'La isla de los demonios' liburua argitaratu zuen Txema Pikabeak
"Nerabe gatazkatsuen edota bizitza zaila dutenen mundua izugarri gustatzen zait eta zerbait idatzi nahi nuen beraiei buruz", azaldu zuen Txema Pikabea herritarrak, La isla de los demonios eleberria argitaratu zuela jakinaraztean. Bere aurrekoak baino "landuagoa eta aldrebesagoa" dela zehaztu zuen egileak, eta, ezaugarri horiek "arriskua" izan dezaketen arren, kontakizunari "beste puntu bat" ematen diotela.
Federiko Krutwig intelektual eta idazlearen ondarea ikusarazten
Euskal intelektual, idazle eta politikariaren bizitzaren bueltako saio bat aurrera eraman zuen Krutwigen Lagunak taldeak; bertako kide Oskar Arantzabal eta Baleren Bakaikoak dinamizatu zuten Antonio Mercero aretoan aurrera eraman zuten hitzordua. Dokumental emanaldi eta hitzaldi bana egin zituzten bertaratu diren dozena bat pertsonari hitza eman eta euren ekarpenak jaso aurretik.
Bi lasarteoriatar hil ziren auto istripu batean, Sorian
Bi ibilgailuk aurrez aurre talka egin zuten SO-20 errepidean eta hil egin ziren bi pertsona, herritarrak biak, 84 eta 90 urtekoak. Beste lau pertsona zauritu ziren ezbeharrean.
Izaguerri administrazioak 20.000 euroko kiniela sari bat eman zuen
Asteroko futbol profesionalaren jardunaldiko hamabost partidaren emaitzak (etxekoak ala kanpokoak irabaziko duen ala berdindu egingo duten) asmatzea da kiniela jokoaren helburua. Jokalari batek hamalau emaitza atera zituen eta 20.084,59 euroko saria kobratu zuen gure herriko Izaguerri administrazioan.
Musika, pertsonak artatu eta zaintzeko
Miren Gabirondo Olazabal musikoterapeutak ireki zituen Danok Kide elkartearen XVIII. Balioetan Hezi jardunaldiak, zientzia horren ezaugarri eta erabilerak ikus-entzuleekin partekatuta. 50 bat pertsona bertaratu ziren kultur etxeko hitzaldi aretora eta interesez jarraitu zituzten aditu lasarteoriatarraren azalpenak.
'Nakba' egunean elkartasuna adierazi zioten Palestinari
Buruntzaldeko Transmaribibolloek deituta, dozenaka herritar manifestatu ziren erdigunean barrena, Palestinaren alde. Bukatzen ez den Nakbaren aurrean Palestina zutik! Buruntzaldeko Transmaribibolloak zuekin! lelodun kartela eskuetan, palestinarren aldeko aldarriak zabaldu zituzten eta Israel egiten ari den genozidioa salatu.
Euskararen kutxan, gero eta tresna gehiago
Ohi bezala, galdera formatuan planteatu zuten aurtengo Udaltopeko gaia: Nola erakarri etorri berriak euskarara? Eta, euskaldunok, nola hurbildu etorri berrietara?. Gogoetagai horien bueltako oinarri teoriko, ikerketa eta praktika onak elkartrukatu zituzten parte hartu zuten 300 bat pertsonek.
Euskaraz kantatuta, jositako sarea sendotzen
Xumela koruak egun ederra igaro zuen Zarautzen, bertako Montetxio eta Hondarribiako Olagarro taldeekin batera. 90 bat pertsona batu ziren eta kantu jiran aritu ziren goizean, bapo bazkaldu eta Lasarte-Oriara bueltan etorri aurretik. Euskaraz kantari aritzen diren hiru talde horiek elkarrekin ehundutako sarea sendotu zuten, Zarautzen egunpasa eginda. Egunean zehar makina pieza bat kantatu zituzten: hunkigarrienetako bat, Xabier Leteren Xalbadorren heriotzean, azken urteetan hildako kideen omenez.
Harkaitz Canorekin izan ziren irakurle txokoko kideak
Ni ez naiz Laboa Mikel Laboa musikari donostiarraren biografia ilustratua izan zuen hizpide Lasarte-Oriako Irakurle Txokoak hilabete honetako saioan. Unai Iturriaga eta Joseba Larratxe Josevisky-rekin batera ondu zuen lan hori Harkaitz Cano herritarrak eta txokoko kideengana bertaratu zen egindakoari buruz hitz egitera.
Barroko garaiko doinuez eta musika elizkoiaz gozatu zuten herritarrek
Danok Kide Elkarteak antolatutako XVIII. Musika Topaketen barruan kontzertuak eman zituzten Oiasso Kameratak eta Easo Abesbatzako bi taldek, Easo Gazte Abesbatzak eta Easo Kapera Gregorianistak. Brigitarren komentuko nahiz San Pedro parrokiako emanaldietara dozenaka lasarteoriatar bertaratu ziren.
Txokolate jan solidarioa, minbizia duten haurren alde
Lasarteoriatar talde batek laugarrenez aurrera eraman zuen txokolate jan solidarioa, Semblante Andaluz elkartearen eta udalaren laguntzarekin. Jende "ugari" bertaratu zela azpimarratu zuten kideek eta 870 euro bildu zituztela jakinarazi. Diru hori haurren minbizia ikertzera bideratu zuten. Aipatu egitasmoa Estatu mailakoa da eta Bartzelonako Sant Joan de Deu ospitalarekin egiten dute, elkarlanean.
Oriarte Larrekoetxe institutuan egindako pintaketa matxistak salatu zituzten
Oriarteko Ikama erakundeak salatu zuen pintaketa matxistak egin zituztela Oriarte Larrekoetxe institutuan, laugarrenez. "Haserre eta amorratuta" zeudela adierazi zuten eta ez zirela isilik geldituko eraso horren aurrean.
Musikaldian parte hartu zuten Udal Musika Eskolako lau ordezkarik
Lasarte-Oriako Udal Musikako irakasle Miren Etxenagusia eta hiru ikasle (Pedro Garcia, Unai Granado eta Hugo Amil) giro ederrean aritu ziren Tolosan eta Ibarran ospatu zuten Musikaldian. Jaialdiko guneetako batean izan ziren gure herriko ordezkariak, Herrikiden, eta akordeoien nahiz abesbatzen topaketetan parte hartu zuten.
Beasainen abestu eta dantzatu zuten
Alboka abesbatzak Beasainen eman zuen kontzertua, bertako Loinatz koruarekin batera eta Erketz Euskal Dantza Taldeko zenbait dantzariren laguntzarekin. Lasarte-Oriako taldeak zazpi pieza interpretatu zituen aurrena eta Loinatzekin jardun zen gero: Zure boza eta Euskal jokoak abestu zituzten. "Beasainen oso ondo hartu gintuzten eta ondo atera zen dena", adierazi zuten.
Asier Sagasti garaile, Espainiako Kopako Gasteizko proban
Beterano mailako Espainiako Kopa jardunaldia lehiatu zuten Gasteizen. Lasarte-Oria Kirol Elkarteko judoka Asier Sagasti Condek parte hartu zuen hitzorduan eta M1-M2 kategoriako 100 kilo azpiko txapelduna izan zen.
Txusma Perez Azacetak, Euskal Herriko tontor ederrenen liburu bat
Txusma Perez Azaceta lasarteoriatar eta mendizale adituak liburu berri bat argitaratu zuen Sua Edizioak argitaletxearekin: Ascensiones a las montañas más bellas. Liburu horretan Euskal Herri osoko 30 tontor aurkeztu zituen idazleak, "ederrenak" bere iritziz. Mendizaleentzat ezinbesteko diren Orhi, Anboto, Aratz, Txindoki edo Iparla mendiez gain, ezagunak ez diren beste hainbat tontor ere badira liburu horretako protagonistak.
Ander Goenaga, Espainiako parasurfing txapeldun
Ostadar Inklusioa saileko kirolari Ander Goenagak Espainiako parasurfing txapelketa irabazi zuen Galiziako Nigran herrian. Talde urdin-beltzeko kideak Prone 2 kategorian parte hartu zuen beste lau lehiakideren aurka. Bi txanda eta finala jokatu zituzten. Lehen saiakeran ibilbide handiko Angel Luis Curiek valladolidtarrak lortu zuen puntuazio onena. Baina bigarrenean eta finalean olatuak ederki hartuz, epaileen puntu-kopuru handiena jaso eta lehen postuan amaitu zuen lehiaketa Goenagak.
Bizilagunek bizilagunentzat prestatutako festa
Iñigo de Loiola Bizilagun Elkarteak (ILBE) Udaberri Festa antolatu zuen, bigarrenez. Konfinamenduan ehundutako eta estututako harremanak mantendu eta giro alai batean ospatzeko xedez, iaz abian jarri zuten. Orduan ez bezala, aurten beraiek nahi zuten datan, maiatzeko lehen larunbatean, burutu ahal izan zuten. Oriarteko patiotik beraien kalera eraman zuten jaia, baina giroa ingurukoetara ere hedatu zuten.
Azkorteko erromeriara bidean, aldaparik ez
Maiatzeko lehen asteburua egutegian markatuta dute lasarteoriatar askok. Hilabeteko hirugarrena Santikurutz eguna da eta horrek erromeria esan nahi du. Ohitura bezala, ondorengo igandean burutu zuten, baselizaren aurrealdean, Ttakun Kultur Elkarteak Lasarte-Oriako Udalarekin elkarlanean antolatutako festa. Eguraldi iragarpena ez zen erabat baikorra, baina ez horrek ezta autobus faltak ere ez zuen jendea etxean geldiarazi.
Itxaropen bila dabiltzan pertsonaien topalekua
Khea Ziater antzerki taldeak La sed del minotauro antzezlanaren emanaldi elebiduna egin zuen Manuel Lekuona Kultur Etxean. Il labirinto tabernan Duque eta Enzo elkartuko dira. Lehenak edariarekin arazoa du, hein batean emakume bat ahaztu nahi duelako, bigarrenak, berriz, maitatuko duen emakume bat bilatzen du, eta hori, Lisa izatea espero du. Teseo27 ezizenarekin Ariadna24 ezagutu du eta aurrez aurre lehenengoz elkar ikusteko hitzordua egin dute bere tabernan. Zoriarekin eta zortearekin borrokan dabiltzan Beni eta Jani ere bertaratuko dira. Taberna eszenario bakarra bada ere, proiektatutako irudien bidez edo atrezzoarekin osatutako eszenarioetan kontatzen dira pertsonaien istorioak.
Bola eta tokako Gipuzkoako txapelketak Lasarte-Orian erabaki zituzten
Michelingo kirol guneko bolatokian hitzordu garrantzitsua jokatu zuten, Gipuzkoako bola joko eta toka txapelketa. Eremuko bolari eta toka jokalari hoberenak bildu ziren, horien artean, Josu eta Unai Lasa herritarrak. Giro ederrean txapelak eskuratzeko lehiatu ziren. Bola jokoan Rosa Santos eta Itoiz Alustiza izan ziren garaileak; tokan, aldiz, Martxeli Kanflanka eta Jose Antonio Calvo.
Talbot markako auto klasikoak herrian barrena ibili ziren
Ehun urte bete ziren Talbot etxeko auto batek San Sebastian saria irabazi zuenetik, eta, urtemuga berezi hori oroitze aldera, marka britainiar-frantses horietako zenbait ibilgailu klasikok gure herria zeharkatu eta Lasarteko zirkuitua zena ezagutu zuten Geldialditxo bat egin zuten Antonio Mercero gunean egitasmoa zertan den azaltzeko.
Dantzari gazteek beren mugimenduak erakutsi zituzten jendaurrean
Hilabetetan ikasitakoa islatzeko zenbait dantza prestatu zituzten Udal Musika Eskolako ikasleek, eta senide eta lagunen aurrean erakutsi zuten beraien trebezia. Parte hartuko zuten dantzari guztiak elkarrekin atera ziren eszenatokira lehen piezan, eta ondoren, adinaren araberako taldeak txandaka bueltatu ziren, hiruna dantza eskaintzeko. Merezitako txalo zaparradarekin eskertu zieten ahalegina ikus-entzuleek.
Udaberria ospatu zuen Aterpea merkatarien elkarteak
Lasarteoriatarrak euren komertzioetara erakarri eta herria bizirik mantentze aldera, Udaberriko Festa aurrera eraman zuen Aterpea merkatarien elkarteak. Programaren erdia pagotxek eta eskaintza bereziek osatu zuten, eta beste erdia, dibertitzeko ekimenek. Ormazabal loradendak, esaterako, Alpargateriko erromeria aurrera eraman zuen saltoki ondoko plazatxoan.
Emozioz betetako omenaldia
Eguzki Areto Futbola saileko kideek, udal ordezkariek eta lagunek Lander Martin jokalariari aitortza egin zioten. 2003an hasi zen areto futbolean eta 21 urtetan egindako lanagatik eskerrak eman eta agur esateko familia, ezagun eta zaletuak batu ziren kiroldegiko kantxan.
Mende erdi barruko balizko Lasarte-Oria
Kukuka Antzerki eta Dantza Eskolak eta Semblante Andaluzek elkarlanean ondutako Lasartoria 2074 herri antzezlanaren estraineko emanaldia egin zuten kultur etxean. Irudikatu zuten mende erdi barruko Lasarte-Orian, klima aldaketaren ondorioak nabari dira, pertsonaiek beroa baitute eta batzuek ez dute euria ezagutzen. Kapitalismoa amaitu eta Erdi Aro Berrian, nazioarteko inbertsio funts handiak dira munduaren jabe eta etsipena da nagusi.