Urtea amaitzeko, San Silvestre lasterketa

Txintxarri Aldizkaria 2024ko abe. 18a, 10:45

Lasarte-Oriako boluntario taldeko kideak eta alkatea, aurkezpenean.

Hilaren 31ean, herriko kaleak alaituko ditu San Silvestre lasterketak. Lasarte-Oriako boluntario taldeak alkate Agustin Valdiviak aurtengo edizioaren berri eman zuten atzo arratsaldean

Urtero legez, goiz eta arratsaldeko egitaraua izango da zortzigarren edizioan (ikus ondoan) eta besteak beste, proba antolatzen duen Lasarte-Oriako boluntario taldeak aurreratu duenez, aurten pintxo-potean batutako dirua Gipuzkoako Diabetes Elkarteari(AGD) emango dio. "Herrian familia batzuk daude gaixotasun horrekin bizi behar dutenak eta euren egoera ikustarazteko pintxo-pote solidarioa egokia iruditu zaigu", aipatu dute.

Ibilbidean moldaketa

Aurten lasterketako 1 dortsala Ostadar Ipar Martxa taldeak eramango duela iragarri dute, bere hamargarren urteurrena dela eta.

      Egitaraua

  • 11:00etan LOZETeta Oaintxe in deu txaranga.
  • 11:30etatik 13:00etara pintxo-pote solidarioa.
  • 12:00etan haur-kanpaikadak Porrotxen laguntzarekin.
  • 15:30ean proba-aurreko beroketa musikatua Saito Gimnasioarekin batera.
  • 16:00etan lasterketa.

Horrez gain, aurten proban bi modalitate izango direla azpimarratu dute: korrikalariak eta ipar martxalariak. Lehenek 5,5 kilometroko bidea egingo behar dute eta bigarrenek, aldiz, 4 kilometrokoa.

Ibilbidean moldaketa txiki bat ere egin dela aurreratu dute. Erribera aldean egindako lanez baliatuz, ibai ondoko bidetik joan beharrean, bide gorria jarraituko, zubitxoa igaro eta etxebizitzen portxetatik joango da lasterketa.

Izena ematea martxan da lasterketako webgunean eta hilaren 28ra arte egongo da irekia. Bide horretatik egiten dutenek zazpi euro ordainduko dute.

Azken momentura arte zalantzak dituztenek hilaren 29 eta 30ean 11:00etatik 13:30era eta 17:00etatik 19:00etara edo egunean bertan goizez 10:00etatik 12:00etara aukera izango dute Antonio Mercero gunean inskripzioa egiteko. Egun horietan eginez gero, 10 edo 15 euro ordaindu beharko dute parte hartzaileek. 

Webgunean aurki daiteke probako informazio guztia, hala nola, sariak zein parte hartzaileek 16 urte baino gehiago izan behar dituztela.

Egunerako boluntario beharra dutela ere nabarmendu dute antolatzaileek eta webgune zein sare sozialen bidez eurekin harremanetan jarrai daitezkeela aipatu dute. 

Eta azkenik eskerrak eman dizkiete boluntarioei, babesleei eta Udalari euren laguntzarengatik.

Alkateak boluntario taldeak egiten duen lana eskertu du: "Ez da erraza horrelako lasterketa antolatzea. Euren lanari esker, Lasarte-Orian urteari amaiera ederra eman ahal diogu".