Titular azpian agertzen dena baino luzeagoa da ikerketa lanaren izenburua. "Gipuzkoako lurralde historikorako ikasbideak" zatia falta zaio, lotura baitu Gipuzkoako Foru Aldundiaren deialdi batekin, Etorkizuna Eraikiz lankidetzazko gobernatza eredua udal mailara jaisteko xedea duena, hain zuzen ere. Hori martxan jartzeko baldintzak badiren ikusteko, Oreki Fundazioak ikerketa hau aurrera du 2023ko bigarren seihilekoan eta 2024ko lehenengoan. Herriko partaidetzaren egoeraren berri izan eta ondorio nagusiei buruz galdetzeko, egileetako batengana, Julen Cocho (Lasarte-Oria, 1997), jo du TXINTXARRIk.
Zergatik erabaki zenuten herriko parte hartzea aztertzea?
Gehienbat gure nahia partaidetza eza ulertzea zen. Gehienetan sintoma moduan ikertzen da, hau da, hainbat arazo edo patologia sozialen ondorio gisa: prekarietatea, berdintasun falta edo kultura politikoarekin erlazionatutako faktoreak. Gure enfokea horri buelta bat eman eta min moduan ikustea zen. Gure inspirazioa izan da proiektuaren nukleoan egon den Lasarte-Oriako Bizikidetza Taldearen inguruan dauden pertsonekin izandako harremana. Ez da izan zuzeneko zerbait, baina inspirazio moduan ikusten genuen bizikidetzari buruz egindako hausnarketa. Enfasia ez dago zergatietan, zergatik gertatu diren gauzak, baizik eta dauden minei bere horretan garrantzia ematean. Hori zen ikuspuntu orokorra.
Aztertzeko datuak nola bildu dituzue eta nork parte hartu du?
Kuantitatiboan, herriko biztanleriaren ordezkagarri den inkesta bat egin dugu, erreferentziazko inkestetan oinarrituta, Gipuzkoako eta EAEko datuekin alderatzeko nahiarekin. Inkesta aleatorioa izan da, baina kuotak erabili ditugu lagina zientifikoki edo estatistikoki ordezkagarria izateko. Galdetegia guk egin dugu eta Bilboko Gaia enpresak egin ditu inkesta telefonikoak. Kualitatiboan, berriz, elkarrizketak eta mahai inguru batzuk egin ditugu. Sektorialak izan dira, hainbat esparrutakoak –euskara, kultura...–, eta bakoitzean gazteen, herrigileen eta erakundeen ordezkari bana egon da. Bizikidetza taldean parte hartzen dute herrigileak daude, ordezkaritza nahiko zabala dagoelako: zaintza alorrean dabiltzanak, sentsibilitate politiko desberdineko pertsonak... Hori izan zen irizpide nagusia.
Zer nabarmenduko zenuke ikerketan topatutakotik?
Jendeak oso nabarmen sentitzen du politikan duen eragina oso txikia dela. Ez genuen espero horren nabarmena izatea. Horren atxikipen falta handia izatea herrian, jakinda Gipuzkoan partaidetza politikoa edo elektorala estrukturalki txikia dela, eta hemen, are txikiagoa. Larritasun puntu batekin ikusten ditugu horrelako emaitzak, ez dakigulako zer gerta daitekeen horrekin.
Badago ehuneko oso handi bat sistema politikoan ez dena ordezkatuta sentitzen, eta gainera, eraginik ez duela sentitzen duena. Bestalde, profil demografikoei erreparatuz, atentzioa eman digu, beharbada gure enfokea espektro zabalarekin zelako, parte hartzeari utzi dioten pertsonak gehienbat izan direla ikasketa maila altua duten emakume gazteak. Pentsarazi digu parte hartzearen pisu edo zama handia jasaten duen talde bat izan dela. Partaidetzaren gakoetako bat da guztiek pixka bat egitea eta ez gutxi batzuek asko egitea.
Horri lotuta, parte hartzeari utzi dioten pertsonak Gipuzkoan eta EAEn gehienbat izaten ziren ikasketa maila txikiagoa zutenak; baina Lasarte-Oriaren kasuan kontrakoa da: unibertsitate mailako ikasketak dituztenak pertsonak dira. Herriko kapital sozialari dagokionean eta aurrera begira erronka handia dela esango genuke.
Parte hartzeari utzi diotenak aipatu berri dituzu, baina zer lasarteoriatarrek parte hartzen dute eta nortzuk ez?
Orokorrean galdetzean, ez dago alde handirik: demografikoki talde guztiek parte hartzen dute eta ez dute parte hartzen. Desmitifikatu egin behar da gazteek ez dutela parte hartzen. Ez da egia. Gazteak gutxiago dira, baina ez dago alde estatistiko handirik. Badaude gaiaren edo generoaren aldetik. Hor joera moduko bat badago, ez da gauza bera zaintzarekin lotutako boluntariotza edo elkarte gastronomiko bat. Aldea badago. Gizonen artean, batez ere gizon nagusien artean, partaidetza ez da horren intentsiboa. Inkestetan atzematen da eta jendearekin hizketan sumatzen da alde oso handia dagoela.
Partaidetza defizita ere badago, hau da, espektatiba eta ebaluazioen arteko aldea.
Partaidetzari lotutako esaldi batzuei buruz galdetu diegu garrantzitsutzat jotzen dituzten edo ez, eta zein neurritan, eta Lasarte-Orian betetzen diren edo ez, eta zein neurritan. Defizit txikiagoa ikusten da elkarteen arteko lankidetzan eta elkarteen edo herri ekimenen inpaktuan. Eragileek, ordea, esan ziguten lankidetza hori benetan ez dela horrenbestekoa. Hortaz, pertzepzio badago herrian, baina errealitatean igual ez dago. Defizita handia da, batez ere, gazteen eta nagusien arteko lankidetzari eta elkarteentzako baliabide faltari dagokienean. Badago ere gazteen parte hartzeari buruz edo parte hartzeak herrian izan duen bilakaerari buruz.
Horrez gain, ez dago partaidetza ulertzeko modu bakarra. Horrek elkar ez ulertzea ekar lezake?
Batzuk zentratzen dira emaitzetan, beraz, kuantitatiboago-edo ikusten dute: badago edo ez dago; eta beste batzuek uste dute, partaidetza ahalbidetzen duten faktoreak garrantzitsuagoak direla. Bi pentsaera daude eta lotura dute bai generoarekin bai ikasketa mailarekin. Ikasketa maila altuagokoek prozesuei emaitzei baino garrantzia handiagoa ematen diete, eta genero aldetik, emakumeek. Lankidetzan aritzeko garrantzitsua da prozesuetan zentratzea. Partaidetza ez da ematen ematen delako edo, besterik gabe, jendeak nahi duelako; baldintza batzuk behar ditu.
Ñabardurak ñabardura, ikuspegi antzekoa al dute elkarrizketatuek?
Badago diagnosi partekatu bat dela partaidetza ez dagoela ondo eta gero eta zailagoa dela, ez bakarrik jendea parte hartzera batzea, baita jendearekin gauzak egitea ere. Etorkizunari begira horrek izan dezakeen bilakaerari buruzko kezka ere nahiko partekatua da, esparru ia guztietan ikusten da.
Nolako osasuna du partaidetzak Lasarte-Orian?
Datuak espero baino txarragoak dira. Galdetutako metrika ia guztietan Gipuzkoan dauden batezbestekoak baino askoz okerragoak dira. Adierazitako partaidetza txikiagoa da eta hori ez genuen espero: Balioei dagokienean, demokraziarekiko asebetetzea edo poztasun txikiagoa da, politikarekiko interes gutxiago, demokraziarekiko sentipen negatiboa, konfiantza sozial –beste herritarrekiko konfiantza– txikiagoa. Udalari ere helarazi genion. Herritarrek uste dute politikan duten eragina txikia dela, ez dutela erabakigarritasunik. Gipuzkoarekin eta EAErekin alderatuta, alde handia dago. Analisi faktorial bat egin dugu eta ikusi dugu hiru herritar mota daudela...
Zeintzuk dira hiru profil horiek?
Herritarren erdia edo lot daiteke atxikimendu faltarekin; erdia izateak kezkatzen gaitu. Gainerakoak konfiantza zibikoa edo asebetetze falta deitu ditugun horietan daude. Konfiantza zibikoa duten pertsonak baikorragoak dira, demokraziarekiko konpromisoa dute edo ez dira mesfidatiak; eta, aldiz, asebetetze falta dutenak, kontrakoa. Demokraziarekiko mesfidantza, haserrea eta ezaxola dute nahiz eta politikarekiko interes handia izan. Hori demografikoki nagusi da talde bakar batean: ikasketa maila altuko emakume gazteak. Arrazoiak askotarikoak izan daitezke, baina seguru asko, emakume eta gizon gazteen artean ematen ari den dibergentzia da.
Zer dibergentzia?
Asko ikertzen ari den zerbait da. Gizonezkoak eskuinera doaz eta emakumezkoak gero eta ezkerrerago. Dibergentzia ideologikoak ematen ari dira. Beste faktore batzuk ere badaude, baina ikusi genuen politizazio puntu bat bazegoela asebetetzearen faktore horrek ikasketa altuko emakume gazteengan duen eragina ikustean, eta alderantziz, ikasketa altuko gizon gazteen artean konfiantza zen nagusi, liberalagoak lirateke beste adin tarteetan ikusitakoarekin konparatuta.
Ikerketa gaiari jarraipena emateko asmorik ba al duzue?
Bestela elkartzen ez diren eragileak batzeko aitzakia izan da eta horrekin jarraitzeko aukera ikusten dugu. Eragile batzuek erakutsi dute interesa. Gustatuko litzaiguke hau hemen ez geratzea, aitzakia izatea lankidetza mugitzen hasteko. Herrian ekimen berriak agertu dira, kezka bera dutenak, herriko erronkei aurre egiteko beharra dagoela eta lankidetza behar dela. Zentzu horretan joateko nahia badaukagu.
