Larunbat arratsaldeko sukarra

Txintxarri Aldizkaria 2024ko aza. 30a, 21:29

Adinez nagusi egin da Jalguneren jaialdia. Hemezortzigarrenez atera dira jalgunetarrak agertokira, protagonista dituen festa ospatzera. Dantza eta kanta egin dute nahi beste, aurkezleek egindako galderak erantzun, eta larunbatak zergatik gustuko dituzten argi utzi dute. 

Langa sinbolikoa izaten da bizitzan 18 urteena, garai bat atzean utzi eta berri bat hastekoa. Jalguneri zer ekarriko dion ikusteko bide luzea du aurretik, baina egindakoa ospatu behar lehenik. Euskarak eta Aniztasun Funtzionalak aldarrikapenerako eta ikusgarritasunerako data bera partekatzen dute; horrexegatik, abenduaren 3aren bueltan aurrera eramaten du elkarteak bere jaialdia. Asteko seigarren eguna izaten da horretarako hautatua, aurtengo leloan adierazi moduan: Larunbatak gogoko ditugulako. Titularrak erreferentzia egin nahi dion  filmearekin –Saturday Night Fever–aldea badu ere ikuskizunak, dantzarako grina Tony Manerok duenaren parekoa badela beste behin erakutsi dute jalgunetarrek.

Aurkezle aritu diren Bea Egizabal eta Cesar Marcos galderak eginez elkarteko kideen iritziak ezagutzen ahalegindu dira, 18 urteotako bizipenak eta irakaspenak nabarmentzeko. Batzuek hizketarako joera gehiago dute, beste batzuek, aldiz, “sentitzea” nahiago. Ikuskizun arteko uneetan jalgunetar batzuekin hitz egin dute aurkezleek prestaketez, entseguez, emanaldiaren aurreko sentipen edo superstizioez… Nahi dutena partekatu dute eta nahi izan ez dutena, ez, Egizabalek txalotu moduan. Esan edo ez, bertaratuen barrea eragin dute askotan.

Nahi izan eta gogotsu egiten dutena, esan bezala, gorputzari eragitea da. Gaur ere dena eman dute eta artistak direla erakutsi. Indar eta animoagatik bada, gertu duten hamarkada aldaketara aise helduko direla dirudi. Bakarrik primeran moldatzen badira ere, bidaide dituztenetako batzuk ere igo dira beraiekin agertokira. Esaterako, ohiko bilakatu da Semblante Rocieroko kideek jotako eta kantatutako musikak lagunduta,  Semblante Andaluzeko dantzariekin sevillana pare bat dantzatzea. Txaloak jasotzera ere ohituta beharko lukete, baina baten bat harritzen dute oraindik. Gainerako udal ordezkariekin batera lehen lerroan zegoen alkateari hala esan dio Semblanteko kide batek: "Agustin, alkatea txalo egiten ari zaion galdetu dit", ondoan Oscar jalgunetarra zuela. Eta bai, hala izan da. 

Zenbait erritmo eta estilotan gorputza mugitzeaz gain, urtean zehar aurrera eramandako jarduerak argazkiekin egindako bideo baten bidez gainbegiratu dituzte ere. Itxierarako beste bidaide garrantzitsu batzuk batu zaizkie: Porrotx eta Marimotots. Bertaratutakoen eta oholtza gainean zeudenen muxuak bildu ditu sudurgorri betaurrekodunak, Pausoka, pausoka elkarrekin dantzatu aurretik. Ondoren, talde argazkia, besarkadak eta txalo zaparrada heldu dira.