"Diru sarrera mugatuak dituen udalerria gara, eta, horregatik, lasarteoriatarrak dira guri baliabideak ematen dizkigutenak. Orain, guri dagokigu jasotakoa beraiei bueltan ematea; zumitz horrekin egin dugu saskia", azaldu du alkateak. Otar hori 40.709.521 eurokoa izango dela zehaztu du eta urtarril hasieran hasiko direla txostenean jasotako guztia aplikatzen. Hori baino lehen, udal korporazioko gainerako alderdien galbahea igaro beharko du, bihar goizean (09:30) egingo duten ezohiko saioan. "Ahalegin asko egin dugu, hilabete askotako lanaren emaitza da". Duela hilabete pasatxo hasi ziren korporazioko gainerako alderdiekin biltzen, euren iradokizun eta iritziak jasotzeko. "Helarazi dizkiguten emendakin batzuk onartu ditugu eta proposamenean jaso ditugu; eskerrak eman nahi dizkiet denei, negoziatu bitartean izan duten jarrera onagatik".
Halaber, nabarmendu du datorren urteko aurrekontuen helburua dela "bizilagunen egunerokoa erraztea, udalak ematen dituen zerbitzuak hobetzea, udalerria dinamizatzea eta parte hartzea sustatzea".
Bi atal nagusitan xehatu ditu aurrekontuak Valdiviak: sarrerak eta gastuak. "Diru sarrerek ahalbidetzen dute udalak dirua inbertitu ahal izatea". Lehenengo atal horretan uste baino hiru milioi euro gehiago jasoko dituztela jakinarazi du: 1.200.000 euro Gipuzkoako Foru Aldundiaren dirulaguntza batengatik, kiroldegi berria eraikitzen laguntzeko; aurreikusi baino 1.000.000 euro funtsen transferentzietan; eta 700.000 euro gehiago datorren urtean zaborraren tasari aplikatu beharreko legezko igoeragatik. Bestalde, zehaztu du 10.000.000 euroko mailegu bat eskatu zuela iaz udalak eta urtez urte ari dela pagatzen; ordaintzeke geratzen dira 9.000.000 euro pasatxo.
Zerbitzuak, pertsonala eta inbertsio errealak
Gastuak azaltzeko gaztako hiru kolore nagusiak alor hauek hartzen dituzte: ezinbestean gastatu beharreko kopurua, udalak bere zerbitzuak eman ditzan (13.261.655 euro); inbertsio errealak (12.220.000 euro) eta pertsonal gastua (10.013.520 euro).
Udalak datorren urtean egingo dituen inbertsioen gaineko azalpenak eman ditu alkateak segidan. Michelingo kiroldegi berria eraikitzen jarraitzera ia 6.000.000 euro bideratuko ditu. "Aurrekontu totala 20.000.000 eurokoa da baina aipatutako hori izango da 2025ari dagokion zatia". Elkartegintza saretzera ere diru dezente bideratuko du, milioi bat euro baino gehiago, eta diru horrekin hiru lankidetzarako espazio prestatuko ditu kultur etxeko kafetegia zeneko solairuan (aurtengo neurri bat da eta "adjudikatzear" dute), euskaltegi zaharrean eta Michelingo jangelan (azken hori, kirol arloko eragileentzat izango da).
Herritarrek erabakitzeko
Datorren urteko proposamenaren berritasunetako bat da "aurrekontu parte hartzaileak" itzuliko direla: udalak 500.000 euro gordeko ditu herritarrek erabakitzen dituzten esku hartzeetan inbertitzeko.
Elkarlan egitasmoak gauzatu ahal izateko dirulaguntzak, berriz, 1.721.000 eurokoak izango dira datorren urtean. "Eragileen eguneroko jardunak ematen dio bizitza gure herriari eta funtsezko zeregina dugu horretan, ekarpen ekonomikorik egingo ez bagenie asko zailduko litzateke euren lana. Oso harro gaude elkarteen sareaz".
Inbertsio errealak
Hauek dira alkateak bere agerraldian nabarmendu dituen datorren urteko inbertsio azpimarragarrienak:
Kiroldegi berria eraikitzen jarraitu
- 5.972.000 euro (2025ari dagokion zatia, obren aurrekontu osoa 20.000.000 euroren bueltakoa da).
Udalerriko azpiegituretako lanak
- Orotara, ia 2.000.000 euro: bideak berritu eta asfaltatu, Zatarain eta Zabaleta Berrin gune estaliak jarri, Landaberri ikastolako fatxada berritu eta Plazaolako bidean landa parke bat eraikitzeko falta diren lursailak erosi, besteak beste.
Elkarte eta eragileei dirulaguntzak
- 1.721.000 euro.
Elkartegintza "saretu"
- Lankidetza espazio bat euskaltegi zaharrean, elkarteek materiala gorde eta bilerak egiteko: 680.000 euro.
- Lankidetza espazio bat Michelingo jangelan, kirol elkarteek materiala gorde eta bilerak egiteko: 618.000 euro.
Skate parkea eta Atsobakarreko kirol gunea
- 522.000 euro skate parkea berritzeko, gaur egun dagoen tokian.
- 400.000 euro harmailak egiteko Atsobakarreko kirol gunean.
Aurrekontu parte hartzaileak
- 500.000 euro gordeko dituzte herritarrek erabaki dezaten diru kopuru hori zein esku hartzeetan erabili. Parte hartze prozesu bidez egingo dute hori.
Hirigintzako esku hartzeak
- 300.000 euro bideratuko dituzte non esku hartu behar duten ikertzeko.
Arratoien izurritea
- Ingurumeneko esku hartzeetarako 1.027.060,82 euro erabiliko dituzte, besteak beste, "arazo oso serio" bilakatu den arratoien izurritea kontrolatzeko. "Teknikariek azaldu digute erabiltzen ditugun pozoiekiko immunitatea garatzen ari direla animalia horiek".
Sailen aurrekontuak
Idazkaritza
- 11.989.00 euro. Diru gehiena pertsonal gastuetara bidaliko dute, udaletxeak egoki funtzionatzeko "ezinbestekoa" dena bermatzera, alkatearen hitzetan.
Hirigintza
- 11.128.861 euro. Partida horretatik ia guztia (10.000.000 eurotik gora) obra, lan eta udalerriko azpiegituren mantenurako erabiliko dute. Esku hartze garestiena izango da kiroldegi berria eraikitzen jarraitzeko obrena.
Zerbitzu Publikoak
- 9.000.000 euro. Horietatik 1.500.000 euro erabiliko dituzte bideak garbitu eta berritzeko, beste milioi bat euro hondakinak tratatzeko eta 260.000 euro Manttangorri hiribusaren zerbitzua berritzeko. Autobus elektrikoa ekaina baino lehen martxan jartzea espero dute.
Gizarte Zerbitzuak
- 2.229.750 euro. SAD etxeko arreta zerbitzua nabarmendu du Valdiviak. "Iazko aurrekontuetan diru dezente gehiago gorde genuen hori indartzeko eta nabaritu da, esku hartu beharreko kasuak goizago identifikatzerakoan batez ere". Horretarako diru partida 1.300.000 eurokoa izango da.
Kirola
- 1.298.540 euro. Gaur egun herritarrek erabiltzen dituzten kirol azpiegiturak mantentzeko dirua izango da hori.
Euskara
- 820.850. "Nabarmen" igo dute departamentu horren aurrekontua, datorren urteko maiatzean izango delako Euskaraldia. "Oso harro gaude gure hizkuntza politikaz; askok zoriontzen gaituzte. Lasarte-Orian oso beharrezkoa izaten jarraitzen duela garbi dugu".
Sozioekonomia
- 748.365 euro. Poltsa horren erdia Beterri-Buruntza mankomunitatera bideratuko dute.
Kultura
- 664.773 euro, gehienbat, kultur etxean emango dituzten zerbitzuentzat.
Jaiak
- 562.160 euro, horietatik ia 400.000 festetako jardueretara. "Dena ez da ba lan egitea izango, gozatu ere egin behar dugu", nabarmendu du alkateak, umorez.
Hezkuntza eta Gazteak
- 509.500 euro, batez ere premiazkoak diren bi alorretan esku hartzeko. Batetik, Gaztelekuan zerbitzuak emateko kontratua lizitatu nahi dute, 170.000 eurogatik. "Ea behingoz hori egitea lortzen dugun eta eraikinari benetako bizitza ematen diogun, zaila egiten ari zaigu". Bestetik, udako txokoetarako 150.000 euro inbertituko dituzte eta jangela zerbitzua ere emango dute.