Euskal tradizioa, oihalez oihal

Txintxarri Aldizkaria 2024ko abe. 20a, 12:00

Bederatzi ikasle izan ditu Ione Artola Irizar, Euskal Jantzi Tradizionalen ikastaroko irakasleak, Eguberrien atarian aurrera eraman duen aurtengo ikastaroan. Horietako batzuk, aritu izan dira aurreko urteetan, baina, beste batzuk, berriz, lehen aldiz parte hartu dute: hiruk. Denek ala denek lan eder askoak osatu dituzte, eta, orain, datozen egunotan luzituko dituzte. 

Aurreko urteetakoa bezain "emankorra" izan dela azpimarratu du Artolak. Askotariko gonak, txanbrak, gona aurrekoak, alkondarak, eta galtzak egin dituzte partaideek, baina, izan da berrikuntzarik ere. Sakola izeneko pieza –gonaren barrutik eramaten zuten zakutxo estiloko poltsa; txanponak-eta gordetzeko erabiltzen zuten– sortu du horietako batek. Gaineratu du, orokorrean kotoia erabili dutela gehien, batez ere, hutsetik jantziak sortu dituztenek; dena den, izan da jantziak zaharberritu dituenik ere.  "Oso langileak" izan direla nabarmendu du, eta lortutako emaitzarekin "pozik eta harro" agertu da.