu zuten Donostiako Hipodromoak. Horrekin batera, Zaldi Lasterketen Zaletuen I. Pronostiko Lehiaketa martxan jarri zuen zaletu talde batek. Izen emateak 20 euro balio zuen eta horien bidez bildutako diru guztia sarietara bideratu zuten.
Enpresako eraginkortasun energetikoaz jardun ziren
Enpresen iraunkortasuna lantzeko prestakuntza saio bat aurrera eraman zuen Beterri Buruntza Mankomunitateak, Mirentxun. Ekonomia berdea enpresaren lehiakortasunerako programaren barruan, Mankomunitateko parte diren herrietako enpresen iraunkortasunarekin zerikusia duten arlo ezberdinak lantzen hasteko asmoz, sektore ekonomiko zehatzei zuzendutako elkarrizketak eta prestakuntza saioak aurrera eraman ditu Beterri Buruntza Mankomunitateak.
Blues musikak girotu zuen Jalgi Kafe Antzokia
Del Toro Blues Bandek geldialdia egin zuen Jalgi Kafe Antzokian. Musika hutsezko pieza batekin hasi zuen bikoteak bere emanaldia, eta ondoren, Danny Del Torok hitz batzuk esan zizkion publikoari. Eskerrak eman zituen kontzertura etortzeagatik, eta bertan egoteak poztu arren, haserre ere bazegoela kontatu zuen. Izan ere, Bilboko Blues Jaialdian jardun zen eta materiala lapurtu zioten. Ezbehar horrek, hala ere, abesteko gogorik ez zituen kendu. Harmonika eta kantua uztartu zituen kontzertuan.
Juan Luis de la Mata hil zen
Lasarte-Oria Trail Mendi Elkarteko zuzendaritzako kide eta sortzaileetako bat zen. Taldekide batekin mendian lasterka zebilela gertatu zen ezbeharra. Kirolari modura, hainbat mendi probatan parte hartu zuen eta errepideko beste askotan ere.
Txoko eta kanpaldietan gozatu zuten gaztetxoek
Ttakun Kultur Elkarteak hiru hamarkada pasatxo daramatza herriko haur eta gaztetxoentzako euskarazko aisialdia programak aurrera eramaten, baita udaran ere. Udako Txokoek eta udalekuek programa erakargarri eta hezitzailea dute oinarri, bizitzan oso baliotsuak izango diren balioak jorratzen dituzte, hala nola, emozioen lanketa edo kulturartekotasuna. Herritik kanpo, berriz, kanpaldiak egin dituzte Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan barrena.