Aiora Belartieta, Jon Martin eta Jose Felix Solano, 2024 urteko Kirol galako sarituak

Txintxarri Aldizkaria 2024ko abe. 11a, 13:40

Alkate Valdivia zein Pildain kirol batzordeburua, Kirol Galako aurkezpenean.

Lasarte-Oriako Udalak urtean zehar denboraldi onena egin duten kirolariak zein kirol ibilbide aipagarriena sarituko ditu 2024 urteko Kirol Galan. Hilaren 15ean, igandearekin, arratsaldeko 18:00etan Manuel Lekuona Kultur etxeko areto nagusian egingo da ekitaldia. Lasarte-Oriako alkate Agustin Valdivia zein Kirol batzordeburu Goizalde Pildainek sarituak iragarri eta galaren nondik norakoak azaldu dituzte gaur

Alkateak gogora ekarri du azaroan martxan jarri zen parte hartze prozesuarekin ekin zitzaiola sarituak erabakitzeko bideari. Herritarrek egindako proposamenak guztira sei izan dira eta horien artean kirol batzordeko mahaiak sarituak aukeratu ditu. Hautagaitzak honakoak izan dira sarika:

Emakumezko kirolari onena Gizonezko kirolari onena Kirol Ibilbidea
  • Naroa Furundarena Urkiola atleta
  • Aiora Belartieta Galardi arraunlaria
  • Jon Martin Vicente futbol jokalaria
  • Maialen Chourraut Yurramendi piraguista
  • Jose Felix Solano Mena Intza pilota eskolako arduradun-ohia
  • Felix Manso Marquez xake jokalaria

Eta horien artean, hilaren 15ean, aipamena jasoko duten herritarrak koadroan beltzean agertzen diren Belartieta, Martin eta Solano izango dira.

Kirol gala

Ilusio handiarekin antolatutako gala dela nabarmendu du Pildainek. "Gure herriko kirola sustatu eta kirolariei bultzada bat emateko modu ederra  da," aipatu du kirol zinegotziak. Ekitaldian saribanaketaz gain, Verdini dantza taldearen emanaldiaz gozatu ahalko dela ere jakitera eman du. 

Sarrera doakoa eta herritar guztiei irekia da. Hala ere, txartela beharko da saribanaketa ikusteko; ekitaldia hasi baino lehen, banatuko dira leihatilan sarrerak.

Udal ordezkariek aurreko urteetako sarituak, herriko kirol elkarteak zein herritarrak gonbidatu dituzte galara, "gure herriko kirolariek herritarren berotasuna jaso dezaten; gazteek herrian dauden maila handiko kirolariak ezagutu eta egunen batean oholtzan egotea nahi izan dezaten".