Kontzertua hasi aurreko minutuetan, Felix Garitano apaizak zenbat ohar eman dizkie bertaratu direnei. Goiko solairutik begira zituen komentuan bizi diren mojak eta adi entzuten zieten bankuak bete dituzten herritarrek. Atera dira abesbatzako kideak kanpora, eta zehaztutako orduan, Danok Kide elkarteko Jesus Mari Egizabalek aurkeztu du taldea. 2005ean ere Gabonetako kantekin osatutako errepertorioko kontzertua eskaini zutela gogoratu du, baita 2016an, 2019an eta 2022an bueltatu ere, bestelako eskaintza batekin.
2023ra arte zuzendari izan duen Javi Bustori erreferentzia egin dio eta bertan zegoenez, zuzenean esan: "Zure irudi baten argazki-oinarekin gelditzen naiz: Busto doktore lezotar askok ezagutzen dute beraien familia medikua izateagatik urte luzetan, baina Javier Busto konpositorea mundu osoan ezaguna da musika koralaren egile onenetakoa bezala". Eta horri gehitu dizkio bere hitz batzuk: "zuzendari eta epaile oso akreditatua, eta pertsona maitagarria. Mila esker, Javi". Haren lekukoa hartu duen Eva Ugalde Alvarezen ibilbidea ere gainbegiratu du eta taldeari buruzko zenbait datu eman.
Piztutako kandela txiki bat eskuan eta beltzez jantzita, sartu dira koruko kideak Santa Luzia egunari –abenduaren 13a– lotutako Ducere la Suediako abesti tradizionala abesten. Zirkulu erdia osatu dute eta beraien aurrean, zoruan, utzi dituzte argi txikiak. Eva Ugalde Alvarezek mikroa hartu eta kapera bete dutenak agurtu ditu. Bustori hitz batzuk eskaini dizkio, bere Eguberri kantak abestu aurretik. Resurrección Maria Azkueren testuekin osatuta eta elkarri lotutako hiru pieza dira: Ela-ela, Alimu, alimu eta Zapata Txuriak.
Euskal doinuetatik, Atlantikoa zeharkatu, eta Hego Ameriketako Gabon kantetara jauzi egin dute. Bolivia, Peru, Argantina eta Kolonbiako Huahuanaca, Niño Manuelito, Mazapán con miel, Al son tiruliruliru eta Huachito torino kantak elkarri josi dizkiote. Musikarik gabeko emanaldia izan bada ere, zati honetan Carolina Muñiz herritarrak bonbo boliviarra jo du. Ondoren, euskal kantetara bueltan Julio Domínguez galiziarrak moldatutako Gabeko Izar abestu dute.
Emanaldia amaitu artean, I saw three ships eta God rest you merry, gentlemen ingelesak, Dos villancicos vascos, Credo, Ave María eta The virgin Mary had a baby boy abestu zituzten.