Presa, Sukunza eta Olaso, proba ezberdinetako podiumetan

Txintxarri Aldizkaria 2024ko abe. 4a, 13:00

Jon Presa herritarra, Zalla-Balma-Zalla probako podiumeko gorenean. Arg.: @jdiego.photos

Herriko lasterkariak proba ezberdinetan lehiatu dira azken asteetan. Errepidean zein krosean podiumean izan dira lasarteoriatarrak

Jon Presa Herranz herritarra Zalla-Balma-Zalla lasterketako garaile izan zen hilaren 1ean. Herritarrak Bizkaiko proban egin zuen lasterka eta 47.57 behar izan zuen 14 kilometroko ibilbidea egiteko.

Egun horretan bertan kroseko Gipuzkoako txapelketa jokatu zen Eibargo Bolunburu Oroimezkoaren barruan. Mari Carmen Olaso Espeso eta Aimar Sukunza Gomez herritarrek parte hartu zuten eta lehenak podiumean amaitu zuen proba. Zehazki, 55 urteko mailako txapeldunorde izan zen Olaso; master mailako sailkapen orokorrean zortzigarren (14.56).

 

Sukunza (ezkerrean) eta Olaso (eskuinean), Laudioko kroseko podiumean. Arg.: Alberto Talledo / Mari Carmen Olaso

Baina ez da hori herriko lasterkari beteranoaren podium bakarra izan. Azaroaren 24an, Laudioko kroseko podiumean izan zen Olaso. Master mailako Euskadiko txapelketa jokatu zen Arabako herrian eta 55 urte baino gutxiagoko mailan bigarren sailkatu zen herritarra (29.14).

Proba horretan gainera Sukunzak ere promesa mailako garaikurra jaso zuen. Sailkapen orokorrean bederatzigarren izan zen herritarra 32.55 denborarekin eta denbora horrek gazteen mailako lehen postua ere eman zion.

Presak ere parte hartu zuen proba horretan eta 32.56 egin zuen.

Bestelako probak

Horiez gain, hilaren 1ean, Zarauzko bikote mistoen krosean 30 bat herritar izan zen lehian. Horien artean azkarrenak, Anabel Eleno Agustin eta Xabier Mena Mujikak osatutako bikotea izan zen. 7,8 kilometroko bidea 36.18an egin zuten.

Valentziara ere bidaiatu da Lasarte-Oriako ordezkaririk. Egun horretan bertan, Valentzia hiriburuko maratoia lehiatu zen eta Trinkoko kide Sergio Sierra Carranzak 42 kilometroak egin ostean, helmugaratzean 03.11.03 marka eskuratu zuen.