Oinarrizko osagaiekin errezeta erraz bezain goxoak kozinatzen dituen sukaldaria
Sasoiko produktuak, maitasunez sutan kozinatuta errezeta erraz eta goxoak presta daitezkeela erakusten ari da Ane Galardi Fernandez de Agirre (Lasarte-Oria, 1997) sukaldaria. Ez erakutsi bakarrik; jendea horiek egitera animatu dadin nahi du, eta horretarako, bitxi_sua Instagram kontua darama. Proiektu horretaz, eta beste hainbat kontuz mintzatu zen TXINTXARRI aldizkariarekin.
Aurpegiak marraztea maite duen artista
Zimurtasuna duen papera, ikatz ziria eta koloretako arkatzak hartuta, aurpegiak marraztea maite du Nere Tejeria Iriarte (Lasarte-Oria, 1978) herritarrak. Horrela sortu zituen Jalgi kafe antzokian erakusgai jarri zituen 11 artelanak. Horiei, ordea, normalean bere marrazkiei egiten ez dizkien eraldaketa batzuk egin zizkien erakusgai jartzeko, eta lan horietara ohituta ez dagoen arren, egindakoak merezi izan zuela iritzita, oso pozik agertu zen egilea. Inproaurpegiak erakusketaz hitz egin zion TXINTXARRI aldizkariari.
Mendian orientatzen irakatsi zien Joxepo Artolak
Lasarte-Oria Trail taldeak antolatuta, istripua izan edo galduz gero mendian nola bideratu irakatsi zien DYAko kide Joxe Luis Artolak. Antonio Mercero gunean batu ziren hamabost bat lagunei IGN aplikazioaren berri eman zien. Alde teorikoa gainbegiratuta, praktikoari eman zion garrantzi handiagoa.
Fikzioa eta errealitatea, euskaldunei buruz hitz egiteko
Korrika Kulturalaren barruan antolatutako jarduera zerrendako lehena aurrera eraman zuten. Okendo Zinema Taldeak antolatuta, Bizkarsoro filma ikusteko aukera izan zuten kutur etxera bertaratutakoek, baita proiekzioaren ondoren Josu Martinez zuzendariarekin egindako solasaldian parte hartzekoa ere. Emanaldiaren aurretik bere lehen fikziozko lanari buruzko txantxazko spoiler bat besterik ez zien egin bilbotarrak: "Amaieran protagonista ez dago hilda".
Ekimen berezia izan zuten Buruntzaldea IKTko igerilariek
Martxoko lehen asteburuan atseden bazuten ere, Buruntzaldea IKTko kideek Hazparneko Igerikatze eta Hernani KE igeriketa taldeekin batera antolatutako topaketan parte hartu zuten, Hernaniko Udal Kiroldegian.
Belaunaldi artekoen solasaldia izan zen bosgarren borobila
Emakumearen Nazioarteko Egunaren atarian, hitzaldia aurrera eraman zuten Borobilean Elkarteak eta Asunak talde feministak. Bi belaunalditako sei emakume elkartu eta gai askori buruz hitz egin zuten: sexualitatea, soldatapeko lana, zaintza, feminismoa eta beste hainbat gai. Oriarte Landaberrin egin zuten saioa eta, ordura artekoak bezala, arrakastatsua izan zen, herritarrez bete baitzen aretoa.
Mikel Izagirrek, brontzea Añorgako duatloian
Añorgako III. Duatloian Euskadiko esprint txapelketa izan zen jokoan. Lasarte-Oriako zortzi herritar izan ziren lehian eta Trinko taldeko Mikel Izagirre beterano 2 mailako podiumera igo zen; brontzezko domina jantzi zuen.
Auto bat trabatuta geratu zen Adarra kaleko eskaileretan
Adarra kaleko eskaileretan, oinez igo eta jaistekoetan, auto bat geratu zen trabatuta. Gertaera gertutik ikusi duten bizilagunetako batek TXINTXARRI-ri kontatu zionez, gidaria nahastu egin zen, uste baitzuen ibilgailu batekin jaisteko moduko aldapa bat zegoela hor. Udaltzainak azkar bertaratu ziren ezbeharraren tokira eta minutu gutxi batzuk behar izan zituzten autoa bertatik erretiratzeko, grua bat erabilita.
Lasarte-Oriako partaidetzaren egoeraz hausnartu zuten
Berrikuntza Politikoa Esploratzen: Lasarte-Orian parte hartzearen kultura biziberritzeko ikaskuntzak ikerketa proiektuaren baitan, Oreki fundazioak antolatutako mahai inguru zikloaren lehen saioa aurrera eraman zuten Ganbo Iturri elkartearen egoitzan. Saio horretan auzogintzaren ikuspegitik Lasarte-Orian parte hartzeak bizi duen egoera hizpide izan zuten Ramon Ormazabal, Estitxu Alkorta eta Anne Ugarteburu herritarrek.
Euskalduntzeko egindako bideetaz
Harro herri leloa izan zuen lasterketa bat, 23. Korrika, gure herrira iristeko bezperetan, euskalduntzeko egindako bideaz harro dauden herritar batzuek euren bizipenak kontatu zituzten Ttakunenea elkartean, Korrika Kulturalaren programaren barruan. Horren aurretik, hizkuntzari eta hiztunei buruzko ikerketa baten berri eman zuen Bea Egizabal umoristak, nola ez, umoretik.
LOKEko amateur gimnastak Gipuzkoako txapelketan lehiatzeko sailkatu ziren
Lasarte-Oria Kirol Elkarteko (LOKE) gimnastek hitzordu bikoitza izan zuten Lehen postuetan izan ziren eta jardunaldi erabakigarrian Gipuzkoako txapelketarako sailkapena eskuratu zuten, bai bakarka bai taldeka.
Eneko Mendizabal ergometroko Espainiako txapelketan lehiatu zen
Espainiako arraun ergometro txapelketa jokatu zuten Sant Jaume D'Envejan (Tarragonan). Proba guztien artean, arraun egokituko lehiaketa ere izan zen eta Hernaniko Arraun Elkarteko kide den Eneko Mendizabal herritarrak parte hartu zuen Leire Troitiño taldekidearekin batera.
Aitor Manso eta Pablo Muga, Aiatik Andatzara igoeran saridunak
Mendi igoeren denboraldialdi hasiera eman zion Aiatik Andatzara igoera probak. 51 gidari bildu ziren Aiako irteera puntuan. Probako garailea Joseba Iraola izan zen arren, 9 .maila maila zein 2.0 kopan lehenengo izan ziren Aitor Manso eta Pablo Muga, hurrenez hurren.
Jon Pello Artetxe eta Peru Urdanpilleta, Udaberriko Sariko txapeldun
Intza Kirol elkarteko Nagusien 2. mailako bikoteak Udaberri sariko finala jokatu zuen Antzuolan. Jon Pello Artetxe eta Peru Urdanpilleta herritarrek Legazpiko Ion Agirre eta Aimar Telleria izan zituzten aurrez aurre. Lasarteoriatarrek 22-15 irabazi eta sari nagusia eraman zuten.
Ipuineko eta sare sozialetako loti ederrak, elkarrekin
Glu Glu taldeak Loti ederrak antzezlanaren emanaldia egin zuen kultur etxean. Familiei begirako obra ipuin klasikoaren egokitzapena da, baina buelta bat emanda, egun nerabeek duten sare sozialekiko menpekotasunaz hausnartzeko eta edertasun estereotipoak hausteko.
Dozenaka haurrek parte hartu zuten hockey erakustaldian
Gipuzkoako Hockey Federazioak, Gipuzkoako Foru Aldundiak eta Lasarte-Oriako Udalak antolatuta, kirol hori lasarteoriatarrei ezagutarazteko zenbait ekimen aurrera eraman zituzten. Hipodromo ondoko zelaitik Okendo plazara lekualdatu zituzten jarduerak eta gaztetxoentzako erakustaldi bat aurrera eraman zuten.
'Gelatik plazara' sariketan parte hartu zuten Earra! bertso eskolako zenbait kidek
Gipuzkoako Bertsozale Elkartearen ekimenak geldialdia egin zuen Lasarte-Orian, Buruntzaldea eskualdeko kanporaketa aurrera eramateko. Gaztelekuan aritu ziren hainbat bertsolari gaztetxok, Earra! eskolako zenbait kide horien artean zirela.
Osasun zerbitzu publiko eta kalitatezkoaren aldeko sinadura bilketa egin zuten
LOOPA herri plataformak sinadurak bildu zituen osasun zerbitzu publiko eta kalitatezko baten alde. Okendo plazako iskin batean jarri zuten mahaia eta peto horidun lagunek informazio orriak banatu zizkieten ingurutik pasatu zaizkienei. Xedea zein zen ikusita, babestu egin zuten aldarrikapena askok. Lehen aldia izateko, eragile horretako kideak oso pozik geratu ziren herritarren erantzunarekin.
Doinu zelta eta irlandarrekin girotu zuen Jalgi Duo Didyma bikoteak
Kondaira irlandarretatik hasi eta folk ukituko pieza garaikideetara doan errepertorioarekin girotu zuen Jalgi Kafe Antzokia Duo Didyma bikoteak. Oihane Jimeno biolin jotzailea eta Cecilia Ferraz biolontxelo jotzailea batu zituen folk-zelta musikarekiko grinak eta halakoak dira beren emanaldien oinarri. Ordubetez aritu ziren tabernan zeudentzat jotzen, San Patricio eguna bezperatik ospatzen hasteko aukera emanez.
Hitzezko kantu bat maitasunari
Sahararekin Elkartasuna Lasarte-Oria eragileak Ali Salem Iselmu idazle sahararra gonbidatu zuen Manuel Lekuona Kultur Etxera, Amor en la villa del Mar Blanco izeneko bere lehen eleberria aurkeztera. Kristina Berasain Tristan kazetariak moderatu zuen jarduera: egilea aurkeztu zuen eta zenbait galdera egin zizkion, bertaratu ziren ikus-entzuleei hitza eman aurretik.
Antzerkiaren Nazioarteko Eguna ospatu zuen Kukukak
Okendo plazan erakustaldi bat aurrera eraman zuten Kukuka Antzerki eta Dantza Eskolako ikasleek, Antzerkiaren Nazioarteko Egunaren harira. Aulkiak beteta eta hesien atzealdean jarrita, herritar ugari bertaratu zen antzezle gazteek prestatutakoa ikustera. Taldeka atera ziren erdigunera eta esketx bat aurrera eraman zuten Lehenek aulki bati beldurra ziotela irudikatu zuten, haietako bat ausartu, eta ukitu zuen arte. Arriskurik ez zela ikusita, soka saltoan aritu ziren, pozik. Ondoren, orrialde batzuk atera, eta mikro aurrean jarri ziren, Jon Fosse dramaturgo norvegiarrak idatzitako manifestua irakurtzeko.
Ostadar Inklusioa saileko kideak, bikain Euskadiko eslalom txapelketan
Michelin kirol guneko areto futbol kantxa eslalom zirkuitu bilakatu zen. Gurpil aulkiko Euskadiko txapelketa jokatu zuten eta Ostadar Inklusioa saileko kideak lehen postuetan izan ziren. Urduritasunak alde batera utzi eta parte hartzaileek banakako kanporaketa lehia zein erlojupeko proba egin zituzten, baita taldekako kanporaketa ere. Zirkuitu ezberdinei egin behar izan zieten aurre eta gurpil aulkiarekin duten trebetasuna erakutsi zuten guztiek.
Mutiloako meategien bidea ezagutzen
Ostadar Ipar Martxako kideak Mutiloa inguruan ibili ziren martxoko irteeran. Ormaiztegitik atera eta behin Mutiloara iritsita, meategien ibilbideko Troi bidea hartu zuten. Inguruaz gozatzeaz gain, meategien historia ere ezagutu zuten. Ostean, berriro Ormaiztegira itzuli ziren etxerako bidea egiteko, egunpasa ederra eginda.
Hodei Murgiondo herritarra, bigarren Tapia Goanna Pro proban
Hodei Murgiondo herriarrak ederki hasi zuen Fesurfing Kids zirkuitu nazionaleko lehia. Asturiaseko Tapia de Casariegon jokatu zuten Tapia Goanna Pro probak hasiera eman zion 2024ko denboraldiari. Lasarteoriatarra 14 urtez azpiko mailan lehiatu eta podiumeko bigarren mailara igo zen.
Beltzak Errugbi taldeko harrobia ederki jardun zen
Beltzak RTko harrobiko taldeek jardunaldia izan zuten maila ezberdinetan. Denetariko emaitzak izan ziren eta 18 urtez azpiko zein 14 urtez azpiko taldeek garaipena eskuratu eta euren txapelketetan aurrera egitea lortu zuten. Horiez gain, Beltzen eskolako txikiek topaketa izan zuten Mutrikun. Zarautz RTko gaztetxoekin batera La Unica, Eibar Mutriku RT eta La Rioja taldeen aurka lehiatu ziren 10 eta 12 urtez azpiko jokalariak.
Udalerriko toponimiaren garrantzia ikusarazteko egitasmoa
Lasarte-Oriako Udaleko Euskara Zerbitzuak eta TXINTXARRI aldizkariak lankidetza egitasmo bat jarri zuten martxan, gure herriko toki izenen garrantzia ikusarazteko: udalerriko zenbait tokiri buruzko artikulu bereziak, galdera eta argazki lehiaketak... Horrek guztiak ardatz izan zuen udalak berak eta Ikermap enpresak ondutako webgunea: https://toponimia.lasarte-oria.eus/.
"Gure bizitzekin, negoziorik ez!"
Urtero lez, Emakumearen Nazioarteko Egunean eta ondorengoetan makina bat ekimen aurrera eraman zituzten udalerrian, Asunak talde feministak antolatutakoak batzuk eta Lasarte-Oriako Udalak beste batzuk. Martxoaren 8ko manifestazioa izan zen jendetsuena.
Herri baten harrotasun erakustaldia
Euskaraz eta emozioz blaitu zuen udalerria 23. Korrika lasterketak, Harro herri lelopean Euskal Herri osoa alderdik alde zeharkatu zuenak. Martxoaren 19an iritsi zen Lasarte-Oriara, gaueko hamarrak aldera, eta arineketan egiteko ordu aproposena ez izanagatik, jendetza atera zen kalera euskararen alde egitera. Aurreko egunetan zenbait girotze jarduera aurrera eraman zituen Muntteri-AEK euskaltegiak, esate baterako, ikastetxeetako haurren Korrika Txikia edota zenbait hitzaldi.