Michelin kirol gunean jokatu zuen Texas Lasartearra CFko kadeteak kopako lehen jardunaldia, hilaren 14an; Ikasberri KE B izan zuten aurrez aurre.
Herritarrek lehiaketan aurrera egin nahi dutela argi utzi zuten eta ederki egin zieten aurre azpeitiarrei. Atsedenaldira 3-0 iritsi ziren –lehena euren atean sartu zuen Ikasberrik– eta beste gol bati esker, 4-0 nagusitu zen talde zuri-urdina.
Ordu batzuk geroago zelai berean, Ostadar SKT C taldeak Udaberriko Kopari hasiera eman zion Santo Tomas Lizeoa B taldearen aurka. Bana berdindu zuten neurketa.
Ostadar SKT B taldeak, aldiz, egun bat gehiago itxaron behar izan zuen kopako neurketa jokatzeko. 2. multzoko lehiakide izango da talde urdin-beltza eta Santo Tomas Lizeoa izan zuen lehen aurkari etxean; donostiarrak 0-2 gailendu ziren.
Oporrak gertu
Herriko futbol taldeek ez dute oraindik atsedenik izango. Hilaren 21ean eta 22an lehiaketa ezberdinetako hitzorduei aurre egin eta Gabonetako oporraldiak hasiko dituzte.