Herrian eman zituen lehen dantza pausoak Uxue Odriozola Zarautzek (Lasarte-Oria, 2003); Kukuka dantza eskolan. Urte batzuez bertan aritu ostean, Villabonako Oinkari dantza taldean hasi zen gero, eta bertako kide izaten jarraitzen du egun. Talde horrek, gainera, Korrontzi musika taldearekin maiz kolaboratzen du; hori dela-eta, bertako musikariekin batera, hango eta hemengo, Euskal Herriko zein hortik kanpoko oholtzetan ibiltzen dira dantzariak ere; horien artean, hala egokitzen zaionero, Odriozola bera. Argentinako Bahia Blanca hirian izan zen azaro erdian; urtero herrialdeko hiri ezberdin batean aurrera eramaten duten Euskal Aste Nazionalean parte hartu du, Korrontzirekin batera, eta esperientzia horren berri eman dio TXINTXARRI aldizkariari.
Noiztik zara Oinkari dantza taldeko kide?
Oso gaztetatik. 6-7 urterekin hasi nintzela esango nuke.
Nolakoa da zure dantza ibilbidea talde horretan?
Ni Lasarte-Orian hasi nintzen dantzan, Kukuka dantza taldean. Eskolan, aipatu talde horretako informazio orriak banatzen zizkiguten, eta bertan eman nituen lehengo pausoak; txikitatik asko gustatu izan zait dantzatzea. Bertako irakasle bat Oinkarin aritzen zen, eta lehengusu baten ezagun batzuk baita ere. Emanaldiren bat edo beste ikusi eta erabaki nuen bertan izena ematea.
Zer moduzko esperientzia izaten ari da urte hauetakoa?
Oso ona. Hasieratik lagun taldea ere egin nuen, eta hamar bat urte badaramatzagu elkarrekin.
Nola sortu zitzaizuen Argentinara joateko aukera?
Oinkarik dantzatzen du Korrontziren emanaldi gehienetan. Folk estiloko musika egiten duen taldea da hori, eta elkarlanean, 10-15 urte daramatzate dagoeneko. Bertako dantza taldeko kide naizenez, eta adinean aurrera noanez, gure aurreko kideak taldea uzten joan dira, eta horrek, niri, Korrontziren emanaldietan parte hartzeko aukerak eman dit. Horrek Euskal Herritik kanpo ere emanaldiak aurrera eramaten ditu, eta, normalean, horrelako ikuskizunetara bi dantzari joaten dira. Gauzak horrela, niri Argentinakoan parte hartzea egokitu zitzaidan. Dantzarien aukeraketa irakasleak berak erabakitzen du.
Nor izan zenuen dantzakide Argentinan?
Gorka Granado kidearekin aritu nintzen. Sopelakoa da, eta Oinkari dantza taldeko kidea. Bizkaitarra izanagatik, Villabonara etortzen da, ahal duen aldiro, entseatzera.
Nolako esperientzia izan zen?
Oso-oso-oso polita. Jakin banekien euskal kultura eta tradizioarekiko badagoela ezagutza eta lotura, baina bertara iristean konturatu nintzen hori zenbaterainokoa den. Ederki hartu gintuzten, gu ezagutzeko izugarrizko gogoa zuten; espeziala izan dela esango nuke.
Euskal Etxe bakoitzeko euskal dantza talde handiak ikustea, hemengo jantzi berberak erabiltzen dituztela atzematea polita izan da; dantza bakoitza zein herritakoa den ere badakite, ia-ia guk baino hobeto. Bertakoak euskaraz nola mintzatzen diren ikustea ere ederra izan da. Nik galdetzen nien nola ikasi duten; esan didate Euskal Etxeetan ikasi dutela, edota Euskal Herritik joandakoek irakatsita baita ere; bada Euskal Herrian egindako egonaldiei esker ikasi duenik ere.
Argentinan non egon zineten zehatz-mehatz?
Bahia Blanca hirian dagoen Union Vasca Euskal Etxean egon ginen. Euskal etxetik gertu apartamentua hartu genuen, baina denbora gehiena bertako euskal etxean igaro genuen. Argentinan urtero aurrera eramaten dute euskal astea, eta horren antolaketa, herrialdeko euskal etxe jakin bati dagokio. Gauzak horrela, euskal etxeetako kideak ere antolatzaile den horretan biltzen dira. Kontzertuak eta bestelako ekimenak antolatzen dituzte. Dantza emanaldiak, adibidez, urte osoan zehar prestatzen dituzte; oso garrantzitsuak izaten dira beraientzat, gainerako euskal etxeetako kideek ikusten dituztelako, eta urduri egoten dira. Otorduak ere elkarrekin egin genituen, kalean aurrera eraman zituzten desfileak ere ikusi genituen. Esan bezala, urtero egiten duten topaketa da. Izugarrizko garrantzia du aste horrek beraientzat guztientzat; esan ziguten urte osoan horretarako lanean aritzen direla.
"Ederki hartu gintuzten; gu ezagutzeko gogo bizia zutela erakutsi ziguten"
Zein izan zen zuen zeregina topaketa horretan?
Bi emanaldi aurrera eraman genituen; ostiralarekin bat (azaroak 15), eta bestea, larunbatarekin (azaroak 16). Egon zen beste talde bat, otordu osteak girotzeaz arduratu zen.
Nolako emanaldia eskaini zenuten?
Euskal Herrian egiten dugun bera aurrera eraman genuen. Oso gustura geratu ginen egindako lanarekin.
Eta zein jantzi erabili zenituzten?
Jantziena kuriosoa izan zen, izan ere, euskal etxeetako partaide guztiak euskal jantzi tradizionalekin aritu ziren, baina gu ez. Guk Korrontzirekin ez ditugu gisa horretakoak erabiltzen; gonak eta prakak bai, baina euskal jantzi tradizionalik ez.
Gisa horretako bidaietan izaten al da bidaiatu eta ingurua ezagutzeko aukerarik?
Bahia Blanca bera zertxobait ezagutu genuen; besterik ez. Egun gutxi igaro genituen Argentinan eta herrialdea bera hain handia izanda, ez genuen mugitzeko aukera gehiegirik izan; sei eguneko bidaia izan zen. Kontuan izan behar da horietako bat eta erdi bidaian igaro genituela, beraz, bertan lau baino ez.
Pentsatzen dut bertakoekin harremanak ere sortuko zirela, ezta?
Bai, emanaldi bakoitza eta gero argazkiak ateratzeko galdegiten ziguten, eta sinadurak eskatzen. Artista famatu-famatuak bagina bezala tratatu gintuzten; guk pentsatzen genuen, 'Euskal Herrira itzuli eta gure ohiko egunerokoarekin jarraituko dugu'. Behin eta berriz esaten ziguten gure bideoak-eta ikusten zituztela; harrituta geunden!
Nola prestatu zenuten emanaldia?
Euskal Herrian ia asteburuero dugu emanaldia, beraz, nahiko landuta genuen han erakutsi behar genuena. Joan aurretik, hemen emanaldiak hasi baino lehen egin ohi dugun entsegua egin genuen, baina dena prest zegoen; oholtzaratu beharrekoa, landuta.
Zer topatu zenuten Bahia Blancan?
Bigarren Euskal Herri bat esango nuke, hizkuntza, tradizio eta kultura aldetik gehien bat. Asko harritu ninduen, adibidez, hango haurrek hemengo politikaren gainean erakutsi zuten jakin minak. Esango nuke hemengo gaztetxoei arreta deitzen ez dieten kontuak direla.
Argentinan bizi arren, askok agertzen zuten euskal herritar izatearen sentimendua. Ezagutu genituen Euskal Herrian jaiotakoen ondorengoak, baina beste asko, euskal etxeetara joaten hasi, giroa gustatu eta bertan jarraitzeko hautua eginda murgildu dira errealitate horretan; hor ibiltzen dira denak, pilotan, trinketean, euskal dantzan, eta abar.