Duela urtebete estreinatu zuen Tartean Teatroa konpainiak Kortxoaren dilema obra. Denbora horretan guztian, hango eta hemengo oholtzetan erakutsi dute, eta, orain, Lasarte-Oriako Manuel Lekuona Kultur Etxeko eszenatokia hartuko du. Bertan ariko dira, aktore gisa, Patxo Telleria eta Mikel Martinez. Azken horrek agerraldia egin berri du, antzerki obra aurkeztu eta horren gaineko zenbait zertzelada emateko.
Azaldu du oholtzaratuko duen obrak baduela eszenografia, eta argiztapenak ere baduela presentzia, baina, gainerakoan, "antzerki obra soila" dela, hau da, ez dagoela, adibidez, ez zuzeneko musika ez dantzarik, ezta ikus-entzunezkorik ere: "Hemen dago antzerkian behar-beharrezkoa dena ideia bat, testu zoragarria eta elkarren artean sekulako borroka duten bi pertsonai". Gaineratu du "ikus-entzuleak besaulkietara lotzen dituen lana" dela.
Etika eta filosofia politikoko irakaslea izango da bi horietako bat (Mikel Martinezek hezurmamituko du); ezkertiarra eta sona handikoa. Egungo sistema kapitalistara "moldatu" den pertsona gisa (horregatik kortxoari erreferentzia, ur gainean mantentzen jakin duelako) aurkeztuko da, nahiz eta, horretarako, bere garai bateko printzipioak baretu behar izan dituen.
Gaixorik dago, ordea. Minbizia du, baina ezustean, sendatzeko aukera sortu zaio, izan ere, aberats ospetsu batek osasun sistema publikoari egindako dohaintza bati esker, tratamendu hartzeko aukera izango baitu. Horren aurrean, irakasleak usteko du dohaintza hori bere burua zuritzeko egin duela pertsona ospetsu horrek, eta ez da ados agertuko (beti agertu da kontra). Gauzak horrela, bere printzipioekiko leial izatearen, edo bere bizitza salbatzearen artean erabaki beharko du.
Bideokonferentzia bidez jakinaraziko du bere azken erabakia, eta hori egitera doan unean, bere ikasle izandako bat (Patxo Telleria) agertuko da, eta aspaldiko kontuekin "endredatu" egingo du.
Umorea, drama eta tentsio handiko uneak erakutsiko dituzte aktoreek agertoki gainean; hala gaineratu du Martinezek.
Azkenik, antzerki obraren lerroburuari erreferentzia egin dio, eta azaldu, dilemek herritar ororen egunerokoari egiten dietela erreferentzia.