"Irudimena" erabili dute Eguberrietako jardueren egitaraua prestatzeko

Txintxarri Aldizkaria 2024ko abenduaren 17a

Ezker-eskuin, Jaiak saileko zinegotzi Txus Alonso eta Agustin Valdivia alkatea, Eguberrietako egitaraua iragartzen.

Lasarte-Oriako Udalak zenbait neurri hartu behar izan ditu Eguberrietako Haur Parkea bezalako ekimen batzuk aurrera eramateko aurten. Michelinen kiroldegi berria eraikitzeko obrak hasita daudenez, haurrentzako jarduerak Oriarte Landaberriko patiora eramango dituzte, eta nerabeenak, Loidibarren pilotalekura. Jaizkibel plazako karpa magikoa eta herria zeharkatuko duen txu-txu trena izango dira beste bi arretagune.

"Eskerrak ematen dizkiot Jaiak sailari, eta, bereziki, Txus Alonso zinegotziari, herritarrak Eguberrietako jarduerarik gabe ez uzteko egin duten lanagatik; irudimena erabili behar izan du udalak egitaraua osatzeko", adierazi du Agustin Valdivia alkateak. Hori esanda, lasarteoriatar guztiak animatu ditu programetako ekimenaz gozatzera eta baita inguruko herritarrak ere: "Badakigu aurreko urteetan hona etorri izan direla euren herrietan baino jarduera gehiago egin izan ditugulako, eta aurten ere hala izatea nahi dugu".

Jaiak departamentuko zinegotzi Txus Alonsok hartu du hitza gero, egitarauaren nondik norakoak azaltzeko. Zehaztu du "56.000 euro inguruko aurrekontua" bideratu dutela Gabonetako ekimen sorta antolatzeko. Hauxe da egitaraua:

  • Hilaren 21ean, 19:30ean Okendo plazan, San Tomas egunean, Bide Batez erromeria taldearen kontzertua.
  • Hilaren 22an, Andatza plazan, karpa magikoa jarriko dute. Eremuan 50 pertsona sartzen direnez asko jota aldi berean, hiruna pase egingo dituzte goizean nahiz arratsaldean: 12:00etan, 12:45ean eta 13:30ean aurreneko hiruak; eta 17:30ean, 18:15ean eta 19:00etan beste hiruak. Emanaldi horiek egin bitartean, kanpoan, egurrezko jokoak jarriko dituztela jakinarazi du Alonsok.
  • Hilaren 22an eta 23an, gazteentzako jokoak (bideojokoak, laserrak...) jarriko dituzte Andatza plazan, goizez eta arratsaldez.
  • Hilaren 26an, 17:00etan kultur etxeko auditorioan, Pompas gigantes ikuskizuna, Pomper taldearen eskutik. Sarrerek 2 euro balio dute.
  • Hilaren 29an, herrian barrena, txu-txu tren bat ibiliko da, goizez eta arratsaldez. 
  • Hilaren 31n, Antonio Mercero areto alboko plazan, minidiskoa eta disko festa egingo dituzte. Aurrenekoa 19:00etan hasiko da eta bigarrengoa, kanpaikaden ostean, 00:45ean. Hiru orduko iraupena izango duela aurreratu du Alonsok.
  • Urtarrilaren 2an, 17:00etan kultur etxeko auditorioan, Magiaderia absolutoa ikuskizunaren emanaldia egingo du Marsel magoak. Sarrerek 2 euro balio dute. "Familiako kide guztiei zuzenduta dago eta gaia birziklapena da", zehaztu du Alonsok.
  • Urtarrilaren 4an, 22:30etik aurrera Okendo plazan, kontzertuak: Odolaren Mintzoa, Xsakara eta Hazas.

Eguberrietako Haur Parkea

Urteko garai honetako jarduera ohikoenetako bat da Eguberrietako Haur Parkea. Normalean, Michelingo pilotalekuan egin izan du udalak, baina kirol gunearen eremu hori obretan dagoenez, bitan banatzea erabaki dute. Gauzak horrela, Oriarte Landaberri eraikineko patioan izango dira haurrentzako jarduera eta jolasak, eta nerabeentzakoak, Loidibarren pilotalekuan. 

Gune bat zein bestea hilaren 23an zabalduko dute, astelehenarekin. Goizeko ordutegia 11:00etatik 14:00etara artekoa izango da, eta arratsaldekoa, 17:00etatik 20:00etara. "Egun bereziak" direlako, goizez bakarrik irekiko dute hilaren 24an, 31n eta urtarrilaren 5ean; urtarrilaren 1ean eta 6an, berriz, itxita egongo da.

Eguraldiagatik, "lasai"

Urte amaiera ez da eguraldi onena egiten duen garaia, baina udal ordezkariak "lasai" daude, Andatza plazan nerabeentzat jarriko dituzten jarduerak ez ezik gune estalietan izango direlako gainerako guztiak eta ez delako arazorik egongo horrekin. "Txu-txu trena bera, adibidez, egokituta dago eguraldi txarra egiten duen egunetarako", azaldu du Alonsok.

Hilaren 22an eta 23an eguraldi txarra egingo balu, bertan behera utziko lituzkete nerabeentzako joko horiek, espazio estali guztiak "beteta" egongo direlako egun horietan. Alonso: "Saiatuko gara ez bertan behera uzten, baina ez dugu alternatibarik pentsatu ekimen horrentzat".