Makulu Ken taldearen agurra
Euskal afrobeat musika estiloa 2007tik jorratu izan duen Makulu Ken talde lasarteoriatarrak Jalgi kafe antzokian eman zuen ibilbidea ixteko kontzertua, "dena hasi zen tokian". Gonbidatu berezi ugari aritu ziren beraiekin oholtzan, izan ere, "etxean etxekoentzako despedida" izan zen aipatu emanaldi hori, 18 urteko musika egitasmo bati amaiera emateko modua. Ondoren, Flor de Otoño DJarekin jarraitu zuten festa. "Kontratazio falta" izan zen proiektua amaitzearen arrazoi nagusia.
Begiristain anaiak, 2. mailako Gipuzkoako txapeldun
Maila eta pilota modalitate ezberdinetako Gipuzkoako txapelketak jokatu zituzten urte hasieran. 2. mailako Pala motzeko finalean Lasarte-Oriako ordezkariak izan ziren, Jon eta Mikel Begiristain anaiak. Altzako pilotalekuan lehiatu zen eta EPLE 2ren aurka (Aitor Estefano eta Abel Pichel) jokatu. Lasarteoriatarrak izan ziren nagusi, 33-40. 1. mailara igotzea ere lortu zuten.
Duela 100 urte ereindakotik loratutakoa ospatzen hasi ziren
100 urte zuekin leloa aukeratu zuen Ormazabal loradendak bere ehungarren urteurrena ospatzeko. Hala, urte luze hauetan euren ondoan izan zituzten herritar eta bezeroei eskerrak emateko ere baliatu zuten hori. Otsailean aurrera eraman zuten ekitaldi nagusia eta gainerako ospakizun ekimenak iragartzeko baliatu zuten agerraldia.
Lasarte-Oriako atletak Euskadiko txapelketako podiumera igo ziren
Atleta lasarteoriatar ugarik jokatu zituzten Euskadiko txapelketak, bai Donostian, bai Gasteizen; lau domina kolkoratu zituzten guztira. Jauzi probetan jantzi zituzten herriko kirol taldeko kideek hiru domina; urrezko bi eta brontzezko bat. Naroa Furundarenak luzera jauzi (5,84 m.) zein jauzi hirukoitzeko (12,56 m.) lehen postua eskuratu zuen nagusitasunez; luzera jauziaren kasuan, denboraldiko bere marka onena izan zen. Oinatz Almagro, aldiz, hirugarren postuan (13,30 m.) sailkatu zen jauzi hirukoitza proban. Bere marka 60 zentimetro ondu eta 18 urtez azpiko Espainiako txapelketako gutxienekotik oso gertu geratu zen gaztea.
Rafa Diez herritarra ez dute berriro epaituko 'Bateragune auziagatik'
Espainiako Auzitegi Konstituzionalak amaitutzat eman zuen Bateragune auzia eta erabaki zuen ez dituela berriro Madrilera eramango 2011n epaitutako bederatzi pertsonak, Rafa Diez lasarteoriatarra horien artean. Epaimahaiko 11 magistratuetatik zazpik egin zuten afera hori ixtearen alde.
Nerabezaroa, gaztetxoekin lanketa emozionala egiteko "garai aproposa"
Haur eta nerabeen emozioen bidelagun: nola zaindu seme-alaben emozioak hitzaldia eman zuen Donna Apellaniz Nieto terapeuta emozional sistemikoak, gaztelaniaz. Lepo bete zuten Antonio Mercero aretoa gurasoek, gaiak herritarren artean jakin-mina piztu zuela erakutsita.
Hausnarketa interesgarri ugari partekatu zituen adituak, esate baterako, hau: “Haurren eta nerabeen guraso guztiek, uneren batean, orientazioa behar dute hezkuntza prozesuan beren funtzioak "behar bezala" garatzeko. Hala ere, laguntza edo babes horren helburuak ez du erreparatzaile edo terapeutiko hutsa izan behar; aitzitik, prebentziozkoa izan behar du, eta familiako kide guztien garapena sustatu behar du”.
Zinegotzi karguari uko egin zion Anne Ugarteburu Cialcetak
EAJko zinegotziaren kargu uztearen berri eman zuen udalbatzak, hilabete horretako ohiko saioan. Ugarteburuk berak hitza hartu zuen, eta oposizioko alderdi guztientzat esker hitzak izan zituen; horiek berarekin izandako "eskuzabaltasuna" jarri zuen balioan. Kultur etxeko lankideak ere gogoan izan zituen, horiengandik ere "asko ikasi" zuela nabarmenduta. Hitzartzea amaitu aurretik, herritarrei ere zuzendu zizkien hitz batzuk: "Hein batean barkamena eskatu nahi diet, nigan konfiantza jarriz, EAJri bozka eman zieten herritarrei; agian, orain, dezepzioa senti dezakete nire dimisioarekin, baina esan nahi nieke hor izango nautela, beraientzako". Amaitzeko, eskatu zuen indarrean dagoen legealdia "errespetuan eta elkarrekiko laguntzan" oinarritu dadila.
Eider Redondo, Euskadiko txapeldun
Herriko atleta gaztea podiumeko koska gorenera igo zen Euskadiko Proba Konbinatuen Lehiaketan. Ostadar SKTko atletak lehiaketa egonkorra egin zuen eta lehen postuetan izan zen jokatu zituen bost probetan: 60 metro hesi lasterketan bigarren (9,87 segundo) sailkatu zen Redondo eta altuera jauzian (1,39 metro) zein pisu jaurtiketan (8,57 m.) hirugarren amaitu zuen. Luzera jauzian ere bigarren (5,10 m.) postua eskuratu zuen eta 600 metroko lasterketako garaipenak eman zion txapela herritar gazteari.
LOKEko judokek dominak jantzi zituzten Tortosan
Infantil mailako Espainiako kopan lehiatu zuten Maria Escribanok eta Anne Linazasorok. Tortosan (Tarragona, Katalunia) lehiatu ziren erkidego ezberdinetako aurkarien aurka eta launa borroka egin ostean, biek domina jantzi zuten. Escribano 57 kilo azpiko promozio mailako bigarren sailkatu zen; Linazasorok, aldiz, 63 kilo baino gehiagoko mailan hirugarren postua eskuratu zuen.
Urtarrileko borobila, Osakidetzari buruzkoa
Borobilean Elkarteak aurrera eramandako Osakidetza kinka larrian? mahai inguruaren izenburuari azken batean kendu zioten galdera ikurra lau gonbidatuek, bakoitzak bere alor eta ikuspuntutik argi adierazi baitzuten ataka estuan dagoela osasun sistema publikoa. Hauek izan ziren Oriarte Landaberri institutuko musika gela goraino bete zuten herritarren aurrean jardun zirenak: Onkologikoa Ospitaleko Paziente eta Erabiltzaileen Batzordeko nahiz Izan Iñurri elkarteko kide Olatz Mercader, lehen arretan aritutako sendagile erretiratu Ina Idarreta, Gasteizko legebiltzarkide (EH Bildu) Rebeka Ubera eta DOPA Donostialdea Osasun Publikoaren Alde plataformako kide Kontxi Rebollo.
Yeray Rodriguez Martin gaztearen eta familiaren borroka
Hesteetako patologia batekin jaio zen Yeray Rodriguez Martin lasarteoriatarra. 14 urte ditu, eta denbora horretan gaixotasunaren ondorioz bizitakoak kontatu zizkion bere ama Patriciak TXINTXARRI-ri. Bidea ez dela erraza izaten ari aitortu zuen, baina, zailtasunak zailtasun eta nekeak neke, aurrera egiteko kemena badutela erakutsi zuen solasaldian zehar. Elkartasun keinuak ere jaso dituzte, gero eta gehiago; azaldu zuen horiek "motibazio handia" eragiten diela bidean aurrera jarraitzeko.
“Yerayk bi patologia ezberdin ditu oraintxe bertan”, zehaztu zuen amak. “Horietako bat, jaio zenean jakin genuen, hesteak kanpoan zituela jaio baitzen. Momentu hartan, nire iritziz, ez zuten behar bezala jokatu, eta hala uste genuelako salaketa jarri genuen, galdu egin genuen arren; zaila da Osakidetzari irabaztea”.
Beñat Telleriak Errota Harria txapelketa irabazi zuen
Gari Garmendia Garmendia II, Xabat Olaizola, Beñat Telleria eta Inhar Urruzuno harri jasotzaileek 107,2 kiloko bola altxa behar izan zuten hiru minutuko txandan. Telleriak 28 aldiz jaso zuen harria, Garmendia II.ak 27 altxaldi egin zituen eta Olaizolak eta Urruzunok 24na egin zituzten. Hortaz, herritarrak irabazi zuen.
Palestinarren aurkako genozidioa gelditzeko eskatu zuten beste behin
Lasarte-Oria Palestinarekin Herri Dinamikak deituta, 150 bat lasarteoriatarrek parte hartu zuten manifestazioan. Israelek Gazan aurrera daraman erasoa salatu eta Europaren babesa gaitzetsi zuten. Okendo plazatik abiatu zuten ekintza. Hamarnaka herritar jarri ziren Israel genozida, Palestina askatu zioen pankarta atzean.
Adiskidetasunaz eta botere harremanez, umorez eta kantuz
Buhameak taldeak Erik eta Win ikuskizuna ekarri zuen Manuel Lekuona Kultur Etxera. Bina bertsolarik eta musikarik osatutako taldeko bi kide, Unai Muñoa eta Aitor Atxega lasarteoriatarrak badira ere, lau urteko ibilbidearen ondoren egin zuten emanaldia herrian. Areto erdia bete zuten ikus-entzuleek musika, antzerkia, bertsolaritza edota poesiaren bidez, Muñoak eta Ander Lizarralde bertsolariek egindako gogoetaren berri izan zuten. 1990eko Gipuzkoako Bertso Txapelketan elkar ezagutu zuten eta binakako ariketa bat egiterakoan, Muñoak ez zion kasurik egin kideak proposatutako doinuari. Oiartzuarrak ez zuen erabilitakoa ezagutzen, baina, hala ere, lagun egin ziren. Harreman horretan, ordea, botereak ere badu zeresanik eta horri buruz hausnartu zuten: batek nahiago du meneko izan, besteak, gailendu; batek, eskuzabal izan, besteak horri probetxua atera, batek koldar jokatu, besteak ausart plantak egin... Atxegak eta Imanol Kamiok jotako musikak lagunduta, bertsotan eta kantuan, kontakizuna josi zuten.
Buruntzaldea IKTko igerilariak, Hernaniko Sariko podiumean
Hernaniko 25. Igeriketa Saria jokatu zuten Hernaniko kiroldegian eta bikain aritu ziren Buruntzaldea IKT taldeko igerilariak. Infantil, Junior eta Absolutu mailetako hamasei igerilari lehiatu ziren eta gehienek euren markak hobetu zituzten. Bereziki aipagarria izan zen Garazi Etxeberriaren lana, izan ere, 100 metroko proba librean bigarren postuan sailkatu zen.
Kiroldegi berriko lanak 17.598.410 eurotan esleitu zituen udalak
Construcciones Moyua eta Altuna y Uria enpresak ari dira lanak egiten eta 27 hilabete izango dituzte aurrera eramateko. Hala, kiroldegi berria 2026rako martxan egotea aurreikusten du Lasarte-Oriako Udalak.
Espetxea eta etxea lotu zituen, hamahirugarrenez, oholtzak
Harresi Guztien Gainetik herri ekimenak aurrera eraman zuen XIII. Errezitaldia, kultur etxean. Ohi bezala, espetxean egon direnen eta bertan jarraitzen duten preso lasarteoriatarren eta euren senide eta gertukoen bizipenak ekarri zituzten pantaila handira. Aurtengoan, oholtzak baino protagonismo handiagoa izan zuen pantailak, dokumental bat proiektatu zutelako: Oroitzen zaituztegunean... mahaia guztientzat ipinita.
Urte berria, aldarrikapen bera
Urtarrila amaitzear, urteko lehen Azken Ostirala aurrera eraman zuten. Lasarte-Oriako Sarek deituta, 70 bat lagunek bat egin zuten aldarrikapen ekintzarekin. Elizatzetik abiatuta, Okendon hilabeteko irakurketa partekatu zuten. Hilabete horretan bertan Bilbon egindako manifestazio jendetsua gogoratu zuten, besteak beste. Gatazka "behin betiko konpontzeko" milaka "giltza" bildu zituen mobilizazioa "bultzada garrantzitsua izan zen euskal preso, iheslari eta deportatuen etxeratzea eragozten jarraitzen duten salbuespen-juridikoei amaiera emateko".
Aratz Fuentes eta Euskadiko Selekzioak ezin izan zuten Espainiako txapelketan aurrera egin
Erkidegoen arteko Espainiako txapelketako sailkapen fasea jokatu zuten, 16 eta 19 urte arteko jokalariena. Euskadiko selekzioek Alcazar de San Juan, Gaztela Mantxan jokatu zuten euren lehen fasea eta 16 urtez azpiko taldean Eguzki Areto Futbola klubeko Aratz Fuentes gaztea izan zen lehian. Neurketarik ez zuen irabazi selekzioak eta beraz, ez zuen azken fasea jokatu. Gaztela Mantxaren aurka 13-0 galdu zuen; Errioxaren aurka, 3-4; eta, azkenik, Balear Uharteen aurka, 4-1. Emaitzak txarrak izanagatik, jokalari lasarteoriatarrak esperientzia eder bat bizi izan zuen txapelketa horretan.
"Herrian hazi eta herrian hezi"
Haur eta Lehen Hezkuntzako aurrematrikulazio kanpainaren barruan, Landaberri eta Sasoeta-Zumaburu ikastetxeek festa egin zuten, herrian eta eskola publikoan ikastearen alde egitea sustatu asmoz. Bertan ikasten duten haurrek marrazki bidez adierazi zuten zer den eskola beraientzat, eta zenbait familia ere beren hautuaz mintzatu ziren. Porrotx eta Marimotots pailazoek ere parte hartu zuten festan. Talde argazki erraldoiarekin amaitu zuten.
Gudari oriatarrei omenaldia
Rosa Luxemburgo batailoiaren argazki bat gehitu zieten Oriako Zirkuitu etorbidean daudenei. Islada Ezkutatuak eta Lasarte-Oriako Udalak egindako ekitaldian ezagutarazi zuten eta irudiaren edukia eta testuingurua azaldu. Oriatar ugarik parte hartu zuen armada horretan.