Gabonetako oporrak ongi irabazi dituzte Udal Musika Eskolako kideek

Txintxarri Aldizkaria 2024ko abe. 18a, 08:00

Azken hilabeteetan ilusioz eta gogoz entseatutakoa oholtzaratu dute Udal Musika Eskolako ikasleek, ikus-entzulez lepo zegoen Manuel Lekuona Kultur Etxeko auditorioan. Gabon kanta ezagun ugari abestuz ekin diote emanaldiari estudiante gaztetxoenek, eta instrumentu ugarirekin piezak jo dituzte nerabe, gazte eta helduek.

Kontzertuaren aurreko aste eta egunak ohi baino mugituagoak izan ohi dira ikasleentzat, are gehiago areto handietan aritzera ohituta ez daudenentzat. Batzuk zein besteak, beteranoak zein hasiberriak, lasai asko joan daitezke oporretara, Eguberrietako kontzertu ederra eman baitute guztien artean. Patxadaz har dezakete atseden irakasleek ere, ikasleek oso txukun plazaratu dutelako hilabeteotan erakutsitakoa.

Auditorioko oholtza gainera igotzen lehenak izan dira Udal Musika Eskolan ikasten hasten azkenak, hau da, gaztetxoenak. Eguberri kantu ezagun ugari abestu dituzte Miren Etxenagusiaren zuzendaritzapean. Emanaldian zehar erakutsi dute ikasleek nola gozatu duten hilabeteotan, eskoletako argazki ugari proiektatu baitituzte. Amaiera aldera animatu egin da kontua, zuzendariak txalo egiteko eskatu dienean ikus-entzuleei. Berehala hasi dira batzuk eta geroxeago besteak, kontzertua grabatzeari utzi eta sakelako telefonoak poltsikoetan sartu dituztenean.

Ikasleek poltsikoetan sartu dituzte baita ere ikus-entzuleak emanaldian zehar, pieza klasikoagoak nahiz modernoagoak jota, instrumentu ugarirekin: biolina, pianoa, zeharkako flauta, gitarra klasikoa... Ordubete pasatxo iraun du emanaldiak eta partaide guztiek merezitako saria jaso dute amaieran: kultur etxera bertaratu direnen txalo zaparrada.