Hilaren 15ean, Lasarte-Oriako udalak eskaintzen duen kirol ibilbidearen saria jaso zenuen. Nola bizi izan zenuen?
Pozarren hartu nuen saria. Banekien hautagaietako bat nintzela eta sariaren irabazlea nintzela esateko deitu zidatenean hunkitu nintzen eta ilusio handie egin zidan. Nire agurraren urteari amaiera ederra emateko modua izan da eta pilotari eskainitako urte hauetan guztietan egindako lana balioan jarri dela sentitzen dut.
Eta urrian, aldiz, omenaldia egin zizun Intza KEk.
Eguna polita izan zen, berezia. Zerbait sinplea izan zen. Nire familiak babestua egon nintzen. Nire seme-alabak, emaztea eta izeba, osaba, lehengusuak egon ziren; Iruñeatik etorri ziren batzuk. Amak ere emozioz bizi izan zuen eguna.
Ezustekoa izan zen zuretzat anaia –Goio Solano Mena– pilotan ikustea?
Neurketak egongo zirela eta etxekoak jokalari izango zirela jakin nuenean izen batzuk buruan nituen. Ezustekoa eraman nuen Arteaga aita eta nire anaiarekin, baina gehiago nire semearekin.
Omenaldiko berrogei minutu faltan, etxean nengoela susmoa izan nuen. Etxeko atzeko aldean norbait ikusi nuen zuriz jantzia eta mugitzeko moduagatik Aritz zela konturatu nintzen. Emazteari esan nion, baina berak hori burutik kentzeko esan zidan.
Urteak egin dituzu pilotan, baina noiz hartu zure lehen pilota?
Nik bost edo sei urterekin hartu nuen nire lehengo pilota. Etxean zegoen.
Gerora hasi nintzen pilota jokatzen. Txapelketaren bat jokatu nuen, baina eskuetan sarritan min hartu eta utzi behar izan nuen.
Gero, gazte guztien modura, futbolean hasi nintzen.
Baina gerora pilotara itzuli zinen, ezta?
Helduagoa nintzenean pala jokatu nuen berrogeiak pasatxo nituenera arte.
Modu federatuan izan nintzen jokalari. Hogei bat urte egin nituen. Ostadarrek antolatutako txapelketak jokatzen genituen, Santa Anakoa ere. Zazpi edo zortzi finaletara iritsi nintzen, baina bat bera ere ez nuen irabazi. Hori da nik dudan arantzatxoa. Federatu modura ere Euskal Ligan jokatu genuen urte bete, Senior 1. Mailan. Ez ginen lehen postuetan, baina ez ginen gaizki moldatzen.
Kirol askotan jokatu dut, baina ez nintzen batean ere trebea. Baina kirola gustuko nuen eta zalea nintzen.
"Txapelketaren bat jokatu nuen txikitan, baina eskuetan min hartu eta utzi behar izan nuen"
Eta aitaren –Jose Solano Irigaray– bidea jarraituz, pilota entrenatzaile eta Intzako saileko arduradun ere izan zara. Zenbat urte egin dituzu lan horretan?
Guztiak gehitzen baditut, aitarekin hasi nintzenean, 40 bat urte izango dira.
Orduan Okendon biltzen ziren haurrak. Gogoan dut haurrek etxeko tinbrea jotzen zutela pilotak balkoitik bota eta pilotalekuan jokatzeko. Gero, eraikineko atea irekia genuenez, portalean zegoen armairu batean uzten zuten.
Gerora, Michelin fabrikan kirol saila indartsu zegoenean, arrauna eta futbol taldea 3. Mailan zeudenean, esku eta pala eskola sortu ziren eta orduan hasi zen aita haurrekin lanean. Federatuak, berriz, Intza elkartean zeuden. Eta tarte batean bi klub ezberdinetan izan ziren.
Aita laguntzen hasi nintzen eta pixkanaka gustua hartu nion. Beti gustuko izan ditut haurrak eta horrek ere laguntzen du.
Larunbata goizetan Michelingo pilotaleku irekian entrenatzen genuen eta asteazkenetan gaizki ez badut gogoratzen kiroldegian egin zutenean. Eskola handitzen joan zen.
Soldaduskatik itzuli nintzenean hartu nuen aitari laguntzeko erabakia. Ez nuen lan finkorik ere. Hipodromoan pista mantenu lanak egiten nituen eta hogeita lau urterekin pastelgile hasi nintzen.
Eta aitak erreleboa eman zizun...
Aitak nire adinarekin utzi zuela uste dut. Erreleboa ez zen zaila izan.
Urteak pasa ahala, aldaketa tekniko eta informatiko asko izan ziren, etxean telefonorik ez izatetik mugikorrera pasa gara edo faxak bidaltzetik guztia ordenagailutik egitera, eta aitak ezin zuen hori guztia kudeatu; ni sartu nintzen bulego lanak egitera. Berak entrenamenduak bakarrik eramaten zituen eta nik bera laguntzeaz gain, administrazioko gauzak.
Etxean gainera pilotariei erakusteko modu eta errieten gainean eztabaidak izaten genituen. Azken urteetan aitak ni deitzen ninduen pilotariekin hitz egiteko.
Lehen pilotari bat etxera bidaltzea ohikoa zen; gaur egun beste era batera moldatu behar zara. Baina urteekin pazientzia galtzen da eta erretxindu egiten gara. Horregatik azken urteetan nik infantilekin egin izan dut lan.
Orduan, gainera, haur eta gazteak guk eramaten genituen partidetara. Gidabaimena atera nuen hemezortzi urterekin eta soldaduskatik etxera etortzen nintzenean, gazteak eramaten nituen. Amak ere zenbat haur eta gazte eraman ote ditu. Garai horietan, gurasoak ez ziren jokalariekin joaten, lana zela edo beste zerbait zela ezin ziren joan. Gaur egun hori ezinezkoa da.
Eta Lasarte-Oriakoaz gain, Antiguan entrenatzaile lanetan ere egon nintzen zortzi bat urtez. Biak uztartzen saiatu nintzen, baina Lasarte-Oriako taldea eramateko laguntza behar nuen eta orduan begirale lanetan hasi ziren gazteak.
"Aita laguntzen hasi nintzen eta gustua hartu nion. Beti gustuko izan ditut haurrak"
Urtea hauetan guztietan pilota asko aldatu da.
Pilotaren sistema guztia aldatu da. Askatasun gehiago zegoen jokatzeko, ez zegoen Gipuzkoako Foru Aldundiko programarik eta lehiaketa pribatuetan jokatu ahal ziren haurrak.
Ez zegoen pilota gozorik. Garai hartan gogorrarekin hasten zen eta arazorik ez zuenak, aurrera egiten zuen. Orain pilota gozoarekin hasten da eta maila handietara iristean zailtasunak izaten dituzte moldatzeko. Baina denek egin behar dute bide berdina, beraz, ez dago hainbesteko ezberdintasunik.
Pilotak ere azkarragoak dira eta jokoa aldatu da. Beraz, pilotariak ongi moldatzen badira eta eskuek erantzuten badute aurrera egiten dute.
Gainera gure garaian haurra zinela, ez zenuen takorik erabiltzen. Mailetan gora egin ahala, esparatrapua eta bestelako gauzak erabiltzen ziren. Takoak ere garaiko gauzekin egiten ziren.
Egun muki berdea deitzen dioguna dago eta material ugari: plantxak, atzandelak... Lehen denbora behar zenuen takoak jartzeko eta poltsan esparatrapua berotzeko zerbait eraman behar zenuen; kola itsaskorrago izateko egiten zen hori. Lan ederra zen. 25 pezetako txanponak edo txapak ere erabiltzen ziren takoak egiteko. Orain errituala da, baina lehen takoak ongi jartzea artea bat zen.
Okendoko pilotalekua aipatu duzu. Pilotarien topagunea zen. Zenbat ordu egin dituzu bertan?
Ezin kontatu. Parez pare bizi nintzen eta pilotan ez bazen, jolasean ere bertan ibiltzen ginen. Herriko erdigunea zen eta bertan biltzen eta jolasten ginen haurrok.
Pena izan zen pilotalekua galtzea. Nire ustez mantendu behar zen, handitu eta estaltzearekin nahiko zuten. Herriarentzat ona izango litzateke, ez bakarrik pilotarako. Erabilera anitzeko eremua izan ahal zitekeen.
Gainera, Okendo plazan jendeak soinua entzuten zuen eta berehala gerturatzen zen zer zegoen ikustera. Santa Ana txapelketako neurketetan ere jende ugari egoten zen. Gaur egun izaten dugun ikusle kopurua ez da lehen genuena. San Pedro jaietako txapelketan eta finaletan batez ere, jendeari harmailetan zutik egoteko eskatu behar izaten genien… Hori nostalgia da.
Okendoko pilotalekua desagertu zen, baina Michelin eta Loidibarren dituzue, ezta?
Michelinen entrenatzen dugu eta neurketak ere jokatzen ditugu. Loidibarrenen erabiltzen dugu komodin modura. Baina Loidibarrenen itoginak daude eta batzuetan Zabaletara igo behar gara jokatzera. Pena bat da baina ostiraletan ezin da Michelingo frontoia erabili. Eta beraz bigarren eta hirugarren pilotalekuak behar ditugu.
40 urte horietan pilota eskolatik pasa diren haur eta gazteak ere kontaezinak dira...
Pentsa gaur egun eskolan dauden haurren gurasoen entrenatzaile izan naiz. Beraz, bi belaunaldi gutxienez igaro dira pilotalekutik
Eta batzuk profesional bidea egin dute.
Bai, hori da. Arteagatarrak Juan Mari lehenik aitarekin eta gerora Asier nirekin.
Mikel Elola ere enpresa txikiarekin profesionala izan. Elolak, gainera, Euskararen Maratoi batean egin zuen debuta Okendoko pilotalekuan. Enpresak eskaini zigun eta datarekin bat egiten zuela baliatu genuen herritarrak gerturatu eta gozatzeko. Giro ederra izan zen.
Horrelako milaka pasadizo izango dituzu, baina zein duzu kuttunena.
Herriarteko finalera iritsi ginean polita izan zen. Aitaren azken urteetako bat izan zen.
Finalerdia Azkoitiaren aurka jokatu genuen. Michelinen emaitzar itzulia eman eta finala jokatu genuen. Federazioko kideak finalerako sarrerak ekarri zituenean eskutitz azalean Azkoitia zuen jarria eta boligrafo batekin borratu behar izan zuen eta Lasarte-Oria jarri.
Gerora ere saiatu zarete herriarteko txapelketan...
Finala eta gero urte pare batean atera genuen taldea eta duela bi edo hiru urte berriro saiatu ginen. Azken horretan gainera kanporaketan Azpeitia izan genuen aurkari; 6-0 gailendu ziren azpeitiarrak.
Nire ustez ez genuen talde txarra, baina onenetariko bat izan genuen aurrean eta ezin izan genuen txapelketan aurrera egin. Gure mailako talderen bat, Andoain edo Idiazabal, aurkari izanez gero kanporaketa borrokatuagoa eta politagoa izango zen. Gainera, nahiz eta aurrera ez egin borrokatu izana geratzen zaizu.
Donostiarekin ere borrokatu ginen eta gaur egun gure egoera berean dago, ez du talderik. Ez da erraza taldea osatzea; hiru mailako jokalariak izan behar dituzu. Lehen gazteak kantxara atera eta jokatzeko konbentzitzea errazagoa zen.
Herriartekoa txapelketa polita da, baina alde txarra ere badu; tanteoak garrantzia handia duela. Horregatik, taldeak gero eta neurketa gutxiago galdu hobe. Zerora uzten badituzu hobe, baina hori ez zait bidezkoa iruditzen. Ez dut gustuko eta pilotarientzat ere ez da motibagarria.
"Herriarteko txapelketako finalera iritsi ginen urtea polita izan zen"
Eta nola ikusten duzu pilota eskolaren etorkizuna? Esku honetan utzi duzu?
Urte pare bat dira talde majoa duguna. 30 bat haur eta gazte daude.
Orain Jon Pello Artetxe dago arduradun eta entrenatzaile. Haritza Diaz de Gereñu eta Peru Urdanpilleta daude ere begirale modura. Ondo ari dira lanean, entzun dudanarengatik. Gustura doazela jakin dut eta lehiaketetan dabiltza.
Gustura nago erreleboarekin. Ongi onartu dut. Utzi nuenetik ez naiz pilotalekutik pasa entrenamendu egunetan. Gazteei eman dien erreleboa eta orain haiek daramate guztia. Neurketetara ikusle modura edo epaile modura joaten naiz eta listo. Eta epaile modura ere, urtebete egotea espero dut.
Gure beldurra zen nik uztean pilota eskolak jarraituko zuen. Duela bost urte, iktusa izan nuen eta geroztik ez dut sasoi bera. Jokatzean gehiago nekatzen nintzen, motelagoa nintzen eta kargatzen joaten nintzen. Guztiz kargatu baino lehen uzteko erabakia hartu dut.
Eta pandemiarekin ere beldurra areagotu zen. Aurretik, urteren batean hamabi bat gazte izan genituen eta kopuruak beheranzko joera zuen.
Baina jendea itzuli da. Haur eta gazteen ordutegiei moldatzeagatik edo guraso taldearengatik… ez dakit zein den arrazoi, baina 30 bat gaztetxorekin lan egin ahal izateak poztasuna ematen du. Batzuk utzi eta besteak etortzen badira gauzak egin daitezke eta neskak ere animatuko balira, txikitatik hobe izango litzateke. Izan ere, nesken pilotak ere gorakada bat izan du azken urteetan.
Orain erretiroa hartu ostean, behar denerako egongo naiz ilobekin, amarekin….
Zergatik ez dute gazteek pilotan egiten jarraitzen?
Futbola da erregea eta ezin izango dugu inoiz tronutik kendu. Gero eta kirol gehiago dago herrian eta oso ondo deritzot, baina kirol minoritarioek besteen eragina sufritzen dugu. Eta noski ikasketak daude guztiaren gainetik.
Gaur egun haur eta gazteek ez dituzte orduak guztia egiteko. Egoera ulertu behar da. Horregatik, pilota eskolan haur batzuk egun bakarrean doaz, beste batzuk bi. Batzuk futbola edo igeriketa eta pilota egiten dute. Baina futbola eta pilota egiten dutenek, azkenean futbolean amaitzen dute. Horregatik antolatzen da San Pedro jaietako txapelketa, gazteak motibatu eta bultzada txikia emateko.
"Egun 30 bat gaztetxorekin lan egin ahal izateak poztasuna ematen du"
Nesken pilota aipatu duzu, herrian gutxi dira pilota jokatzera animatu direnak.
Itxaso Iparragirre dugu eta bi alebinek ere izena eman dute. Aurretik Ane Arteaga izan zen.
Itxaso oso ondo dabil eta txikitatik mutilekin egon da entrenatzen, agian horrek onerako egin dio. Federazioko errendimendu talde batean ere lanean ari da.
Ea pixkanaka kopurua handitzen doan. Lasarte-Orian oraingoz uzkur egiten diote. Beste kirol batzuk ere egiten dituzte.
Palan saiakera egin genuen Santa Anan eta San Pedro Jaietako beterano eta emakume txapelketa ere sustatu genituen.
Iparragirre aipatu duzu, baina bada pilota eskolan etorkizuna duen kiderik?
Egun dauden pilotarietatik Itxaso Iparragirre eta Jauregi anaiak indartsu datoz. Jauregi anaiek oso gustuko dute pilota. Euren artean gainera ertaina Irai fin dabil. Bere mailako neurketa guztiak irabazi ditu lehen fasean.
Infantil talde majoa ere badago. Taldea egotea beharrezkoa da. Pilotari bat bakarka entrenatzen bada bere mailako edo pareko mailako baten aurka ez baldin badabil ez du aurrera egingo. Asmoa ez da profesionalak izatea, baina kalitatea duen pilotariren bat baduzu, harekin lan egin eta bidea egiten lagundu behar diozu.