Egun bereziak datoz, eta haiengatik gertu egon arren, askok egutegian markatutako bat da San Tomas eguna. Gorrian agertzen denetakoa ez denez, hartaz nahi beste gozatzeko aukera ez dute izaten batzuek; aurten, ordea, larunbatarekin egokitu denez, Ttakun Kultur Elkarteak antolatutako azokara lasartaoriatar asko bertaratu da.
Giro freskoa berotzen hasi dira Xumela eta Oaintxe in deu! txarangako lagunak eguerdian Sagardotegi kalean. Kantuan eta dantzan heldu dira Okendo plazara eta han tarte luze batez aritu dira elkarrekin. Salmenta postuan jo eta ke aritu dira taloak egiteak eta betetzen, ilara gero eta luzeagoa osatzen joan direnek aukeratutako txistorra edo txokolatearekin. Mokaduaren lagungarri, gainera, sagardoa ere jaso dute. Hamaiketako berantiarrerako beste aukera bat, lekuan bertan erretako gaztainak izan dira. Aldizkari honen paperak, irakurketarako balio izateaz gain, beste erabilera batzuk ere baditu; eta harekin osatutako kukurutxoak eskukada batzuekin bete dute.
Kantuak isildu direnean, plaza dantzaren txanda heldu da. Grabatutako musikari jarraituta hasi dira biribila osatzen. Inguruan zeudenetako batzuk batu zaizkie eta haurrak begira-begira izan dituzte, batzuk haien artean jarrita, gainera.
Bazkalorduarekin amaitu da azoka, baina arratsaldean Faktoria eta Kuadrillategiko gazteek hartu dute lekukoa. Postu bana jarri dute eta han txistorra ogitartekoez gain, patata tortilla pintxoa, txokolatea eta bizkotxoa izan dira aukeran. Horrez gain, bingoa eta tonbola ere egin dituzte. Eguraldia kaxkarragoa izan bada ere, ez zaie nori saldu falta izan eta pozik zeuden egindako salmentarekin. Amaitzeko ordubete falta zitzaiela, gainera, Bide batez erromeria taldearen emanaldiak are lagun gehiago erakarri ditu plazara. Abesti ezagunekin dantzara animatu direnak, lehenik, haurrak izan dira; baina gutxika, haiekin zeuden helduak edo zabalgunean bildutako gaztetxoak izan dira.