Taula Xake Klubeko Echeverria eta Sanchez kideak Gipuzkoako txapelketako podiumean izan dira maila ezberdinetan

Txintxarri Aldizkaria 2024ko aza. 28a, 15:30

Ezkerretik eskuinera, Echeverria, Erlantz eta Alex, Superbeterano mailako koparekin.

Taula Xake Klubeko kideek banakako Gipuzkoako txapelketak lehiatu dituzte urritik azarora. Maila ezberdinetan aritu dira bigarren, hirugarren zein superbeterano mailetan eta bitan izan dira herritarrak lehen postuetan. Jose Ignacio Echeverria Eleicegui garaile izan da Superbeterano mailan eta hirugarren mailako lehian Erlantz Sanchez Huertak brontzezko postua eskuratu du. Sanchezek, gainera, bigarren mailarako igoera eskuratu du. Eurekin eta Taulako kide eta eskolako arduradun Alex Sanchez Andresekin bildu gara banakako txapelketaren, 2025 urteko taldekako lehiaren eta xake eskolaren gainean

Superbeterano lehiaketan bigarren urtez lehiatu da Echeverria eta bietan podiumean izan da. Irunen jokatutako txapelketan sei partaide izan dira. Federazioak 65 urte gorakoentzat antolatu duen txapelketa dela azaldu digu xake jokalari beteranoak eta laugarren edizioa duela.

Taula xake taldeko kidea pozarren dago aurten lortutako garaikurrarekin eta egindako jokoarekin: "Iazkoaren antzera berdinketa hausteko neurketa jokatu behar izan nuen. Iaz bigarren geratu nintzen eta aurten zorteak nire alde egin du, beraz txapeldun izan naiz". Eta hurrengo urtean ere maila horretan parte hartzeko prest agertu da.

Echeverriak azaldu moduan, "duela hiru urte itzuli nintzen xakea jokatzera. Urte luzez utzi dut, berrogei bat edo; Lasarte-Orian taldea zegoenean jokatu izan nintzen. Orain ez dut lehen nuen maila, hori ezin dut berreskuratu, baina gustura ari naiz. Xakean ibiltzea gustuko dut. Adimena martxan mantentzeko modu ezin hobea da. Logika eta intuizioa landu behar dituzu".

Baina Echeverria ez da superbeterano mailan bakarrik jokatu, bigarren mailan ere lehiakide izan da. Herritarrak onartu duenez maila horretan ez du lehiaketa ona egin: "Hobeto jokatuz gero, lehen lauren artean egongo nintzateke. Baina bi neurketetan kale egin nuen eta horri itzulia ematea zaila da horrelako lehiaketetan". Azken neurketa irabaziz gero, lehen lauren arteko berdinketa hausteko jardunaldian izango litzatekeela ere jakitera eman digu: "Teorian hoberena zenaren aurka jokatu nuen eta berdinketarekin konformatu behar izan nintzen".

Hiru kide, hirugarren mailan

Bestalde, hirugarren mailako lehian taldeko hiru kide izan dira parte hartzen: Alex Sanchez Andres, Juan Cruz Figueras Hernandez eta Erlantz Sanchez Huerta. Azken horrek lortu du emaitzarik onena, hirugarren postua. Figueras bederatzigarren izan da eta Alex Sanchez, aldiz, hamabigarren.

Erlantz pozarren dago lortutako emaitzarekin, nahiz eta azaldu modura zaila egin zaion txapelketa: "Jokatutako neurketa batzuetan sufritu dut. Hobeto egitea nuen".  

Horrez gain, hurrengo urtean bigarren mailan jokatuko du 12 urteko jokalariak. Taldekide Echeverria aurkari izango du 2025eko bakarkako lehian eta txantxen artean taulak eskainiko diola esan du jokalari beteranoak; Erlantzek, aldiz, "ikusiko dugu" batekin erantzun du. 

Maila aldaketa handia izango dela aipatu digu xake jokalari gazteak. Hala ere, maila horretan dauden jokalarien aurka taldekako txapelketan –2024an Gros xake taldean egon da jokoan gaztea– aritu dela aipatu du eta hurrengo urtean paper ona egin dezakeela uste du: "Ez da erraza izango, baina saiatuko naiz".

Taldekako lehia

Orain 2025eko taldekako txapelketa dute buruan Taula Xakeko kideek. Otsailetik apirilera jokatuko da eta hirugarren mailako taldean xake eskolako gaztetxoei lehiatzeko aukera emateko ideia dutela aurreratu dute.

Echeverria xake klubeko bigarren mailako taldeko kapitaina dugu eta Erlantz izango du 2025ean taldekideetako bat. Aurtengo lehiaketan Taula bigarren mailatik lehenera igotzeko zorian egon da eta hurrengo urtean helburua lortuko dutela uste du beteranoak. "Hirugarren geratu ginen eta ezin izan genuen txartela lortu. Talde onak zeuden eta Eibarrekoak ezin izan genituen garaitu. Baina aurten lortutako dugu. Talde polita osatuko dugu", onartu du.

Echeverriak gogoratu modura, urteak dira xake talderik ez zegoela Lasarte-Orian eta herrian jokalari handiak dauden arren, Donostian, Andoainen edo Marlaxka taldeetan jokatzen dute maila ezberdinetan, hala nola, Euskal Ligan. "Talde ederra sortzeko jokalariak daude, baina horiek maila horretan jarraitu nahi dute lehian eta beste batzuek kontu pertsonalengatik ezin dute bat egin", adierazi du. 

Horrez gain, Taula Xake kluba eta taldeak mantentze aldera euren planteamendua azaldu digu: "Ez dugu herriko taldea berriro desagertzea nahi. Beraz, gure helburua taldeak mailaz igotzea da eta pixkanaka gazteak hirugarren mailako taldean sartzen joatea". Eta Echeverriaren ustez bidea onean doaz, "2022an hasi ginen eta aurten ia bigarren mailara igo ginen".

Era horretara, harrobia lantzeko bidea izango da azken talde hori Alex Sanchez xake eskolako arduradunak azaldu modura: "Ostiraletan haur eta gaztetxo talde batekin biltzen gara eta horiek hamabi urte egin ahala, jokatzeko aukera emango diegu talde horretan. Beraien taldea izango da. Beraz, etorkizunean heldu bat edo bi eta gaztetxoez osatua egongo da talde hori".

Era berean talde mantentzeko jokalariak behar dituztela azaldu dute eta horregatik herritarrak eta, batez ere, haurrak animatzen dituzte ostiral arratsaldeetan Danok Kide elkarteko lokalean dituzten saioetara hurbildu eta xakea probatzera.