Ostadarreko III. seniorrak garaipen erosoa lortu zuen Astigarragako Mundarroren aurka

Txintxarri Aldizkaria 2024ko abe. 4a, 14:00

Ostadar Saskibaloia ataleko II. senior taldeak Astigarragako Mundarroren aurka lehiatu zuen azaroaren 30ean Maialen Chourraut kiroldegian. Nahiz eta neurketako erritmoa hartzea kosta, garaipena erdietsi zuen etxeko taldeak, 55-42 

Hasiera nahiko kaxkarra izan zen zuen talde urdin-beltzak. Beñat Eleicegui entrenatzaileak azaldu duenez, "hainbat lesionatu ditugu oraintxe bertan eta ez degu aukera entrenamenduetan erritmoa gehiegi igotzeko. Erritmo honen falta nabaritu genuen neurketa hasieran". Egoera baliatuz aurkariak lehenengo laurdena eskuratu zuen, 10-15.

Ostadarreko taldea ez zegoen arduratua, ordea eta bigarren laurdenean emaitzari itzulia eman zion. Jokoa bizitu eta 17-7ko partzila eginez, 27-22 iritsi ziren atsedenaldira.

Bigarren zatian, markagailuan zuten aldea mantentzeko helburuarekin atera zen talde urdin-beltza eta ederki lortu zuen bere xedea. Hirugarren laurden borrokatuan 15-14 eta azken hamar minutuetan, 13-6 gailendu zen etxeko taldea. 

Taldeko prestatzaile Eleicegui eta taldea pozarren daude lortutako emaitzarekin. "Animoak igotzeko behar genuen garaipena lortu genuen," onartu du entrenatzaileak.

Hasiera gogorra

III. seniorrak ez denboraldi hasiera xamurra izan. Eleiceguiren jokalariek ez dute lesioekin zorterik izan. "Hamahiru jokalaritik zazpi bat minduta izan ditugu eta horietako batzuk, lesio larriak dira; akiles tendoiaren haustea, esate baterako", jakinarazi du entrenatzaileak.

Egoera horrek neurketetara aurkeztea ere zaildu duela azaldu du: "Partidu askotara bospasei jokalarirekin aurkeztu gara, horrek duen zailtasunarekin eta orain dela bi asteko neurketa ezin izan genuen jolastu jende faltagatik; horrek sailkapenean puntuak galtzea ekarri du".

Hala ere, aurtengo helburua –igoera fasea jokatzea– lortzeko esperantzak ditu Ostadarreko prestatzaileak: "Talde sendoa garela erakutsi dugu. Sailkapenean ondo kokatuta gaude eta igoera faserako sartzeko aukerekin jarraitzen dugu. Nork daki non egongo zen taldea lesio arazoak eduki izan ez bagenitu..."

Horregatik, egoera gainditu eta helburua betetzeko lanean jarraituko dutela aurreratu du: "Lesionatuta daukagun jendea errekuperatu ahala gure benetako mailera bueltatzea espero dugu eta sailkapenean oraindik eta borroka gehiago ematea".