Ustekabeko zerbait gertatu da ezohiko saioan: hasi eta gutxira eten egin behar izan dutela bilkura, zinegotziak jabetu direlako streaming bidez emititzeko zerbitzuak ez zuela funtzionatzen. Ordu laurden inguruko etenaldiaren ostean berrartu dute gai ordena, pleno aretoko mahaia, aspaldiko partez, guztiz beteta zegoela: korporazioko hamazazpi kideak bertaratu dira gaurkora.
Aurreikus zitekeen aurrekontuen gaia izango zela protagonista eta halaxe izan da. Datorren urteko kontuen proposamena onartu ala ez erabaki aurretik, udal gobernuaren proiektuari aurkeztutako emendakinak landu dituzte, banan-banan. Agustin Valdivia alkateak azaldu du 21 izan direla guztira eta zortzi onartu dituztela, hamabi ezeztatu eta bat kendu.
Zuzenketa horietatik gehienak, hamalau (hamabost ziren baina bat mahai gainean uztea erabaki du, saioari ekin aurretik) EH Bilduk aurkeztu ditu: etxebizitza, udaleko sailak (Gizarte Zerbitzuena, batez ere), etorri berrientzako harrera plana, hezkuntza plana, herriko memoriaren artxibo historikoa eta alderdi horren "eskakizun historikoak" diren erdiguneko estalkia eta herriko eragileen beharretarako diagnostikoaren gaineko emendakinak plazaratu ditu. Udal gobernuko bi alderdiek aurka bozkatu dute denetan eta ez dute bat bera ere onartu.
Aurrekontu proposamenari baietz ala ezetz esan bozkatu dute gero, eta aurrera atera du udal gobernuak, PSE-EE, EAJ eta PPren aldeko botoekin. EH Bilduk eta Elkarrekin Lasarte-Oria Podemos aldiz, aurka azaldu dira.
Eztabaidaren txandan, ika-mika
Aurrekontu proposamenaren forma eta hondoari buruz eztabaidatu dute. Aurreneko alor horretan jarri du fokua ELOP alderdiko bozeramaile Miguel Angel Tolosak. "Udal gobernuaren lanketa txapuza hutsa izan da, prozesuan zehar egindakoak ez dira akats administratibo hutsak izan, baizik eta aurrekontuak lantzeko arauak urratu eta prozedura baliogabetu ditzakeenak". Horri lotuta, korporazioko gainerako alderdiekin partekatutako dokumentazioa "etengabe" moldatu izana leporatu die sozialistei eta jeltzaleei: "Aurreko urteetan ikusi izan dudan bezala, kontuen zifrak oso aldakorrak izan dira eta horrela lan egitea jasanezina da". Horregatik guztiagatik, proposamenaren aurka bozkatu du.
EH Bilduko bozeramaile Esti Garmendiak hartu du hitza gero. Hamasei zuzenketa aurkeztu eta hiru onartu ditu udal gobernuak: udaletxeko espazio bat egokitzea indarkeria matxista pairatu duten emakumeak artatzeko, 50.000 eurogatik; Gizarte Zerbitzuetako langileen zaintzara bideratutako berrikuste saioak, 35.000 eurogatik; eta zaintzaileentzako eta zainduak diren pertsonen familientzako formakuntza saioak, 15.000 eurogatik. "Pozten gaitu hori txertatu izanak, baina ez da nahikoa, guretzako ezinbestekoak diren Gizarte Zerbitzuak ez dituelako nahikoa indartzen eta etxebizitzaren gaineko gure proposamenak ez dituelako jasotzen". Hori esanda, nabarmendu du "halamoduzkoa" izan dela udal gobernuaren lanketa: "Ez gaude batere ados egiteko modu horiekin eta hurrengo urteetako lanketetan beste prozedura batzuk erakustea espero dugu". Horrekin batera, kritikatu du sozialistek eta jeltzaleek ez dutela "benetako interesik" koalizio subiranistarekin elkarlanean aritzeko: "Ez duzue gure abstentzioa edo baiezkoa behar eta horregatik ez duzue benetako lankidetza sustatzen; 40 milioi pasatxo dituen aurrekontu batetik 100.000 euroko onarpen maila ez da nahikoa, anbiziotsuagoak gara. Gehiago balio du gure abstentzioak edo baiezkoak".
Batari eta besteari erantzun die Agustin Valdivia alkateak. Tolosari, aurrena. "Ez du inolako zentzurik esaten ari zaren guztiak; duela hilabete elkartu ginen alderdi guztiekin eta kronograma azaldu genizuen, helburua zen gaurko egunean erabakitzea aurrekontuak onartu ala ez. Honi buruzko eztabaida osoa oinarrituko baduzu forman, eta ez hondoan... erakusten ari zara ez duzula interesik herritarren alde lan egiteko, ez baituzu emendakin bakar bat ere aurkeztu. Politikaria bainoago, Audientzia Nazionaleko epaile edo abokatu bat dirudizu". Ondoren, Garmendiari zuzendu zaio: "Atsekabetuta nago ez aurka bozkatu izanagatik, baizik eta gure lantzeko modua kritikatzeagatik. Pozik nago oposizioko alderdi guztiekin bildu izanagatik eta ez dut esaten ari zaretena ulertzen; konfiantza eraikitzeko bi aldeek lan egin behar dute. Hori esanda, aurkeztu dituzuen zuzenketa gehienak ez ditugu onartu ez proposatutakoaren aurka gaudelako, baizik eta gure egiteko modua hobea dela uste dugulako".
Aurrekontuak onartu ala ez bozkatu eta gero PPko zinegotzi Manuel Palaciok hitz egin du: "Ez genituen aurrekontu hauek berberak aurkeztuko anbizioa falta dutelako baina tira, baiezkoa ematea erabaki dugu, herritarrentzat onak diren neurri batzuk jasotzen dituelako eta euren mesedetan denok elkarrekin lan egin behar dugula uste dugulako". Horrez gain, ironia kutsu batekin, eskerrak eman dizkio alkateari datorren urteko kontuen bueltan elkartu eta hitz egiteko aukera izan duelako: "Eskerrik asko, ea datorren urtean, bi beharrean, lau bilera egiten ditugun". Popularrek sartuko lituzketen esku hartzeak zerrendatu ditu: etxebizitza bakoitzak ur kontagailu indibiduala izatea, N-1 errepidearen gure lurperatzea eta larrialdi gela bat irekitzea osasun zentroan, herritarrek Donostiara edo Hernanira joan behar ez izateko.