Gureak Zerbitzuak-ek Lasarte-Oriako Route 33ren ateak berrireki ditu, ostalaritza kontzeptu berri batekin: Ogiberri okindegi batekin, gosariak, pintxoak eta ogitartekoak zerbitzatzen dituen barra batekin eta eguneko menua eskaintzen duen self service gune batekin ere. Gainera, laster Tortilla del Zabaleta-ren gune bat irekiko dute, bertan egindako patata tortillak barran kontsumitu edo eraman ahal izateko. Horrela, Gureakek bere gain hartuko du Ogiberriren jabetzakoa den establezimenduaren kudeaketa integrala.
Zirkuitu ibilbideko poligonoaren ondoan eta N-1 errepiderako sarbidearen aldamenean kokatuta, Route 33 establezimendua errendimendu betean dago jada. Une honetan hamalau pertsona ari diran lanean, horietarik 11k desgaitasunen bat dute eta erdiak baino gehiagok laguntza premia handiak dituzte, hau da, batit bat adimen desgaitasuna edo buruko gaixotasunen bat dute.
Route 33 hainbat eremutan banatuta dagoen 500 metro karratuko lokal zabala da. Gureak Ostalaritzako arduradun Laura Cuestak azaldu duenez, helburua eskaintza bezeroen profiletara egokitzea da. "Bezero desberdinei erantzun nahi diegu: inguruko bizilagunei, poligonoetan lan egiten dutenei, N-1 errepidera sartu aurretik geldialdi azkar bat egin nahi dutenei edo asteburuetan Lasarte-Orian eta Zubietan kirolaz gozatu nahi dutenei". Ordutegia, hauxe: astelehenetik ostiralera, 07:00etatik 19:30era; larunbatetan, 08:00etatik 19:30era; eta, igandeetan, 08:00etatik 15:30era. Sukalde zerbitzua egunero irekiko dute 12:30etik 15:30era. Horrekin, Gureak Zerbitzuak sailak elikaduraren sektorearen aldeko apustua sendotu nahi du, lehentasunezkoa bihurtu baita.
Cuestaren hitzetan, elikaduraren sektoreak garapen soziolaboralerako aukera asko eskaintzen dizkie desgaitasuna duten pertsonei: "Aukera egonkorrak eta egokituak, eta kasu honetan, gainera, kolektiboaren gaitasunak agerian uzten ditu, publikoarekin harreman zuzena baitute". Gureak Zerbitzuak sailak, 1.500 pertsonatik gorako taldearekin, Gipuzkoako enpresa eta erakundeentzako zerbitzuen kudeaketa integralean dihardu. Zerbitzuen dibertsifikazioa eta espezializazioa konbinatzen ditu, eta gaur egun hainbat alorretan ari da: elikaduran, garbiketan, lorezaintzan, zerbitzuguneetan, eta abar.
Halaber, desgaitasuna duten pertsonentzako lan aukera egonkorrak sortu eta kudeatzen ditu. Bere ibilbide luzean zehar, gizarteratzeko eta laneratzeko enpresa eredu bat sortu du eta erreferente bihurtu da Europan. Gaur egun, 6.000 pertsonak baino gehiagok osatzen dute taldea; %83ak desgaitasunen bat du. Talde sendoa eta dibertsifikatua da, eta industriaren, zerbitzuen, datuen kudeaketaren, informazioaren eta komunikazioen sektoreetan lan egiten du batez ere.