2024ari errepasoa: ekaina

Txintxarri Aldizkaria 2024ko abe. 27a, 09:15

Gozatu ederra hartu zuten lasarteoriatarrek herriko jaietan.

Aurtengo azken zenbakia argitaratu dugu gaur, urtekaria, amaitzear den 2024ak eman duenaren errepasoa. Hementxe ekaineko albisteen hautaketa. 

Zentzumenak dantzan, Zabaletako jaietan

Ikusi, entzun, usaindu eta dastatzeko moduko festak aurrera eraman zituzten auzo horretan, hilabete hasieran. Teresa Sorgiña jaitsi aurretik ekin zioten egitarauari eta haurrak izan ziren aurreneko ospakizun egunetako protagonista nagusiak. Asteburukoak izan ziren programako egun mugituenak eta Zabaletara igo ziren guztiek ederki pasa zuten kontzertu, jolas, otordu, kirol ekitaldi eta bestelako ekimenetan.

Ostadarreko taldeentzat, txanponaren bi aldeak igoera faseetan

Erregionalen Ohorezko Mailara eta Jubenilen Ohorezko Mailara igotzeko kanporaketa faseak jokatu zituzten Ostadarreko taldeek. Batean kale eta bestean bale egin zuten, nagusiek ezin izan zutelako Aloña Mendi garaitu eta kategoriaz igo. Harrobikoek, berriz, Urola mendean hartu eta denboraldi osoan amestutako helburua erdietsi ahal izan zuten.

Lizar Begoñarekin solastu ziren Irakurle Txokoko eta Transmaribibollo kolektiboko kideak

Lasarte-Oriako Transmaribibollo kolektiboak Irakurle Txokoarekin elkarlanean antolatuta, solasaldi literarioa egin zuten Antonio Mercero aretoan. Dozena bat lagun elkartu ziren Lizar Begoña idazlearekin Mundu zitalaren kontra lanaren gainean aritzeko. 

Mirentxuko Trinketea biziberritu zuten

Herriko gazte talde batek frontenis txapelketa antolatu zuen kirol azpiegitura horri bizia emateko. Hamasei bikotek parte hartu zuten; Iker Artetxek eta Mikel Gonzalezek jantzi zituzten txapelak. Giro ederrean aritu ziren goiz eta arratsalde eta herritar ugari bertaratu ziren partidez gozatzera. Antolatzaileak asko poztu zituen euren egitasmoak izandako harrerak.

PSOE izan zen alderdi bozkatuena

Europako Parlamenturako hauteskundeak egin zituzten eta botoen %100 zenbatuta, PSOE izan zen alderdi bozkatuena udalerrian, bozken %35,6arekin (2.503 botopaper). Duela bost urteko bozekin alderatuta nabarmen igo zen abstentzioa, hamazazpi puntu; hautetsontzietara deituta zeuden bizilagunen erdiak baino gehiago (%52,4) ez ziren joan.

Carmen Atalaya Revilla herritarrak 'Gracias' liburua argitaratu zuen

Txakur hezitzailea, animatzaile soziokulturala, Pedagogia ikaslea... bere ogibide eta ezagutzei berri bat gehitu zien Carmen Atalaya Revillak (Lasarte-Oria, 1973): egilea. Bere bizipenetatik abiatuta, Gracias liburua idatzi zuen, barnean duen "aberastasuna" eta bizitza polita dela zabaltzeko.

‘Mikroipuinak’ liburua aurkeztu zuen Idoia Torregaraik

Egunerokotasuneko uneetatik "istorio politak" sor daitezkeela sinetsita, Mikroipuinak liburua argitaratu zuen martxoan Idoia Torregarai Martija kazetari, gidoigile eta umoregile usurbildarrak, Elkar argitaletxearekin eta Patxi Huarte Zaldieroa komikigilearekin elkarlanean. Lasarte-Oriako Udal Liburutegiak kultur etxeko hitzaldi aretora gonbidatu zuen egilea lan horri buruzko nondik norakoak azal zitzan. Bertsolari baten pare jardun zen, aurkezpen ekitaldiaren dinamizatzaile Goiatz Labandibar Arbelaitzek botatako puntuei jarraituta.

Gailu digitalen erabilera goiztiarraz hausnartzen

Landaberri Guraso Elkarteak gonbidatuta, ongizate digitalean aditua den Telmo Lazkano izan zen Oriarte-landaberri ikastetxean. Gazteak eta gailu digitalak. Zeren aurrean gaude? hitzaldia eskaini zuen, eta bera entzutera joan ziren euren seme-alabak sakelako telefonoaren edota orokorrean pantailen erabilera goiztiarrarekin kezkatuta dauden hogei bat guraso.

Egunerokotasunaren akrobatak

Emakume Sortzaileen I. Jardunaldia aurrera eraman zuen Ihitten elkarteak, Antonio Mercero aretoan. Herritarren jakin-mina piztu zuen ekimenak eta dozenaka bertaratu ziren gunera. Hizlariek esan dutena entzuteaz gain aukera izan dute euren hausnarketak plazaratzeko. Bost emakume sortzaile lasarteoriatar gonbidatu zituzten: Aintzane Usandizaga, Bea Egizabal, Nora Izagirre, Ainhoa Negeruela eta Karmele Salsamendi. Ihitteneko kide Idoia Garzesek gidatu zuen solasaldia.

Izar Beltzak torneoa, oroimenetik omenaldira

Beltzak Errugbi Taldeak gogotik ospatu zuen bere 40. urteurrena, ekimen berezi ugari aurrera eramanda. Errugbi eskolako txikiek eta euren senideek eman zioten hasiera jardunaldiari. Euripean, joko ezberdinak egin eta neurketa berezia jokatu zuten; haurrak helduen aurka. Indarrak berreskuratzeko hirugarren denbora ere izan zuten. Arratsaldean Izar Beltzak oroimenezkoaren txanda izan zen. Atletico San Sebastian, Huescako Quebrantahuesos eta Beltzak Lasarteorians/ZRT taldeek hiruko torneoa jokatu zuten eta azken horrek irabazi zuen.

Kirolaz gain, oroimen eta omenaldirako tartea ere izan zen torneoa amaitzean. Txalaparta, musugitarra eta kutxa doinuen bitartez, Beltzak taldeko sortzaile, jokalari eta zuzendari izandako Aitor Urangaren eta taldeko lehen kapitain eta zuzendaritzako kide zen Jorge Perez Gotxo izan zituzten gogoan eta euren senitartekoei lore sorta bana eman zizkieten. 

Naroa Furundarena, Euskadiko txapeldun

Lasarte-Oriako atletek Euskadiko txapelketari aurre egin zioten, Durangon. Herriko ordezkariak hainbat finaletan izan ziren lehian eta bik domina jantzi zuten: Naroa Furundarenak, urrezkoa, jauzi hirukoitzean eta Yeray Veronizek, zilarra, 100 metroko lasterketan.

'Ibaiaren beste aldean' erakutsi zieten herritarrei

Oriarte BHI institutuko ikasleek Zinema (h)abian programan parte hartu zuten; horren bitartez, Ibaiaren beste aldean filma ekoiztu zuten. Bartzelonan egin zuten aipatu lanaren estreinaldia eta Lasarte-Oriara ekarri zuten gero, egindakoa herritarrei erakutsi asmoz. Mercero aretoan batu dira lasarteoriatarrekin, eta ikus-entzunezkoaren nondik norakoak azaldu zizkieten. Prozesuak iraun bitartean izan dituzten zailtasunak nabarmendu zituzten, horien artean, ohartu zirela talde lanak erabakiak taldean hartzea dakarrela, eta "askotan" zaila izaten dela hori.

Pablo Barriok '2074' antzerki liburua argitaratu zuen

Gaur egungo Euskal Herriko kezka eta gogoetetan ardaztutako antzerki distopikoa kaleratu zuen Pablo Barrio idazle lasarteoriatarrak: 2074. Susa argitaletxeak EHAZE Euskal Herriko Antzerkizale Elkartearekin batera sortutako Ganbila bildumako 25. obra da hori. Antzerki liburu hori ontzeko "umorea, begirada nostalgikoa eta hitz bidezko jolasa" erabili zituen egileak, Ganbilan parte hartzen duen Gaizka Sarasolaren arabera. "Begirada nostalgiko hori oinarri, nortasun handiko pertsonaia berezi eta maitagarriak" sortu zituen Barriok.

Eztarrietatik, 'Biotzetara'

Lasarte-Oria eta Boise (Idaho, AEBak) senidetu zituen musikak eta euskarak. Egunpasa polita egin zuten hemengo Xumela eta hango Biotzetik koruek; Getarian eta Pasaian izan ziren, besteak beste. Gero herrira etorri ziren eta emanalditxo polita egin zuten Okendo plazan, Ttakun Kultur Elkarteko ordezkarien harrera jaso ostean. Amaitzeko, pintxo-afaria egin zuten Ttakunenea elkartean.

Beñat Telleria, II. mailako Euskal Pentatloiko garaile

II. mailako Euskal Pentatloia irabazi zuen Beñat Telleria herritarrak, gizonezkoen kategorian. Ez zen lehen aldia izan herritarra proba horretako podiumera igo zena, Julen Gabirondo urnietarrarekin batera Binakako Euskal Pentatloia irabazi baitzuen iaz.

Elkartez elkarte, bertsotan

Lasarte-Oriako Transmaribibollo Kolektiboak antolatuta, bertsopoteo transfeminista aurrera eraman zuten. Ttakunenea elkartean batu ziren eta lehen tragoarekin batera, Amaia Agirre eta Maider Arregi bertsolariek lehen lanak egin zituzten. Ibilbideko hurrengo geltokira abiatu aurretik jolas bat proposatu zieten aurrean zituzten hogei bat lagunei: beraiek puntu bat abestu eta horren erantzuna den hitza asmatzea, alfabetoaren hurrenkera jarraituta. Gainerako geltokietan ere antzekoa izan zen dinamika eta arratsalde bikaina igaro zuten parte hartzaile guztiek.

Maialen Chourrautek zilarrezko domina jantzi zuen Krakovian

Eslalom olinpikoko Munduko kopako hirugarren jardunaldia jokatu zuten Krakovian (Polonia). Maialen Chourraut herritarrak parte hartu zuen lehiaketan eta finalera sailkatzeaz gain, bigarren postua eskuratu zuen.

Ostadarreko Olaia Laboa eta Odalys Caceres, hondartzako boleiboleko txapeldun

Hondartzako Boleiboleko Gipuzkoako Txapelketa jokatu zuten Ostadar SKTko bi bikotek: Olaia Laboa-Odalys Caceres eta Ruben Mendoza-Alex Acuriola. Laboa eta Caceresek Bera Berako bikotearen aurka jokatu behar izan zuen final handia eta lan bikaina egin ostean garaikurra altxatzea lortu zuten. Mendozak eta Acuriolak ere jokatu zuten euren kategoriako partida erabakigarria baina ezin izan zuten irabazi. 

Donostia Arraun Lagunak, Gipuzkoako txapeldun

Gipuzkoako traineruak Hondarribian bildu ziren lurraldeko bandera jokatzeko eta zenbait herritar kide dituen Donostia Arraun Lagunak-ek irabazi zuen. 11.16,08ko marka eginda gailendu zen. Tolosaldea bigarren izan zen 9,30 segundora eta Donostiarra, hirugarren (11.27,12). 

Xabat Martin txirrindulari gazteak denboraldi ederra egin zuen

Lasarte-Oriako Buruntzazpi txirrindularitza eskola desagertu zenetik, udalerriko gazteek inguruko herrietako eskoletan garatzen dute euren zaletasuna. Xabat Martin da horietako bat. Herritar gazteak emaitza paregabeak lortu zituen 2023-2024 denboraldian; eskolarteko infantil mailako Gipuzkoako zein Euskadiko txapelduna izan zen.

Iñaki Garcia, berriro ere Squash txapelketako irabazle

Lasarte-Oriako Squash txapelketa sozialeko finala jokatu zuten iazko txapelduna izan zen Iñaki Garciak eta Iker Cañedok. Irabazlearen garaikurra Garciak eraman zuen etxera.

Antzezle bikainak direla erakutsi zuten

Kukuka eskolako lagunek 22. Antzerki eta Dantza astea aurrera eraman zuten. Aurreneko egunean desfile alai eta koloretsua aurrera eraman zuten erdigunean barrena, eta gainerako egunetan, ikasturtean zehar entseatu eta prestatutakoa erakutsi, diziplina artistiko desberdinetan.

Emakumeen Aldarria aurkeztu zuten San Pedro parrokian

Usurbil eta Lasarte-Oriako hogeita hamabost bat emakume kristau elkartu ziren parrokiako lokalean. Duela urte eta erdi emakume talde bat sortu zuten, Donostialdean Revuelta de las Mujeres en la Iglesia mugimendua Gipuzkoara ekartzeko. Horrek emakumeen berdintasunaren alde egiten du Elizan.

Omenaldia eta Buruntzaldea IKTko kideek podiuma, Lasarte-Oria Sarian

230 bat igerilari batu ziren Maialen Chourraut igerilekuan, 33. Lasarte-Oria Sarian. Zortzi taldetako –Hernani KE, Gaude, Elkar 64 Natation, Igartza IKE, Atletico San Sebastian, Amaya CD, Ordizia KE eta Buruntzaldea IKT– kirolariak izan ziren herriko igerilekuan, nor baino nor gehiago. Saio hasieran momentu hunkigarria bizitu zuten bertaratutakoek, izan ere, igeriketa taldeko Itsaso Tolosa eta Borja Apeztegia omendu zituzten taldekideek, baita Agurra dantzatu ere. Bien azken denboraldia izan zen entrenatzaile gisara. 

Lasarte-Oriako Gazte Asanblada aurkeztu zuten

Eragile ezberdinetako herriko gazteak elkartuta sortu zuten LOGA Lasarte-Oriako Gazte Asanblada. Espazioen problematikari irtenbide eman asmoz batu zirela azaldu zuten ekimena aurkezteko prentsaurrekoan.

Sorgindutako herria, jaietan murgilduta

San Pedro Jaiak eta Sorgin Jaiak ospatzen hasi ginen hilabete amaieran, urtero bezala, blusa koloretsuak armairutik atera eta soinean jantzita. Festa egun ederrak izan ziren eta gogotik gozatu zuten lasarteoriatarrek. Makelur antzerki taldea eta Xumela korua omendu zituzten udal ordezkariek eta jai alternatiboen antolatzaileek, hurrenez hurren. Une gogoangarri askoz gehiago izan ziren bost egun horietan zehar.