Sarek abenduan egingo dituen mobilizazioetan parte hartzera deitu ditu herritarrak

Txintxarri Aldizkaria 2024ko aza. 29a, 21:15

Urte amaierako hilabetearen atarian, azaroko Azken Ostirala aurrera eraman du Lasarte-Oriako Sarek iluntzean. Beti bezala, ordu laurden inguruko elkarretaratzea egin dute Elizatzen, eta ondoren, Okendo plazaraino joan da manifestazioa. 50 bat herritarrek parte hartu dute protestan.

Plazan Pili Kastresanak irakurri du idatzia azaroak emandakoa gainbegiratuz. Urri amaieran egindako konferentziaren balorazioa eginez hasi zuten hilabetea. Bertan, Marina Andersonek eta Brian Currinek nazioarteko ekarpena egin zuten, Laura Pego, Jon Mirena Landa eta Jaime Tapiak, aldiz, bakearen, konponbidearen eta elkarbizitzaren bidean ematen ari diren pausoak aztertu eta aurrera begirako gakoak landu zituzten.

Egindakoatik datozen asteetan burutuko dituzten jarduerak gogoraraztera pasatu da Kastresana. Abenduaren 6an 12:00etan urteroko mobilizazioa egingo dute Durangoko azokan. Berritasun gisa, Etxera KANTUZ herritarra topaketarekin ekingo diote. Ondoren, abenduaren 20an, Hego Euskal Herriko gehiengo sindikalarekin batera, "langileak ere gatazkaren konponbide prozesua bururaino gauzatu dadin aldarrikatzeko prest daudela" erakutsiko dute Bilbo, Donostia, Gasteiz eta Iruñean. Eguberritan, gabonetako mobilizazioak egingo dituzte eta haietan parte hartzera animatu dituzte herritarrak, "bakearen, konponbidearen eta elkarbizitzaren bidean aldarri egitera". 

Horiek igarota, Behin betiko lelopean urtarrilean egingo duten mobilizazio nazionalari begira jarriko dira. Urtarrilaren 11n La Casillatik abiatuta Bilboko kaleak bete nahi dituzte beste behin. "Jarrai dezagun elkar hartuta lanan, guztion lanarekin lortuko baitugu horren beharrezko dugun gatazkaren konpobideari Behin betiko amaiera ematea".