Txoria txori abestiaren bertsio batek lagunduta Verdini taldeko kideek egindako lehen dantzarekin ekin diote 2024ko Kirol Galari. Txaloak isildu direnean, aurkezle aritu den Oihana Picos irten da oihalaren beste aldetik. Ongietorria eman die Manuel Lekuona Kultur Etxeko auditoriora bertaratutakoei eta udalbatza, sarituak eta herriko kirol taldeen ordezkariei aipamena egin die. Izan ere, kirolariek eta taldeek "Lasarte-Oriaren izena azpimarratzen laguntzen dute kirol lehiak eramaten dituen lekuetan". 2015ean lehen gala ospatu zutenetik kirolarien "ahalegina eta dedikazioa" aitortu dute, baina zehaztu duenez, "kirol klubak ahaztu gabe". Hori esanda, herriaren askotariko kirol aukera erakusten duen bideoa erakutsi dute.
Ondoren, Agustin Valdivia alkatea eta Kirol zinegotzi Goizalde Pildain deitu ditu eszenariora. Pildainek labur hitz egin du: "Kirol Gala ez da bakarrik kirolaren arrakasta saritzeko modu bat, Lasarte-Orian kirolariek egiten duten ahaleginak eta sustatzen dituzten balioak aitortzea ere bada”. Eskerrak eman dizkie etorritakoei baita ekitaldian parte hartu duten Erketz EDT eta Verdini dantza taldeari ere. Alkatea, berriz, gehixeago luzatu da. Ekitaldiaren helburu bikoitza azaldu du, kirolariak saritzea beren ibilbide edo denboraldiagatik eta kirol jarduera sustatzea herrian. Aintzatespenak kirola modu profesionalean edo zaletuan egiten duten guztiei zabal badakieke ere, "izen jakin batzuetan zehaztu" behar dela argitu du eta horretarako kirol klubek eta herritarrek egindako proposamenetan oinarritzen dira.
2024a kirolari dagokionean urte garrantzitsua izan dela ere aitortu du Valdiviak. Atsobakarreko azpiegitura berria "laster" prest egongo da eta kiroldegi lanak hasiak dira Michelinen. Egunero hainbat kirol egiteko nahia erakusten duten herritarrentzat azpiegitura "desiratua bezain beharrezkoa" dela uste du eta argitu duenez, apustu hori egin badute, kirola egiteak bai norbanakoarentzat bai gizartearentzat onuragarriak diren balioak dituelako da, "herria egiten dutenak".
Amaitu aurretik, alkateak hitz batzuk esan dizkio omendu bakoitzari. Belartietaren "indar eta zorroztasuna" aipatu ditu, baita egindako denboraldi ikusgarria ere. Aretoan ez zegoen Martini buruz, berriz, hiru urtean Real Sociedad Btik Lehen Mailara iritsi izana nabarmendu du. Azkenik, Solanori, lasateoriatarrek eskertzeko asko diotela, "ziurra baita zure konpromisorik eta lanik gabe euskal pilotak ez lukeela duen lekua izango gure herrian. Baina merezitako atsedena irabazi duzu".
Merituen zerrenda
Kategoria bakoitza aurkeztu eta egindako proposamenak ezagutarazi ditu Picosek, baita erabakitzeko prozesua bera ere. Gero, emakume kirolari sariarekin hasi da. Belartietaren txikitako oroitzapen berezietako bat gurasoekin Donostiara Kontxako estropadak ikustera joaten zenekoa da. Birraitona arraunlaria zuen eta 16 urterekin izan zuen Aiorak kirol horrekin lehen hartu-emana. Ordutik "engantxatuta" gelditu zen. "Sakrifizio hitza askotan errepikatzen du, baita bakoitzean gehiago gozatzen duela ere”. 2022an saria lehenengoz jaso zuenean denboraldi garrantzitsuena 2020koa edo 2021eko zela esan bazuen ere, "azkena mundiala izan da", 19 bandera irabazita.
Eszenariora igo da Arraun Lagunakeko kidea eta txapela jarri dio alkateak. Pildainek, berriz, lore sorta eman dio, eta hiruek elkarrekin argazkia egin ondoren, atzean zuen sofan eseri da.
Jon Martini, anaiari eta arrebari ez bezala, ez zitzaion txikitan futbola gehiegi interesatzen, "nahiago zuen parkean jolasean ibili". 8 urterekin Ostadarren hasi zenetik, ordea, iritziz aldatu zuen, "erabat liluratuta" dago kirol horrekin. 11 urterekin Realeko probekin hasi zen eta jarraipena egiten hasi zitzaizkion. Urtebete geroago klubeko infantiletan jokatzera pasatu zen. Bere ibilbidea "une garrantzitsuz" osatuta dagoela nabarmendu du Picosek eta adibide gisa: 2022-20023 denboraldian 17 urtez azpiko Espainiako futbol taldean jokatu zuen eta 16 urterekin Sansen jokatzen zuela, lehen taldearekin entrenatzen ere ibili zen. Gainera, maiatzaren 19an, Betisen aurkako partidan, Benito Villamarín estadioan, debutatu egin zuen lehen taldean, aitak, Santi Martinek, Toschakekin egin bezala; eta Europa Ligan bi partida jokatu ditu.
Anoetan Las Palmasen aurkako norgehiagoka hastear zela igo da bere ama, Josune Vicente, saria jasotzera.
Solano 7 urterekin aitarekin pilotan jokatzen hasi zen, lehenik eskuz eta gero palan, eskuek min egiten ziolako. 20 urterekin entrenatzen ikasten hasi zen bere aitarekin eta elkarrekin pilota eskola sortu zuten. Sei-zortzi haur zituzten hastapenetan, egun 30 bat neska-mutil 8 eta 14 urte artekoak. Urte asko eman ditu bertan, eta duela hilabete batzuk utzi zuen arte.
Aintzatespen opariak jaso, eta hitz batzuk esan ditu. Emazte eta seme-alabei eskertu die bidean emandako babesa, Udalari, Intza elkarteari eta lasarteoriatarrei aintzatespen honetarako proposatu izanagatik. 40 urte egon naiz pelotan, une oso onak partekatzen hasieran aitarekin eta azken aldian semearekin. Nabarmendu ditu herri arteko txapelketako finala, Asier Arteagaren debuta eta beste asko. "Plazera da Gala Aiora eta Jonekin partekatzea, Jon ez badago ere, txikitatik ezagutzeaz gain, esan behar dut eskapatu egin zaiela Jonek pelotan jokatu zuela 11 urte arte". Klub guztietako boluntarioekin partekatu nahi izan du saria, "boluntariorik gabe ez litzateke kirolik egongo Lasarte-Orian haur guztientzat. Aitortza egin nahi diet".
Astarberi keinua
Aurkezleak galdera batzuk egin dizkie hiru saridunei. Besteak beste, etorkizunean bere burua nola ikusten duen galdetu dio Belartietari, eta bost urtean arraunean ikusten ez duela aitortu du. "Zazpi urte daramatzat arraunean eta oso sakrifikatua den kirol bat da. Ez dakit non ikusten dudan nire burua, baina arraunean hemendik bost urtera ez dut uste; baina hurrengo urtean edo bi urtera, bai, uste dut maila honetan". Solanori, berriz, hamar edo hogei urte barru pilotaren egoera herrian nolakoa izatea nahi duen. "Utzi dudanean baino hobeago egotea eta hartu duten gazteek jarraitze gogotsu eta ilusio handiarekin. Oso ondo egiten ari dira eta nik baino hobeago egingo dute. Dena garatzen doa, denbora aldatzen ari da, beraiek ni baino asko hobeto daude, gogotsuago. Animo eta jarrai dezatela”. Eta Vicenteri semearen bilakaerari buruz: "Ez dut sinesten, egia esan. Denbora oso gutxian lehen taldean dago. Ondo. Oinak lurrean eta egunez egun".
Tartea amaituta, Erketzeko hiru dantzarik aurreskua dantzatu diete, txistu eta danbolin doinuak jarraituz. Gala itxi duen Verdiniren bigarren dantzaren aurretik, taldeko kide Nerea Astarbe herritarrari lore sorta bat oparitu diote taldean daramatzan 21 urteengatik. Alkatearekin eta kirol zinegotziarekin argazkia egin ondoren, kideekin eszenariora bueltatu da dantzara.
Ohi bezala, ekitaldia amaitzeko talde argazkia egin dute hiru sarituek, udalbatzako kide eta Galan parte hartu duten gainerakoekin. Eta nahi izan dutenek gauza bera egiteko aukera izan dute kultur etxeko harreran jarritako photocallean.