Emakumeen futbola sustatzeko kadete mailako txapelketa

Txintxarri Aldizkaria 2024ko abe. 20a, 12:30

Ostadar SKTko kadete taldeko neurketa Usurbil FTren aurka.

Ostadar SKTk Emakumezko Kadete Mailako Txapelketa antolatuko du hilaren 28an, goizean.  Emakumezkoen futbola sustatzeko eta ikusgarritasuna emateko helburuarekin antolatu du talde urdin-beltzak lehiaketa. Sei taldek parte hartuko dute

Hilaren 28an, goieko 9:30ean emakumezkoen futbolak hartuko du Michelin kirol gunea. Ostadar SKTk lehenengoz Emakumezko Kadete Mailako Txapelketa antolatuko du.

Txapelketaren helburua Lasarte-Orian emakumezkoen futbola sustatzea eta ikusgarritasuna ematea dira antolatzaileek azaldu modura: “Emakumezkoen futbolak hogeita hamar urteko ibilbidea osatu du klubean, eta, emakumezkoen futbola indartzeko apustua egiten jarraitu nahi dugu. Momentu honetan, bi talde dauzkagu, kadete mailakoa eta Ohorezko Erregional mailakoa. Kate-begi guztiak osatzen joateko, behar beharrezkoa da emakumezkoen futbolari ikusgarritasuna ematera, eta, txapelketa, horretara dator, ikusgarritasuna ematera eta herriko neska gazteak guregana gerturatzera”.

Txapelketako kartela. Arg.: Ostadar SKT.

Ostadar SKTko ordezkariek azpimarratu dutenez,  txapelketa izena jarri badiote ere, “festa handi bat” izateko jaio da lehiaketa, “etorkizunean errepikatu nahi duguna, datozen urteotan gorpuztu eta indartu nahi duguna”.

Sei talde borrokan

Lehiari dagokionez, sei talde bilduko diratxapelketako lehen edizio horretan. Urdin-beltzen kadete mailako ordezkariaz gain, Usurbil FT, Andoaingo Euskalduna KE, Errenteriako Touring KE, Donostiako Santo Tomas Lizeoa eta Zizurkilgo Aiztondo NKK taldeak izango dira aurrez aurre zelaian.

Bi fasetan jokatuko da lehiaketa. Lehenengoan, aurkariak hiruko bi multzotan banatuko dira, eta, multzo bakoitzean guztiek guztien aurka jokatuko dute. Bigarren fasean, talde bakoitzeko lehenengo bi sailkatuek finala jokatuko dute, 13:40ean; bigarren sailkatuek, 3. postuarengatik borrokatuko dira, 13:05ean, eta, azken sailkatuek, 5. eta 6. postua izango dute jokoan, 12:30ean.

Lehia amaituta, “festak” jarraipena izango duela jakitera eman dute antolatzaileek eta partehartzaile guztiek mokadu bat hartzeko aukera izango dute, eta, bide batez, euren arteko harremana sendotzeko.

Horrez gain, goiz osoan zehar errifak salduko direla eta finalaren aurretik, hainbat sari zozketatuko dituztela ere iragarri dute talde urdin-beltzeko kideek.

Azkenik, talde urdin-beltzak  eman nahi dizkie txapelketa antolatzeko euren laguntza eskaini duten Buenetxea tabernari, Etxezarreta harategiari, Ore Ama okindegiari, Telepizzari, Bertako Igogailuak enpresari, Real Sociedad-i eta Lasarte-Oriako Udalari.