Lasarte-Oriako San Silvestre lasterketako izen ematea ireki dute

Txintxarri Aldizkaria 2024ko abe. 4a, 11:00

Urteko azken egunean hitzordu ederra dute herriko kirolariek, San Silvestre lasterketa. Egun osoko egitaraua antolatu du Lasarte-Oriako boluntario taldeak eta lasterketa berriro arratsaldean lehiatuko da

San Silvestre lasterketaren 8. edizio izango da hilaren 31ean. Bi moldaketa dakartza, aurten berriro arratsaldez lehiatuko da proba eta korrikalariek zein ipar martxako kirolariek parte hartu ahalko dute; ez da patinatzaileentzako lasterketarik izango.

Arratsaldeko 16:00etan emango dio Lasarte-Oriako urteko azken lasterketa probari. Aurretik beroketak egiteko hitzordua ere dute parte hartzaileek, 15:30ean.

Izena ematea San Silveste lasterketako webgunean martxan da eta hilaren 28ra arte egongo da irekia. Bide horretatik egiten dutenek zazpi euro ordainduko dute.

Azken momentura arte zalantzak dituztenek hilaren 29 eta 30ean 11:00etatik 13:30era eta 17:00etatik 19:00etara edo egunean bertan goizez 10:00etatik 12:00etara aukera izango dute Antonio Mercero gunean inskripzioa egiteko. Egun horietan eginez gero, 10 edo 15 euro ordaindu beharko dute parte hartzaileek. 

Haurrak eta elkartasuna

Goizean ere urteko azken eguna ospatu eta lasterketako giroa berotzeko ekimenak izango dira.

Ohiko elkartasun pintxo potea egingo da 11:30etik 13:00etara. Antolatzaileek jakitera eman dutenez, aurten batutako dirua Gipuzkoako Diabetes Elkartearentzat (AGD) izango da.  

Bitartean etxeko txikiek erraldoi, buruhandi eta Porrotxen presentziaz gozatuko dute. 11:00etan erraldoien dantzak ikusi eta buruhandietatik ihes lasterketa ederrak egingo dituzte haur eta gaztetxoek. Ostean, 12:00etan, Porrotxen laguntzarekin haurren kanpaikadak izango dira.