Aitor Manso gidariak denboraldiko lehen txapela jantzi zuen Opakuan
Opakuako igoera jokatu zuten Agurainen, Araban. Aitor Manso herritarrak, Joseba Iraolak hitzordura huts egingo zuenaren jakitun, Aiatik Andatzarako igoeran 9. mailako garaipena errepikatu eta sailkapen orokorreko txapela ere jantzi nahi zuen. Mendiko igoeren txapelketako bigarren proban 42 gidari izan ziren irteera puntuan eta aurkariez gain, herritarrak arazo mekanikoei ere egin behar izan zien aurre sari nagusia etxera eramateko.
Kirolaz gaindiko Benjamin mailako torneoa
Futbolaz eta elkartasunaz betetako jardunaldi ederra izan zen Michelingo kirol gunekoa. Texas Lasartearra CFk Lengokoak, Añorga, Vasconia, Kostkas, Igeltegi, Sporting de Herrera, Internacional, Mundarro, Martutene eta Antiguoko harrobiko taldeak batu zituzten I. Benjamin txapelketan. Giro ederra izan zen eta harmailak beteta egon ziren egun osoan zehar.
Herriko parte hartzearen egoera, kulturgintzaren ikuspegitik
Berrikuntza Politikoa Esploratzen: Lasarte-Orian parte hartzearen kultura biziberritzeko ikaskuntzak ikerketa proiektuaren barruan, Oreki fundazioak antolatutako mahainguru zikloaren bigarren saioa aurrera eraman zuten. Danok Kideren egoitzan egin zuten eta kulturgintzaren ikuspegitik herriko parte hartzeak bizi duen egoera jorratu zuten gonbidatuek: Nagore Duran, Ketxus Marcos eta Julen Basterra izan ziren.
Redondo eta Murgiondo, Gipuzkoako txapeldun
Eskolarteko banakako Gipuzkoako txapelketa jokatu zuten Eibarren. Unbeko kirol gunean Gipuzkoako atleta gazteak bildu ziren eta bertan izan ziren Ostadar SKTko kideak zein Atletico San Sebastian taldeko Hodei Murgiondo herritarra lehian. Lasarte-Oriako ordezkariak ederki jardun ziren; guztira, bost domina eta bi laugarren postu eskuratu zituzten. Podiumeko gorenean izan ziren Hodei Murgiondo eta Ostadar SKTko Eider Redondo infantilak eta biak bi probetan izan ziren garaile. Murgiondok jauzi hirukoitzean (11,25 m.) eta pertika jauzian (2,80 m.) jantzi zituen urrezko dominak. Redondok, aldiz, 150 m. lasterketan (19,09) eta xabalina jaurtiketan (32,99 m.).
Ostadar Inklusioa taldeko Xuban Santin Zagreb-en izan zen lehian
World Boccia Challenger txapelketa lehiatu zuten Kroaziako hiriburuan, Zagreb-en. Espainiako selekzioko kideak izan ziren lehiatzen bertan eta horietako bat izan zen Ostadar Inklusioa saileko kirolari Xuban Santin hernaniarra. Bere entrenatzaile Javi Camachok lagunduta debutatu zuen selekzioarekin, nazioarteko proba horretan.
Julio Gonzalez herritarrak 100 urte bete zituen
Udal ordezkarien bisita jaso zuen herritarrak, Palomo Linares elkartean; bertako bazkide izan zen urte luzez. Lore sorta eder bat jaso zuen Agustin Valdivia alkatearen eta Gizarte Zerbitzuetako buru Lourdes Acevedoren eskutik. Extremadurako La Garganta herrian jaio zen Gonzalez 1924. urtean, 24 urterekin ezkondu, eta laneko arrazoiengatik Frantziara egindako bidaia batean, Errenteriako senideak bisitatzera joan zen. Haiek eskaini zioten herri horretako lantegi batean lanean hastea. Gauzak horrela, emaztea eta seme-alabekin batera, Errenteriara etorri zen bizitzera. Bertan bizpahiru urte egin ostean, Usurbilgo lantokira lekualdatu zuten, eta hori hala izanik, Lasarte-Oriara etorri zen bizitzera.
Ostadar Ipar Martxako kideek Asturias ezagutu zuten Pazko Astean
Urtero legez, Ostadar Ipar Martxako kideek Pazko astean kirola eta kultura uztartzen duen bidaia egin zuten; aurten Asturias aldean izan zen taldea. Gijon eta Sevilla batzen dituen Platako ibilbidean barrena ibili ziren herritarrak eta bertako paisaiaz gozatu ahal izan zuten. Zehazki, Uvieu-Olloniego-Mieres, Mieres-Ujo-Carabanzo, Carisa ibilbidea eta Gumial ibilbidea egin zituzten.
Euskal Herrira ekarri zuten Alex Garcia, Gurutzetako Ospitalean artatzeko
Alex Garcia herrikidea Euskal Herriratu egin zuten azkenean, hegazkin militar medikalizatu batean. Loiuko aireportuan lur hartu ostean Gurutzetako Ospitalera eraman zuten pairatzen ari zen pankreatitisa artatzeko. Bi hilabete eman zituen Tailandiako ospitale pribatu batean ingresatuta.
EH Bildu izan zen alderdi bozkatuena Lasarte-Orian
Botoei erreparatuta, EAJk irabazi zituen Eusko Jaurlaritzarako hauteskundeak bozen %35,22 eskuratuta, nahiz eta eserleku kopuruan EH Bildurekin 27ra berdindu. Lasarte-Orian, aldiz, koalizio abertzalea izan zen bozkatuena (2.772 boto). Parte hartzea %58,72 izan zen, EAEkoa eta Gipuzkoakoa baino lau bat puntu gutxiagokoa (%62,52 eta %61,71, hurrenez hurren).
Gaztetxe baten beharraz hitz egin zuten
Saio berri bat aurrera eraman zuen Borobilean elkarteak, Lasarte-Oriak gaztetxea behar du? lelopean. Bertaratu zirenek espazioen gainean hausnartu zuten, lau eragiletako kideekin batera: Añorgako Gazte Asanblada, Orioko Etxeluze gaztetxea, Usurbilgo Elkargunea eta Donostiako Birunda gune autogestionatua.
Taula Xake Klubeko taldeek maila mantendu zuten
Blas de Lezoko lokalean jokatutako partidan Txaturanga gainditu zuen Taula Xake Klubak; Miguel M. Baroja, Juan Cruz Figueras eta Victor Alvaro kideek irabazi egin zituzten euren neurketak eta taulak egin zituenJuan Ignacio Echeverriak. Nabarmentzekoa izan zen Taula A taldeak hirugarren amaitu zuela liga. Maila horretan lehen urtea izanik, igoera jokatzea erronka handia izan zen taldearentzat, baina herriko ederki moldatu zen lehen postuengatik lehian.
Palestinan gertatzen ari denaren berri eman zuen
Palestinako egoerari buruz hitz egin zuen Samidoun Euskadi elkarteko kide Asier Herranzek, Xirimiri elkartean. Kontatu zuen iazko urriaren 7az geroztik sortu zutela elkartea, Palestinan gertatzen ari den genozidioaren sorrerari "bide politikoa emateko". Hori hala izanik, azaldu zuen Euskal Herri osoan zehar ari direla jendea kontzientziatu eta horiek gaiarekiko izan dezaketen lerratze jakin batzuekin amaitzeko. Gaineratu zuen Samidoun hitzak konstantzia esan nahi duela, arabieraz.
Bizipoza hedatu zuten herrian barrena
Bizipoza Eskolaren Zipriztindu zure ingurua leloari helduta, horixe egiteko nahia zuten Lasarte-Oriako Bizipoza Elkarteko arduradunek. Euriak lehia egin nahi izan zien arratsaldearen lehen orduan, baina herritarrak aldarrikapenek eta jai giroak blaitu zituzten. Hiru saio aurrera eraman zituzten: lehena ikastetxeetako haurrekin, bigarrena herritarrekin, eta azkena, eragileekin.
Artez, duintasunez eta sakrifizioz eratutako tradizio baten oinordekoak
Dantzaren Nazioarteko Eguna ospatu zuten Kukuka, Erketz EDT, Amaia Gonzalez Caballero akademia eta Semblante Andaluz eragileek, azken urteetan egin zuten moduan: elkarte bakoitzeko dantzari taldeek emanaldiak egin zituzten Okendo plazan. Horrekin batera, Marionela Nuñez dantzari argentinarrak idatzitako manifestua irakurri zuten.
Sinadurak bildu zituzten ibilgailu klasikoen gaineko hobariaren berrezartzea eskatzeko
Clasicos Lasarte-Oria elkarteak sinadurak bildu zituen Okendo plazan, Lasarte-Oriako Udalak halako ibilgailuei ezarritako hobaria ezabatzea erabaki zuelako. Erabakia atzera bota zezan eskatzeko atxikimendua eskatu zieten mahai ingurutik pasatu zirenei. Elkarteko kideen ustez, "erabat inkoherentea" da "automobilismo klasikoaren sorlekua izateaz harro dagoen herrian", ibilgailuen mantentzea garestia baita.
Jon Martin herritarra, 2030. urtera arte txuri-urdin
Jon Martin futbol jokalaria eta Real Sociedad taldea akordio batera iritsi ziren; bere kontratua 2029-2030 denboraldiaren amaieraraino luzatu zuten. Lasarte-Oriako atzelariak 17 urte ditu eta harrobiko bitxietako bat da.
Pablo Ucero herritarra, Halterofiliako Gipuzkoako txapeldun
Gipuzkoako Halterofilia txapelketa jokatu zuten Villabonako Olaederra kiroldegian. Lurraldeko 50 bat kirolari bildu ziren eta Danok Danena taldeko Pablo Ucero herritarrak 73 kilo azpiko mailan parte hartu zuen lehian. Abiada (97 kg.) eta Jasotze altxatze (115 kg.) probak egin ostean, 288,468 puntu eskuratuta podiumeko gorenera igo zen.
Lasarteoriatar talde batek Euskal Mendizale Federazioko urrezko domina jaso zuen
Euskal Mendizale Federazioak 40 urte baino gehiago federatuta daramatzaten gipuzkoarrak omentzeko ekitaldia egin zuen Tolosako Leidor antzokian. Urrezko oroigarria jaso zuten omenduen artean, Josu Agirretxe, Txema Contreras, Juanito Egaña, Txomin Otaegi, Alex Tetuan eta Antxon Garin herritarrak izan ziren. Lehen bostak Ostadar Kirol Taldeko Mendi saileko kide dira eta seigarrena, Hernaniko Mendiriz Mendi Elkartekoa.
Europako txapelketari agur esateko, erreleboko brontzea
Buruntzaldea IKTko Nahia Zudairek igeriketa egokituko Europako txapelketa modu paregabean amaitu zuen: hirugarren postua eskuratu zuen estilo libreko 34 puntuko 4x100 m. errelebo mistoan. Zubietako igerilariak Iñigo Llopis, Ariel Enrique Schrenck eta Sarai Gascón Espainiako selekzio kideekin estilo libreko 34 puntuko 4x100 m. errelebo mistoa lehiatu eta brontzezko domina jantzi zuen (04.11,87).
Atari zabaleko dantzaleku bilakatu zuten Okendo plaza
Musika elektronikoaren gune bilakatu zen zabalgunea dozenaka herritarrentzat. Ekimenak aurrera egin ahala gero eta gehiago izan ziren musikak erakarritakoak. Jarduera Dantz kultur marka eta proiektu laborategiak Lasarte-Oriako Udalarekin elkarlanean antolatu zuen ondare artistikoa eta historiako musika elektronikoarekin uztartzea xede duen egitasmoa erdigunera bueltatu da, topaleku ohikoenera, Okendo plazara.
Gauerdira bitartean house, deep, techno house eta beste estilo batzuetako musikaz gozatu eta haien erritmora dantzatzeko parada izan zuten bertaratutakoek. Nahasketa mahaian sei artista aritu ziren Rubio B2B Paolo Solo, Furonia B2B Lila, Kapitaina eta Jonfer, eta haien aurrean gero eta jende gehiago biltzen joan zen saioak aurrera egin zuen heinean.
Liburu bat idaztearen bidaiaz
Dei galdu bat eleberria argitaratu zuen Idoia Garzes Aldazabal idazle lasarteoriatarrak. 16 urteko bi neraberen istorioak kontatzen ditu, Aminata senegaldarrarena eta Itsaso euskaldunarena. Idazkiaren nondik norakoak azaldu zituen kultur etxeko hitzaldi aretoan; Udal Liburutegiak antolatu zuen ekitaldia eta Goiatz Labandibar Arbelaitzek gidatu zuen saioa. 50 bat herritar bertaratu ziren eta batek baino gehiagok liburua eraman zuen etxera, herritarraren bidaia literario horretan murgiltzeko asmoz.
BTT festa handia izan zen Lasarte-Orian
Eguraldia lagun, goiz pasa ederra egin zuten BTT zaletuek Lasarte-Orian. BTT Rural Kutxa Lasarte-Oria probak Askatasuna parkearen inguruak txirrindulariz bete zituen goiz osoan zehar. Lehen orduan ilara egon zen Antonio Mercero gunean dortsala eta maillota jasotzeko eta ordua iritsi ahala taldean, bikoteka edo familian irteera puntura gerturatu ziren 350 bat parte hartzaileak e-bike (txirringa elektrikoa) edo bizikleta gainean.
Mary-ren bizitzaren lekukotza
Tanttaka Teatroak Esnearen kolorekoa antzezlana ekarri zuen eta herritar ugari bertaratu zen Aitziber Garmendia, Joseba Apaolaza, Miren Arrieta, Mireia Gabilondo, Jon Olivares eta Jose Ramon Soroizen lanaz gozatzera.
Osasungintza publikoaren alde
Osasun publikoak, oro har, eta herriko osasun zentroak bizi duen egoeragatik kezkatuta, Lasarte-Oria Osasun Publikoaren Alde (LOOPA) plataforma eratu berriko kideek manifestatzera deitu zituzten herritarrak; ederki erantzun zuten eta udalerriko kaleak bete zituzten.
Lasarte-Oria eta Susegana batu zituen musikak
Elkartruke egitasmo bat aurrera eraman zuten gure herriko Alboka eta Italiako Susegana udalerriko San Salvatore abesbatzak, eta, italiarrak etorri ziren gugana egun batzuk pasa eta kontzertu pare bat ematera. Ongietorri beroa jaso zuten bisitariek udaletxeko pleno aretoan. San Salvatoreko zuzendari Laura Battistella-k eskerrak eman zizkien Albokari eta udalari, jasotako ongietorriagatik eta gogoratu zuen herriko abesbatza 1995ean izan zela lehenengoz bertan.