Aterpea Merkatari elkarteak urteari amaiera emateko Gabonetako erakusleihoen lehiaketa jarriko du martxan. Elkarteko hamalau denda izango dira lehian:
Ormazabal loradenda | Lilura liburutegia |
Mabel Moda | Oihana Estetika |
Naturhouse | Aritza Mertzeria |
Alba Moda | Alcar Leihoak |
Orbela ekodenda | Urruzola mertzeria |
Marbell ileapaindegia | Imagine jantzidenda |
Dulce Tentación | Maiane lurrindenda |
Bi sari egongo dira jokoan; Rural Kutxa Saria eta Aterpea saria. Lehena Amaia Gonzalez Caballerok, Biyak Bat erretiratuen elkarteak, Erketz EDTk eta Rural Kutxak osatutako epaimahaia profesionalak erabakiko du. Erakusleihoaren argiztapena, originaltasuna eta konposizioa izan beharko dute kontuan euren puntuazioa ematerakoan.
Bigarrena, aldiz, herritarren eskura egongo da. Astelehenetik, hilaren 9tik 15era, euren iritzia emateko aukera izango dute Aterpeako dendetan eskuratu edo etxeetan jasoko duten eskuorrian. Bozkak Aterpeako dendetan egongo diren kutxetan utzi beharko dituzte lasarteoriatarrek. Jasotako eskuorri guztien artean zozketa egingo da eta bi zorteko pertsonek Aterpeako dendetan gastatzeko 300 euroko balioa duten erosketa bonoak jasoko dituzte.
Aterpeako kideek zein Sozioekonomia saileko buru Nuria Fernandezek herritarrak gonbidatzen dituzte ekimenean parte hartzera, "bozka emateagatik, saria jaso dezakete".
Eskertzak eta txutxu trena
Era berean, Aterpea elkarteko Ana Laureano zuzendaritza kideak eskerrak eman dizkie Lasarte-Oriako udalari zein Sozioekonomia arloari, Euskadiko Jaurlaritzako Turismo eta Merkataritza sailari zein Rural Kutxari, azken honi bereziki, lehiaketa antolatzeko eman duten laguntzarengatik.
Fernandezek eskerrak eman dizkio merkatari elkarteari Lasarte-Oriako merkataritzaren alde egiten duen lan eta ekimenengatik eta zortea opa izan die parte hartzaile guztiei.
Hau guztiaz gain, Aterpeako ordezkariak gogoratu du hilaren 22an, igandearekin, elkartearen eskutik goiz eta arratsaldean zehar txutxu trena ibiliko dela herriko kaleetatik barrena.