2024ari errepasoa: otsaila

Txintxarri Aldizkaria 2024ko abe. 27a, 09:15

Ramon Ormazabal eta Koro Ortega, dantzarien artetik igarotzen.

Aurtengo azken zenbakia argitaratu dugu gaur, urtekaria, amaitzear den 2024ak eman duenaren errepasoa. Hementxe otsaileko albisteen hautaketa. 

Interneten eta sare sozialen dimentsioak aztertu zituzten

MuseumLAB izeneko hezkuntza proiektua garatu zuen Oriarte BHI institutuko 4. mailako ikasle talde batek, Jaime de los Rios artista sortzailearekin batera. Laser gailuekin sortutako hiru dimentsiotako argi eskulturen bidez, Interneten eta sare sozialen dimentsioak eta irismena irudikatu zituzten. Añorgan dagoen Museum Cemento Rezola aretoan jarri zuten ikusgai erakusketa eta institutura eraman zuten gero.

Himalaiaren edertasunaz eta gogortasunaz

Lasarte-Oria Trailek antolatuta, Alex Txikon alpinistak hitzaldia eman zuen kultur etxean. Jakin-mina piztu zuen ekimenak eta hitzaldi aretoa ia bete egin zuten herritarrek. Manaslu eta Annapurnara egindako espedizioei buruz hitz egin zuen bizkaitarrak, zenbait argazki eta bideo laburrek lagunduta, eta epika albo batera utzita, zintzo mintzatu zen bizitakoaz.

Texas Lasartearrak euskaraz entrenatzeko proiektu pilotoa jarri zuen martxan

Texas Lasartearra CF eta Lasarte Oriako Udalak akordioa sinatu zuten; proiektuaren helburua da lau urteko epean kirol elkarteko 16 urtez azpiko talde guztiak euskaraz entrenatu dezaten. Udalak elkartea lagundu du hizkuntza diagnosi bat egiten eta hurrengo hilabeteetan lau entrenatzailek –Markel De Los Mozos, Nora Navarro, Iker Sarasola eta futbol eskolako koordinatzailea ere baden Ander Acuñak– hizkuntza-entrenamenduko saioak jasoko dituzte euren taldeak euskaraz entrenatzeko abileziak beregatu ditzaten. Saio horiek Kirolean Aholkulab aholkularitzako kideek emango dituzte.

Lasarte-Oria udalerri bilakatu zenetik, 38 urte

1986ko otsailaren 15ean sortutako batzorde kudeatzaileko kideek gidatu zituzten Lasarte-Oria udalerri independente gisa eratzeko pausoak. Ama Brigitarren komentuan egin zuten aurreneko batzarra, Ana Urchueguia sozialista lehendakari izendatuta. Ekitaldi horretan gauzatu zuten bizilagunen ametsa, herri independente batean bizitzearena. Urtemuga gogoratzeko, Lasarte-Oriako Udalak gure herriaren bandera jarri zuen udaletxe zaharreko balkoian.

Ainara Elicechea Beitiak zinegotzi kargua hartu zuen

Hamazazpi kidek osatzen dute udal korporazioa eta horietako batek otsailean hartu zuen kargua, EAJ alderdiko Ainara Elicechea Beitiak. Anne Ugarteburu Cialceta ordezkatu zuen. Txalo zaparrada batekin egin zioten harrera korporazioko kide berriari gainerako zinegotziek. Kargua zin egin ondoren, lepokoa jarri eta alderdikideen alboan eseri zen Elicechea.

Korapiloak askatzen saiatzea aukeratu zuten

Borobilean Elkarteak eta Hiruki Larroxa kolektiboak elkarrekin aurrera eraman zuten Gizonak parekidetasunaren bidean: aukerak eta korapiloak hitzaldi-tailerra. Dozenaka gizon bertaratu ziren Oriarte Landaberri institutura eta ariketa praktiko batzuk egin zituzten lantzeko gaia testuinguruan jarri bitartean. Harremanetan jarraitzeko datuak bildu eta etorkizunean saio gehiago egitekotan geratu ziren.

Hiru Aldeta tabernako patata tortilla, Gipuzkoako onenen artean

Herrian famatua da Hiru Aldeta tabernako patata tortilla, Edu Etxeberria jabeak prestatzen duena. Eguneroko bezeroak bakarrik ez, Gipuzkoako txapelketako epaimahaikideak ere liluratu zituen jaki horrek, hamabi finalistetako bat izendatu baitzuten. Donostiako Cebanc eraikinean jokatu zuten saio erabakigarri hori, hilabete amaieran.

Aitor Mansok 2023ko mendi lasterketen txapelketako garaikurra jaso zuen

Euskadiko Automobilismo Federazioak iaz antolatutako txapelketen sari banaketa egin zuen Mungian, Bizkaian. Hainbat izan ziren garaikurra jasotzera igo ziren gidari edo omenduak eta horien artean izan zen Aitor Manso herritarra. Mendi igoeretako modalitatean jaso zituen Mansok sariak. Lasarteoriatarrak sailkapen orokorrean, eserleku bakarreko zein 9. mailako sailkapenetan lehen postuan amaitu zuen lehia.

Sexu heziketa, etxeko elkarrizketa edo eskolako programa bat baino gehiago

Pornografia gaur egungo sexu heziketa ote? hitzaldia aurrera eraman zuen Eider Goiburu psikologo eta hezitzaileak kultur etxeko hitzaldi aretoan, Treba Gurasoak egitasmoaren barruan. Bere burua eta Gipuzkoako Foru Aldundiko Gazteria Zuzendaritzak sustatzen duen proiektu hori aurkeztuta gaiari heldu zion Goiburuk, "beti" egin ohi duen moduan, galdera bat botata parean zituenei: "Zer da sexualitatea?". Hasierako lotsa kenduta, gurasoak hasi ziren apurka-apurka iritziak ematen eta adituak proposatutako dinamikan sartzen. Definizio orokorra, hizlariaren arabera, hauxe da: "Izaera sexuala bizitzeko modua". Kontzeptu horrek hiru printzipio orokor dituela azaldu zuen segidan: gizaki guztiak garela sexuatuak baina denen sexualitatea ez dagoela errekonozituta gizartean; bizitza osoan zehar dugun ezaugarri bat dela; eta sexualitate anitzak ditugula guztiok.

Apartamentuak eraikitzeko akordioa, gazteen emantzipazioa ahalbidetzeko

Eusko Jaurlaritzako Etxebizitza, Lurzoru eta Arkitektura departamentuak eta Lasarte-Oriako Udalak adostu zuten egun Maialen Chourraut kiroldegia dagoen lur eremuan eraikitzea etxebizitzak; kiroldegi berria martxan jarri eta behin zaharra erabilgaitz geratu eta gero abiatuko dituzte obrak. Eusko Jaurlaritzaren Etxebizitza sailak 11.000.000 euro baino gehiago bideratuko ditu apartamentu horiek eraikitzera.

Gazteen emantzipazioaren arazoa jorratzeko komitea sortu zuen Lasarte-Oriako GKSk

Etxebizitza askorentzat arazoa bada, gazteei bereziki nola eragiten dien aztertzeko bilera egin zuen Gaztelekuan Lasarte-Oriako Gazte Koordinadora Sozialistak (GKS). Herriko gazteen egoeran sakondu eta errealitate hori gertutik landu nahi du taldeak. Egoerari buruzko zenbait datu eman zituen kideetako batek, arazoa testuinguruan kokatzeko. 2023ko datuen arabera, EAEn 16-29 urte bitartekoen emantzipazio tasa %15 da eta batezbesteko emantzipazio adina 30 urte, Europako beste herrialdeekin alderatuta "oso altua". Horren azalpenetako bat da batez besteko soldata 1.005 euro izanda, alokairuarena 944 euro dela. Hau da, ordainsariaren %93,9. Gainerako gastuak gehituta, "soldata osoa baino gehiago behar da bizitza duin bat izateko". 

Allerruko lotuneko lanak bukatu zituzten

2022ko azaroan eraikitzen hasitako azpiegitura berriak "bereziki trinkoa" den trafikoa berrantolatuko duela nabarmendu zuten Gipuzkoako Foru Aldundiko ordezkariek. Azpiegituraren ezaugarri nabarmenena corten altzairuarekin egindako bi zubi berriak dira. "Atmosferaren korrosioak ez die eragingo eta zubi zaharrak zituen galibo arazoak saihestuko ditu. N-1 errepidearen lotune berri horren "garrantzi kualitatibo eta kuantitatiboa" azpimarratu zituen Eider Mendoza ahaldun nagusiak. "Probintzia mailan logistikaren gune neuralgiko bat da, Lasarte-Oriako industrialde, Zubietako ingurumen zentro edota Eskusaitzeko industria parkera sartzeko bidea emango duena".

"Egia, aitortza, justizia eta erreparazioa" eskatu zituen EH Bilduk

Aitortza ekitaldia egin zuen Lasarte-Oriako EH Bilduk, duela 21 urte auto istripuz hil ziren Argi Iturralde eta Iñaki Balerdi herritarrak oroitzeko. Euren senide Juankar Balerdi bisitatzera zihoazen Almeriako espetxera ezbehar hori gertatu zenean. Espainiar Estatuaren "mendekua" izan den dispertsio politikaren eraginez gertatu zela adierazi zuten, eta baita euskal presoen beste hamalau ahaide eta lagunen heriotzak ere.

Edukiontzi erre batek bost auto kiskali zituen Sasoeta ibilbidean

Sute ikusgarri bat gertatu zen Sasoeta ibilbidean. Edukiontzi erre batek ondoan zituen bost auto kiskali zituen. Bizilagun pare batek azaldu zutenez, sua "berehala" zabaldu zen haizeagatik eta suhiltzaileak iritsi zirenerako ez zegoen ezer egiterik.

Ostadarreko gurasoek kirola eta ongizate emozionala landu zituzten

Ostadar SKTko gurasoek Gurasotasun positiboa eta ongizate emozionala kirolean izeneko formakuntza jaso zuten Antonio Mercero gunean, hiru astez. Alex Remiro Realeko lehen taldeko atezainak eta Futbol Mas Fundazioak sortutako proiektua da eta helburua futboleko prestakuntza garaian kirolari eta euren senideen ongizate emozionala lantzen laguntzea da.

Lasarte-Oria, gaitzez salbu aurten ere

Negu arraroa izan bazen ere, erdia egin zuen urtaroak eta loraldia gero eta gertuago zegoen. Natura lozorrotik esnatzeko garaia gertu zegoenez, aurretik uztak eta abereak zaindu beharra dago. Horretara etorri ziren txantxo bihurriak Lasarte-Oriara, ituna berrestera, eta herriak ateak zabaldu zizkien urtero bezala. Hori baino gehiago ere egin zuten, noski: dantzaz eta kolorez bete zuten erdigunea.

Irudimenaren lur aberatsa esploratzen

Gure lurretan maiz entzuten den baieztapena gogoan izanda, oihana berdea izan dadin, euria beharrezkoa da. Emankorra, basatia, askotarikoa eta, nahitaez, hezea izan zen aurtengo inauterietako gaia. Jantzia aukeratzean kontuan hartu beharrekoa. Lasarteoriatarrek erakutsi zuten, gainera, koloretsua, erpin eta heldubide ugarikoa, ere badela; gaiari irudimena gehituta, emaitza eskarmentu luzeko esploratzaile abilena txunditzeko modukoa izan baitaiteke. Adibidez, Felix Rodriguez de la Fuente. Berak aurkeztutako Gizakia eta Lurra saioaren doinua entzungo zuten kalean ibili zirenek, eta zenbaitetan, ikusitakoa pantailan agertzen zenaren parekoa izan zen.

Ospakizun asteburua girotu zuten herriko ikastetxeen ospakizunek eta Antonio Mercero aretora bertaratu ziren gazteek. Amaitzeko, ohitura bilakatu denez, sardina erre zuten Okendo plazan.

"Teo Xirimirin ondo ibili da"

Teo ederki ibili zen Xirimirin, eta bertso bazkari literarioan izan zirenak ere, Irakurle Txokoaren urteroko hitzorduan gai jartzaile lanetan debuta egin zuen Aintzane Usandizagak. Taldearen dinamizatzaile lekukoa eman zion Uxue Alberdirekin batera, ohiko bikotea aritu zen errimak asmatzen: Ane Labaka eta Maialen Lujanbio. Pasartez eta bertsoz jositako ia bi orduko saioan, barrea izan zen hirugarren harimuturra. Nola ez zuen ondo pasatuko, bada, ipuinetako ilegorriak?

Sahararren historiaz eta istorioez

Kristina Berasain Tristan kazetariak Sahara, herri bat erresistentzian liburua aurkeztu zuen Jalgi kafe antzokian. Hogei urtetako lana bildu du berriemaile nafarrak lan horretan, euskaraz. Hitzak eta diapositiba bidezko irudiak uztartuta, hainbat pasarte partekatu zituen saiora bertaratu ziren herritarrekin.

Aurreiritziak eta estereotipoak, kolokan

Ados Teatroak Lagun beltz asko antzezlanaren emanaldia egin zuen kultur etxean. Desberdintasuna buruzko komedia beltz honek herritar ugariren jakin-mina piztu zuen. Xabi Luisen tabernara joango da, bere bikotekide Martarengandik 300 metrora egotea debekatua badu ere. Luisek hitzordu bat du eta lagunari joateko esango dio, nahiz eta honek ez dion jaramonik egingo. Halako batean, gizon batek laguntza eskatuko die kaletik. Tabernariak ez du nahi, baina Xabik atea irekiko dio. Ahal bezala azalduko die Bashir duela izena, afganiarra dela, maleta lapurtu diotela eta bertan zuela diru zorroa.

Herrian barrena, santa eskean

Ugari izan ziren Santa Ageda bezperan makilak hartu, kalera irten eta oles egitera animatu zirenak: Zabaletako auzotarrak, Erketz Euskal Dantza Taldea eta Xumela korua, hain zuzen ere. Azken horiek Brigitarren komentuan izan ziren.

Ormazabal, denda bat baino (askoz) gehiago

Mendebete ezin da hitz gutxitan laburtu. Ez oparoa eta gogoangarria izan bada, bederen. Eta marka nahikoa pisuduna eta txalogarria ere bada egun bakarrean ospatzeko. Horrexegatik, hurrengo hilabeteetan ekimen gehiago aurrera eraman zituzten Ormazabal loradendakoek. Edonola ere, larunbat hori jarduera bete izan zuten; soberan inoiz ez dauden estimuz, esker onez eta aitortzaz blaitu zituzten Ramon Ormazabal eta Koro Ortega jabeak.