Urtearen errepaso 'earra' egin dute

Txintxarri Aldizkaria 2024ko abe. 23a, 08:00

Blusak jantzi eta Sorgin Jaiak ospatu bitartean bertsotan aritzea ohiko bilakatu da Earra! eskolako ikasleentzat.

Earra! bertso eskolako kideek ederki erantzun diote TXINTXARRI aldizkariak egindako proposamenari, eta amaitzear den urtea errepasatu dute, bertso eta errimaka.

Doinua: 'Motibo bat nigana'

Hasierak amaiera
duenez opari
begira jar gaitezen
urte zaharrari
asmoz asmo edota
eskariz eskari
zorigaitzak bakarrik
datozenez, adi:
eskatu gauza onak
urte berriari!

Neguak utzi zuen
bere joanean
aldarrien oihartzun
bat ingurunean
Agedaren omenez
kolpeka lurrean,
martxoaren zortzian
indarra sarean…
Lurra ta gizartea
esnatu nahiean

Udaberriarekin
herria dotore
jarri zitzaigun bere
zelai eta lore,
bere bizipoz, bere
ortzadar kolore,
bere eguzki printza
textura, olore...
koloreztatuz dena
ikusten da hobe!

Udaran jartzen dugu
festarako zita
San Pedro, Sorgin jaiak
dantza ta musika!
herritarren giroa
behatzen jarrita
horrela ikustea
ez al da polita?
Sorginkeritan blusak
soinean jantzita!

Hemen uda giroa
Valentzian kaosa
udazkenean ero
plantetan kosmosa
gurean bitartean
usadioen hotsa
herrian egun kuttun
bat ez al da krosa?
hamar kilometrotan
kabitzen den poza

Piskana negurantza
eginda bidea
gabon garaia dugu
horren dotorea.
Gutuna idaztea
da orain xedea
Xixukok jasotzea
urtero legea
Mari Domingik jada
badauka gurea!

Bizitako guztia
bertsotan esanda
jadanik heldu zaigu
abenduko langa
gure onenak eta
txarrenak emanda
iritsi zaio urte
berriari txanda
joan zaigun urtea
EARRA! izan da.

Martxoaren 8aren harira bertsotrikipoteoa egin zuten Earra! bertso eskolako kideek, erdigunean barrena.