"Ohorea izan da etxe honetan zinegotzi eta Lasarte-Oriako EAJko bozeramailea izatea", adierazi du Antxordokik, hunkituta. Bere azken hitzartzea baliatu du urte hauetan guztietan bidelagun izan dituenei eskerrak emateko: "Etxekoei, Zuriñe, Nora eta Daneli; Lasarte-Oriako EAJri eta Gipuzkoako Buru Batzarrari, beti babestu izan nautelako; udaleko Euskara zerbitzuko Aitor, Juanito, Ana, Axun eta udal euskaltegiko Pili Galani; udal korporazio osoari eta udal gobernuari bereziki; eta urteotan lan egin dudan elkarte eta herritarrei ere, eskerrik asko".
Udaletxean lan egiteari utzi dion arren, Antxordokik nabarmendu du herritarren beharrekin "lanpetuta eta arduratuta" jarraituko duela, "orain arte bezala". Herritarra 2015-2019 legealdian sartu zen udal korporazioan, Lasarte-Oriako EAJ alderdiaren ordezkari gisa. Orduan hartu zuen Euskara saileko buru izateko ardura eta horretan jardun du azken egunera arte.
Antxordokik esan dituenak entzun ostean, Agustin Valdivia alkateak hartu du hitza: "Begira, Jon. Ez da egun polita gaurkoa niretzako, kosta egiten zaidalako zu agurtzea. Gogoratzen naiz legealdi berean hasi ginela udaletxean lanean, eta alkate aurrenekoz izendatu ninduten arte [bost urte bete dira gaur] oso gertukoa eta ona izan zen gure harremana. Une horretan eten egin zen baina jarraitu dugu, une onetan eta txarretan". Nabarmendu du zinegotzi jeltzaleak "beti" egin izan duela lan "herritarren mesedetan" eta "asmatu ala ez", kontua dela zer-nolako borondatearekin lan egiten duen zinegotzi bakoitzak. "Gure harreman pertsonal eta politikoan fase desberdinak bizi izan ditugu baina momentu onekin geratuko naiz ni; koalizioan gobernatu izan dugun denbora honetan [iazko maiatzetik] oso ongi ulertu dugu elkar".