Otordu aurreko koktela | Yon Pavon Armendarizen Negroni koktela | Yon Pavon Coctail Events
Gosea sortu eta urdaila datorren otordurako prestatzen du. Aukera bikaina da bazkari edo afari on baten aurretik hartzeko, aperitiboa ez baita, ezinbestean, bazkari aurreko aukerara mugatzen. Gabonen atarian gaudela kontuan hartuta, proposamen horrekin arrakasta lortzeaz gain, egun horiei ukitu aristokratikoa ere emateko aukera eskaintzen du.
Osagaiak:
- 30zl bermut gorria
- 30zl Campari
- 30zl ginebra
Prestatzeko modua:
Edalontzi baxu eta zabala izotz trinkoz bete, eta hori osagaiak gehitu. Horiek nahasi, eta laranja azal batekin apaindu.
Lehen platera | Yon Mikel Rodriguez Ventosoren arrain zopa | Avenida jatetxe-taberna
Eguberrietako jaki tipikoa da; data hauetan etxe guztietan prestatu ohi dena. Garai batean gure amonek edota amek egiten zuten, eta gure taberna-jatetxean ere ohikoa da arrain zopa; horregatik, zuek ere jaki goxo hortaz goza dezazuen egin dizuet hori prestatzeko gomendioa.
Osagaiak:
- 2 porru
- Piper gorri bat
- Bi piper berde
- 6 azenario
- 4 tipula
- Zopako ogi bat
- Tomate frijitu pote bat (edo norberak etxean egina)
- 3 litro arrain fumeta.
- Nahi adina arrain birrindu
- Nahi adina ganba
- Olioa
- Gatza
Prestatzeko modua:
Porrua, piperrak, azenarioa eta tipula txikitu, eta su txikian frijitu. Gorritu direnean, arrain fumeta, tomatea eta zopako ogia gehitu, eta 40 minutuz irakiten eduki.
Denbora hori igaro denean, irabiagailuarekin guztia birrindu, nahasketa erabat homogeneizatu arte, eta sutan mantendu.
Aukeratu ditugun arrain zatiak gehitu, eta irakiten mantendu.
Denbora tarte igarota, ganbak gehitu eta horiek kozina daitezen, beste tartetxo batez irakin dezala.
Azkenik, bero-bero zerbitzatu.
Bigarren platera | Ane Galardi Fernandez de Agirreren pularda betea | Sukaldaria eta 'bitxi_sua' instagram kontuaren sortzailea
Jaki hau gomendatzen dut, oso tradizionala izanagatik, iruditzen zaidalako jende gutxik kozinatzen duela Gabonetan. Aukera ezberdina nahi duenarentzat, uste dut errezeta aproposa dela. Agian, normalean prestatu ohi direnak baino pixka bat zailagoa da, baina ez ezinezkoa.
Osagaiak:
- Hezurgabetutako pularda bat
- 200gr haragi birrindu (txerrikia eta behikia)
- 100gr pate
- 50gr albertxiko
- 50gr mahaspasa
- 100gr hirugihar (dadotxoetan moztuta)
- Arrautza 1
- 50ml Brandy
- Gatza
- Piperbeltza
Prestatzeko modua:
Barrubetea egiteko, pularda ez beste osagai guztiak nahasi behar dira.
Ostean, pularda nahasketa horrekin bateko dugu. Horretarako, pulardari gatza eta piperbeltza botako diogu lehenik. Barrubetearekin bete, eta soka batekin itxiko dugu gero.
Pularda kozinatzeko unea izango da gero. Horrela, jakia erretiluan jarri, eta olio pixka batekin igurtzi beharko da. Ardo zuri eta salda apur bat botako diogu. Hori eginda, labean sartuko dugu, eta bertan izango dugu, 180º-tan, bi orduz, gutxi gorabehera. Noizean behin, bere zukuarekin busti.
Azken lana, zerbitzatzea izango da, eta, horretarako, moztu aurretik 15 minutuz pausatzen utzi behar da. Bere saltsa eta amaitzeko, Gabonetako garnizioarekin zerbitzatu.
Azkenburukoa | Fadrique Izagirre ahizpen txokolatezko pinaburuak | Kairos kafetegi-taberna
Gabonetarako azken buruko gisa tranpantojo hau proposatzen dizuegu. Oso goxoa izateaz gain, egiteko erraza da. Eguberritakoa da, ordu erdi baino gutxiagoan prest daukazue, eta etxeko txikienek egiten lagun diezagukete. Oso dibertigarria da!
Osagaiak:
-Digestive edo Maria motako gaileta pakete bat
- 4 koilarakada Philadelphia motako gazta-krema
- 4 koilarakada Nutella
- Chocapic zerealak
- Glas azukrea
-Aukerakoa gure pinaburuak laguntzeko, izozki-bolatxo bat
Prestatzeko modua:
Lehenik eta behin, gailetak txikituko ditugu, eta ontzi batean gorde. Horri, gazta krema eta Nutella gehituko dizkiogu, eta dena ondo nahasiko dugu, ore trinkoa lortu arte. Ostean, hozkailuan gordeko dugu, gutxienez, 20 minutuz.
Denbora hori igarota, hozkailutik atera, eta bolatxoak osatuko ditugu, banan-banan. Tamainaren arabera, pinaburu gehiago edo gutxiago osatzea lortuko dugu.
Azkenik, behetik gora txokolatezko zerealak iltzatzen joango gara: pinaburu forma hartuz joango dira bolatxoak.