Urteko azken eztabaida egin du udal korporazioak

Txintxarri Aldizkaria 2024ko abe. 13a, 16:00

Urteko azken udalbatzarra egin du udal korporazioak. Euskara sustatzeko ekintza plana Lasarte-Orian 2019-2022 izeneko plana 2025eko abenduaren 31ra luzatzea onartu du udalbatzak. Eztabaida uneak ere izan dira, eta erreguak ere bat baino gehiago egin dizkiote udal gobernuari

Eztabaidan eman diote hasiera abenduko ohiko udalbatzarrari. Azaroaren 4tik abenduaren 8ra arte (biak barne) emandako alkatetza dekretuen berri eman  (2207tik 2495era bitarteko dekretuak) du Agustin Valdivia alkateak, eta berehala eskatu dute hitza Elkarrekin Lasarte-Oria Podemos alderdiko ordezkari Miguel Angel Toilosak eta PPko bozeramaile Manuel Palaciok gai ordenarekiko erreklamazioa egin dute.  Tolosak azaldu du, udalbatzarrak aurrera eramateko dinamika zehazten duen legearen 64. artikuluak zehazten duela saio horiek aurrekoen akten (kasu honetan azaroaren 8koak) onarpenarekin hasi behar direla. Biek ala biek akta horien gabezia galdegin dute, eta, esan, hori hala izanik, gai ordenako zenbait puntua (hirugarrena eta laugarrena zehazki) ezingo liratekeela landu. Isabel Fuertes idazkariak gaiarekiko azalpenak emanda, saioarekin aurrera jarraitu dute. 

Euskara sustatzeko ekintza plana (ESEP) Lasarte-Orian 2019-2022 izeneko plana datorren urteko abenduaren 31ra arteko luzapena onartu edo ez eztabaidatu dute gero. Aldeko 16 bozkarekin (PSE-EE, EH Bildu, EAJ-PNV, PP) eta abstentzio bakarrarekin (Elkarrekin Lasarte-Oria Podemos) onartuta geratu da eskaera. 

Lasarte-Oriako Hiri Antolamenduko Plan Orokorraren behin betiko onartzeaz aritu dira gero. Azaroaren 8ko udalbatzarrean landu eta bozkatu zen gaia, baina, horri dagokion akta ez aurkeztu izanaren ondorioz (saio hasieran sortutako eztabaida), gaia mahai gainean uzteko eskaera egin du Elkarrekin Lasarte-Oria Podemos alderdiak; aurkako 10 bozka (PSE-EE eta EAJ-PNV) eta aldeko 7 (EH Bildu, ELOP eta PP) jaso ditu eskaerak. Gauzak horrela, gaia landu eta bozketa egin dute. Hau izan da emaitza: PSE-EEk eta EAJ-PNVk alde bozkatu dute, EH Bildu eta Elkarrekin Lasarte-Oria Podemos alderdiek aurka, eta PP abstenitu egin da. 

A38 HEA, Goiegi Gora desklasifikatzeko eta Goiegi baserriko lurretan azpieremu berri bat sortzeko hirigintza antolamenduko hitzarmena behin betiko onartzeaz aritu dira gero. Inolako eztabaidarik gabe bozketa egin eta onartua geratu da. 

Gai zerrendan sartzea berretsi ondoren, hautaketa prozesuko epaimahaiaren erabakia ofizioz berrikusteko espedienteari hasiera emateko alkatetzaren proposamena onartzea landu dute bosgarren puntuan. Gai horrek ere aurrera egin du aldeko 11 bozkarekin. 

Gai hori onartuta, aukera izan du udalbatzak seigarren eta azken puntua eztabaidatzeko. hautaketa prozeduraren oinarriak ofizioz berrikusteko espedienteari hasiera emateko, alkatetzaren proposamena onartu edo ez aritu dira, gai zerrendan sartzea berretsi ondoren. Onartuta geratau da gaia, aldeko 11 boz bilduta. 

Galderak eta erreguak

Udalbatzarra amaitu aurretik oposizioko bi alderdik (Elkarrekin Lasarte-Oria Podemos eta EH Bildu) hitza hartu dute udal gobernuari galde eta erregu sorta egiteko. Hauxe dira mahai gainean jarri dituzten gaietako batzuk: Buruntzan eraiki asmo den parke eolikoa; Gabonetan herrian aurrera eramango diren ekimenak, Gizarte Zerbitzuen sailaren (eta horren barruan aurrera eramaten diren zenbait programa eta ekimenen) egoerarekiko kezka, erasoen aurkako protokoloa eta  udaleko batzordeak aurrera eramateko modua. Unean uneko itzulpena entzuteko erabiltzen diren aurikularrak konpontzeko erregua egin du PPko bozeramaile Manuel Palaciok.