Frankismoak errepresaliatutako herritarrak omendu dituzte

Txintxarri Aldizkaria 2024ko aza. 30a, 13:26

Oroimen historikoaren alde lan egiten duen Islada Ezkutatuak taldeak ekitaldia egin du larunbat eguerdian Mirentxu eraikinaren kanpoaldean. Duela urtebete Frankismoaren basakeria jasan zutenen omenez jarritako monolitoaren ondoan, hain zuzen ere. Oraingoan, Errepublika eta demokrazia defendatzeagatik errepresaliatuak izan ziren herritarrak oroitu dituzte.

Maritxu kanpoaldean jarritako aulkiak bete dira eta zenbait herritarrek zutik jarraitu dute memoria eta aitortza ekitaldia. Monolito aurrean jarritako mahai baten gainean krabelin gorriak daude. Beste aldean, berriz, Islada Ezkutatuak elkarteko lehendakari Mailu Arruti. Bertaratutakoak agurtu ditu eta Joxea Murguruza taldekideak gauza bera egin du, halako aintzatespenen garrantzia nabarmenduz. Bortxaketak, lapurretak, pobretzea, irainak, barreak... hori dena eta gehiago jasan zuten lasarteoriatarrengatik egin dezaketen "gutxienekoa" dela adierazi du, izan ere, “"ezio demokratiko bat" eman baitzuten "beraien gorputz, bizitza, ondasun eta osasunarekin ordainduz, demokrazia errepublikanoaren babesa eta herriaren biziraupena". 

Jarraian, Agustin Valdivia alkateari eman dio hitza. Faxismoaren aurka eta Errepublikaren alde borrokatu zuen Miguel Hernandez poetaren Tristes guerras poesia irakurtzen hasi, eta George Santanaya filosofoaren esaldi ezagun batekin jarraitu du: "Bere historia ezagutzen ez duen herria hura errepikatzera kondenatua dago". Faxismoaren eta ultraeskuinaren gorakada kezkagarria edota Espainiako Diputatuen Kongresuan Frankismoaren aldeko hitzak entzutea memoria berreskuratzeko beharraren erakusgarritzat jo ditu, eta horren aurrean jazarpen frankista pairatu zuten herrikideak gogoratzea beharrezkoa dela uste du. "Ez dugu haien memoria ahaztu behar. Ezin dugu onartu. Haiengatik, gugatik eta ondoren etorriko direnengatik". 

Alkatea eseri denean, halako ekitaldietan parte hartu ohi duen Joseba Tapia musikaria jarri da mikro aurrean. 1936 gerra garaian Juan Ezenarro antzuolarrak idatzitako Agur maiteño abestu du. 

Matxinoen biktimak

Muguruza bueltatu da eta testuinguruan kokatu du omenaldia. Gertakaria aztertu duten zenbait ikertzailek 1936an gertatutakoa "gerra zibila izan zen ala ez, eta hala bada, noiz amaitu zen" eztabaidatu dute. Ondorioztatu dutenez, "II. Errepublikaren erregimen demokratiko eta konstituzionalaren kontrako altxamendua izan zen. Demokrazia eten eta amaitzea beraien Espainia inperial eta berdinaren ideiatik kanpo gelditzen zen nazionalismo, sozialismo, komunismo edo bestelako ideia politikoekin". Hori horrela, desagerrarazitako 130.000 pertsonatik gora eta izututa bizi izan zirenak matxinoen biktimak izan ziren. "Hala ikusita hemen gaudenak ez gara ezein gerra galdu zutenen oinordekoak, genozidio mantso, jarraitu eta lauso bat nozitu zutenenak baizik. Lezio zailenetako bat ikasi zuten: Heriotzaz inguraturik zeuden, baina bizirautera kondenatuta". 

Azalpenak amaitzean, zerrenda bat hartu du Muguruzak eta bertan jasota zeuden herritarren izenak irakurri ditu, senideren bat bazen, altxa, eta krabelin gorri bat monolitoan uztera gonbidatu du. Hala egin dute seik. Orduko Lasarte-Oriaren biztanleriaren %3tik gorak, "gutxi gorabehera 600 bat lagun", hil, desagertu edo arazo larriak izan zituen bizimodua aurrera ateratzeko. "Ez daude denak, behin-behineko zerrenda da. Ez daude hemendik irten eta hil zirenak". Horiek non dauden ez badakite ere, "gaur, behintzat, batzuk hemen daude, oroitzapenean", bukatu du.

Bigarren abesti bat kantatu du Tapiak, Diputado fiña, Francoren alde egin zuen Jean Ybarnegaray Ipar Euskal Herriko diputatuari buruzkoa. Berak bezala, erlijioa aitzakia hartuta, Bidasoaz beste aldeko zenbait euskaldunek joera bera izan zutela argitu du eta kantaren hitzak hainbat tokitatik hartuta osatu dituela.

Bi dantzarien Agurra-ren aurretik, mahai gainean gelditzen ziren krabelinetako bat hartu eta oroigarrian utzi dute bildutakoek.