Jo eta jira, ederki moldatu dira!

Txintxarri Aldizkaria 2024ko abe. 19a, 19:19

San Tomas Egunaren atarian, taloak nola egin ikasi dute lasarteoriatarrek. Ttakun Kultur Elkarteak urtero antolatu ohi duen jarduera da, eta erantzun ona izaten du herritarren aldetik; ehun bat lagunek parte hartu dute aurten, bi txandatan banatuta.

Talo goxo-goxoak egin dituzte askotariko adinetako lasarteoriatarrek, gaur arratsaldean, Ttakunenea elkartean. Bi txandatan antolatu dituzte ehun parte hartzaileak; 17:00etan hasi da lehena, eta, 18:30ean, berriz, bigarrena. 

Urtero lez, San Tomas azokako talogileen laguntza izan dute, eta horien aholkuei jarraiki prestatu dituzte jakiak. Partaideak iritsi bitartean, arto irinarekin egindako ore bolatxoak prestatu dituzte talogileek, eta, hori nola prestatu azaldu diete, bertaratu direnei, saioa hasteko. Masak eduki beharreko hezetasun maila egokia zein den ikasi dute, baita orea nola jo eta jiratu ere. 

Lan zailenak eginda, sukaldean zain zituzten laguntzaileengana joan dira; horiek taloak sutan erreta itzuli dizkiete jabeei. Gustura, lagunartean jan dituzte denek ala denek.