GIPUZKOAKO BERTSOLARI TXAPELKETA

Belarrietako azkura, Illunbetik mundura

Iñigo Gonzalez Sarobe - DONOSTIA 2024ko abe. 15a, 12:00

Zortzi finalistak eta Almen bertso eskolako ordezkariak, sariak banatu ostean. Argazkia: Gipuzkoako Bertsozale Elkartea.

Alaia Martin Etxebestek irabazi du Gipuzkoako Bertsolari Txapelketa, final bikaina eginda, hasi eta buka. Beñat Gaztelumendi Arandiaren aurka jokatu du buruz burukoa oiartzuarrak. Ane Labaka Mayoz herritarrak ere saio biribila osatu du eta laugarren sailkatu da, berak nahi bezala, egotetik harago egiten ere asmatuta. 6.500 bertsozale elkartu dira Donostiako Illunbe plazan eta gogotik gozatu dute zortzi finalisten jardunarekin.

Finalean zehar bertsolariei gaiak jarri dizkien Iker Iriarte Iribarren atzetik sartu dira bertsolariak Illunbera, zozketan bakoitzari egokitutako ordenean: finalistetako lehenengoa izan da Ane Labaka Mayoz eta bere atzetik osatu dute ilara Beñat Gaztelumendi Arandiak, Alaia Martin Etxebestek, Eneritz Artetxe Eizagirrek, Andoni Rekondo Izagirrek, Aner Peritz Manterola Euzkitze-k, Nerea Elustondo Plazaolak eta Oihana Iguaran Barandiaranek. Donostia Arena bete duten 6.500 bertsozaleek goxo eta bero hartu dituzte protagonistak eta horiek ederki erantzun dute, bost ordu inguru iraun dituen jardun gogoangarria eginda: ertz askotatik ehundu duten saio biribila.

Hasierako agurretik argi utzi du lasarteoriatarrak ez dela egotera bakarrik etorri, baizik eta bertsotan dakien bezala egitera eta ikus-entzuleengan sentipen asko eragitera ere bai: "Librea izan nahi dut ez soilik ausarta / gaur Illunben jartzeko barruan aztarka / bi orpoak lurrean eta lurra dardarka". Lehen atal osoan zehar lortu du hori, plazako zorua eta horren gainean eserita zeuden 6.500 zaleak astintzea, eta berarentzat "amets handi bat" zen buruz burukora sailkatzetik gertu geratu da. Estua izan da Gaztelumendi (637,5 puntu aurreneko fasean), Iguaran (637 puntu) eta herritarraren (626 puntu) arteko lehia, sailkatu eta Martinekin batera txapela janzteko lasterketan jarraitzekoa. Gure herriko Earra! bertso eskolakoek Illunbera eraman duten pankartan nabarmendu bezala, erakutsi du ez dela batere gaizki moldatzen bertsotan, lasarteoriatarra izateko.

Merezimendu osoz gerora txapeldun izan denarekin batera osatu du Mayozek arratsaldeko bertsoaldi ederretako bat. Kartzela batean kontzertua emateko baimena eskatu duten bi musikari dira eta arduradunen onespena jaso aurretik abestien letrak bidali behar dizkietenak. Elkarrizketa polita osatu dute biek ala biek, Joseba Sarrionandiaren ihesaldia eta berriki Fermin Muguruzak Martuteneko espetxean gertakari horri buruzko Sarri Sarri abestu izanak eragindako polemika lotzeraino. Labaka:"Jarriko dizkiegu belarriak ketan / arrakala handi bat sortzeko paretan / herri hau zaildua da jada gatazketan / dena ematera goaz Alaia, benetan / ea nor kabitzen den gure bafleetan". Horri honela erantzun dio Martinek: "Bizitza ulertzen dut kantu eta aldarri / sormena ez dut inoiz gose eta egarri / amesgaiztotik nahiko nuke iratzarri / kanta dezagun, Ane, begiratuz elkarri /Gora Herria eta Sarri, Sarri, Sarri!". Herritarra ederki moldatu da gainerako binakako lanetan ere: Gaztelumendirekin, adibidez, abestu du Altxa Burua ekimenari buruz nerabe baten guraso roletik, eta Artetxerekin jostari aritu da bikote diren bi pertsonetako baten gurasoak euren etxean etengabe sartu eta irteteari buruz. 

Indarkeria obstetrikoaz

Lehen atala amaitzeko azken ariketa bakarkakoa izan da, ganbarakoa. Zozketan zenbaki bakoitia (Labakari 1 zenbakia, beraz, aurrenekoa izan da abesten) egokitu zaien bertsolariek kazetari baten papera hartu behar izan dute eta 30 urteko ibilbidean egin gabeko elkarrizketa hunkigarrienari buruz abestu, aurrez sekula sentitu gabeko zirrara eragin dien horri buruz. Labakak beti jantzita daramatzan betaurreko moreak ongi graduatu eta indarkeria obstetrikoa izan du hizpide, hau da, emakumeek haurdunaldian, erditzeko unean eta erditu ostean jasaten dituzten tratu txarrei buruz. Berriemaile gisa oilo ipurdia ez dio elkarrizketatuaren testigantzak bakarrik eragin, baizik eta konturatzeak berak biolentzia berbera jasan zuela eta orain arte ez zuela horrela interpretatu. Hiru bertso hauek kantatu ditu:

Emakume bat neukan aurrean
giroa joan da lurrunduz
elkarrengana hurbildu gara 
ez sarri gisa urrunduz
horren natural horren barrutik
elkarrizketa ehunduz
ni galderetan saiatzen nintzen
maiz erantzunak bigunduz 
nahastu ote garen munduz
malko bat hiru segunduz 
emakumea mintzatu baitzait
eta ez itzulinguruz
erditze gelan jasan daitekeen
biolentziari buruz 
Biak batera galtzen joan naiz
rimela eta karmina
gaur kafetegi txiki honetan
ez zait kabitzen samina
isil-isilik nik entzuteko
egina dut ahalegina
eta pentsatu dut ai, honi buruz
sarri jardungo bagina
denez momentu sorgina
pozgarria nahiz gordina
kazetari lez grabagailuak
bilduko du erdimina
nik ere berdin bizi izana
eta hitzak jarri ezina
Gogoratzen dut ospitalean
hain aseptikoa hitsa
ginekologo andreak zorrotz
Gazteleraz bere hitza
kostata baina azkenerako 
heldu zitzaigun bizitza
gaur beste bati hau entzutea
egin zait horren bortitza
isiltzea zen baldintza
hau jasotzeko langintza
emakumeok urte luzetan 
hala nahian gabiltza
gure minetan barneratzea
ez al da kazetaritza?
Ane Labaka Mayoz, ganbarako ariketa egin bitartean abesten. Argazkia: Gipuzkoako Bertsozale Elkartea.

 

Hori izan da Labakaren azken bertsoaldia bukaerako agurrera arte, puntu gutxi batzuengatik (11,5 izan dira, zehazki) ez baita buruz burukora sailkatu. Martinek eta Gaztelumendik jokatutako azken faseaz gertutik gozatu du herritarrak eta honela itxi du bere finala, hunkituta eta egindakoagatik pozik. Besteak beste, Gipuzkoako txapeldun berriari eta berari txapela jantzi dion Arantzazu Loidi Garitanori, Eskoriatzako Almen bertso eskolako (50 urte bete ditu aurten eta txapelketan zehar omendu dute) irakasle izan zenari: "Arantzazu, zuen jabe / ez da egingo ahanztura / Maider, zuretzat muxu bat / falta den aulki ahaztura / Amaia, zuri beste bat / zure udazken nahastura / Alaia, asko maite zaitut / azalean zein laztura / Gipuzkoan bertsogintza / molde batean ardaztu da / Eta gu biluzik irteten gara / oholtza lokaztura / jarraitu dezagun sortzen / belarrietan azkura". 

Maisuki azaldu du Labakak txapelketako zortzi finalistek Illunbete bete dutenengan eragin dutena: belarrietan azkura, Illunben elkartu direnen emozioen marea igo eta olatu erraldoiak eragiteko bezainbestekoa. Horietako bost (lasarteoriatarra barne) lehendik arituak dira, beteranoak, eta hirurenak izan dira ahots berriak. Denek ala denek mosaiko eder eta anitz bat osatu dute Donostian, eta duela mende erdi Almen eskolakoek hasitako bideak zer-nolako bilakaera izan duen. Txapelduna, esan bezala, Martin izan da, eta 25 urte azpiko bertsolari onena, Euzkitze. 

Bertsolarien agurrak sariekin tartekatu dituzte eta une horretan Labaka ez da izan oholtzan egon den lasarteoriatar bakarra. Arestian esan bezala, duela 50 urte Eskoriatzan sortutako Almen bertso eskola erreferentetzat izanda etorkizuneko bertsolarien bilgune diren gune horien lana aitortu dute eta zenbait herritako eskolen ordezkariek sari batzuk eman dituzte. Gure herriko Earra! bertso eskolako irakasle Lierni Rekondo Villaron izan da taulara igo denetako bat, bigarren sailkatu den Gaztelumendiri Gipuzkoako Bertsozale Elkartearen oroigarria emateko. 

Txapeldunaren agurrarekin itxi dute aurtengo finala. Honela abestu du Martinek: "Bihurtu ditzagun lagunak bizitzaren tenplu / badakitenak zer, noiz, nola eta non galdetu / entzuten gaituztenak nahiz ta pixkat logaletu / ta etxe bihurtzen dutenak edozein ezleku / mendeko hitza bihurtu den hontan mendeku / disolba dezagun eskuina ta auzoa ezkertu / egon gaitezen lagunekin hauskor ta inperfektu / elkarrengandik gertu eta elkarrentzat gertu".