Gizakion tirabirak, euskal reggae doinuan

Iñigo Gonzalez Sarobe 2024ko aza. 29a, 08:57

Zuzeneko emanaldietan seikote hau ariko da oholtza gainean, Xabi Herrera herritarra (eskuinetik hasita, aurrenekoa) barne. Argazkia: Tirabira taldea.

"Euskal reggaearen basamortua" ureztatu nahi duenik bada, bertan "ganja landatzen" jarraitzeko. Eskarmentu handiko musikari eta ekoizle Iñigo Egiak eta Xabi Herrera Xa2 Makulu lasarteoriatarrak Tirabira taldearen egitasmoa sortu, landu eta aurkeztu dute: aurkezpen kontzertua Errenteriako Niessen aretoan emango dute abenduaren 7an, 20:00etan. Hori gutxi balitz, 'BAT' izeneko lana kaleratu dute: hemezortzi kanta bi diskotan, "kolpe bakarrean". Proiektu horri buruz gehiago jakiteko, herritarrarekin elkartu da TXINTXARRI.

"Bidaia luzea izan da baina polita ere bai; oso pozik nago", aitortu du. "Makulu Ken taldearekin [aurtengo urtarrilean amaitu du ibilbidea] bira egiten ari ginen Ibiza eta Formenteran, 2019an. Egun batean, Iñigo [Egia] eta biok reggae musika entzuten ari ginen eta esan zidan nire abesteko moduak bazuela estilo horren kutsua. 'Zergatik ez dugu proiektu bat hasten?', proposatu zidan". Hilabete batzuetara koronabirusaren pandemiak erabat aldatu zuen gizateriaren egunerokoa, norbera bere etxean itxita egoteraino. Tarte hori ederki baliatu zuen lasarteoriatarrak kantuak konposatzeko, egun askotan goizaldera arte lan eginda: "26-27 bat eraman nizkion Iñigori 2020ko udan". Une horretan hasi zen sortzaile batek izan dezakeen lan desatseginetako bat, kantu batzuk bi disko horietatik kanpo uztea: "Seme-alabak hiltzea bezala da". Egiak, hasieran, ia erotzat hartu zuen Xa2 Makulu: "Gau batean nire buruari esan nion, 'goazen, bi disko!'. Ezetz esan zidan Iñigok hasieran, baina, azkenean, baiezkoa eman zidan".

"2020ko uda eta gero buru-belarri jarri ginen proiektuarekin, baina mantso eta poliki joan da dena, bi arrazoi nagusigatik: garai horretan itxi ez zuten soinu enpresek gainerakoen lan karga hartu eta iritsi ezinik zebiltzalako, eta oso zaila egin zitzaigulako grabaketetarako musikariak topatzea, bizimodua atera ahal izateko mila lan eta egitasmotan murgilduta egon ohi direlako". Zailtasunak zailtasun, azkenean hamaika lagunek lagundu dute Egiarekin eta Xa2 Makulurekin eta kolaboratzaile sare zabala eratu dute. "Gozamena izan da estudioko lana: oso ondo pasa dugu". Herritarrak onartu du Egia eta Bera "oso exijenteak" izan ohi direla sormen prozesuetan, baina zentzu onean. "Erronkak jarri dizkiegu estudiora etorri diren musikari eta letren egileei, ekarri dutenari buelta bat emateko eskatu, hori bai, egin behar zutena inposatu gabe. Pauta batzuk eman guk eta has zitezela berriro ere sortzen". Horrek emaitza onak eman ditu, izan ere, unean-unean izerdia majo botata ere, "oso gustura" geratu dira emaitzarekin.

Kanta banako hitzekin lagundu dute Aintzane Usandizaga, Oskar Estanga, Jon Maia, James eta Ametz Rogers-ek, Mikel Ugartek eta Iñigo Egiak berak. "Musikaren magia" sortzeko ekarpenak, berriz, hauek egin dituzte: Ivan Moreira eta Ander Zulaika bateria jotzaileek; Harkaitz Bastarrika eta Xabier Basterretxea baxu jotzaileek; Aitor Badiola, Alvaro Remacha eta Ruben Mesquida gitarra jotzaileek; Antxon Sarasua eta Jimmy Bidaurreta, piano eta teklatuekin; Pepe Otxandorena, buzuki deritzon instrumentuarekin (jatorri greziarra duen hari instrumentu bat da); Oskitz Gorrotxategi, tronpetarekin; Asier Nieto Kixki, harmonikarekin; Gonzalo Fernandez de Larrinoa, tronboiarekin; Komando Braga, rapa egiten; eta, ahotsetan, Les Fous taldeko Noa, Otxi eta Santi, Eider Ormazabal, Uxue Egia, Iker Huitzi eta Josu Etxeberria. BAT lanaren alor artistikoa, azkenik, Malen Amenabarrek jorratu du.

Jolasez betetako lana

Tirabira taldearen aurreneko lanak BAT izena du eta hemezortzi kantako bi diskok osatzen dute. "Jolasez beteta dago", aurreratu du herritarrak. Egileen izaera jolastia dute azalak, abestien hitzek, diseinuak, abestiak antolatzeko erak... "Diskoa eskuetan hartzean agian entzule askok ez dituzte ulertuko, baina, noiztik egin dugu artea ulertua izateko?". 

Bi ikuspuntu uztartzeko ariketa egin dute Tirabirakoek. Taldearen izenak berak horri egiten dio erreferentzia, gizakiek duten borroka honi: "Kolektiboak, askotan, gizabanakoa erabat ukartzen du, eta, era berean, norbanakoak taldea baztertzen du". Hori horrela izanik, "oreka zail hori" islatzeko, diskoetako batean bestearen kanta bat txertatu dute, eta alderantziz. Bestalde, bi perspektiba horietako bakoitza bestearen erraietaz elikatzen denez, bere burua jaten duen uroboros (zehazki, herensuge bat) sinboloari erreferentzia egin dute, gauza material eta espiritual guztien lotura irudikatzeko. "Horregatik, disko bateko kanta guztiak bakoitiak dira, eta, bestekoak, bikoitiak".

Reggae musika du oinarri Tirabirak eta hori landu du BAT lanean. Diskoetako batean, "gizabanakoa bere ingurune naturalean integratzeko beharretik" sortu denean, jamaikar reggaearen sustraietan sakondu dute, hori bai, aitortuta ezin izan dituztela saihestu beraien "sustraiak eta baliabide kulturalak". Lan horren bigarren zatia, berriz, "espiritualagoa" da, "gizaki bakoitzaren barruko unibertso aztergaitzean murgiltzen saiatzen dena". Halaber, esperimentalagoa ere bada eta reggaea ardatz badu ere baditu "beste eragin batzuk", musikariek "ikuspuntu pertsonalago batetik" landu dutelako.

Euskal afrobeat-etik, reggaera

Herrerak erabiltzen duen izen artistikoaren zati batek bere aurreko proiektuarekin zerikusia du, Makulu Ken-ekin hain zuzen ere. Aurtengo urtarrilean amaitu zuen taldeak hamazazpi urteko ibilbidea; ia bi hamarkada, euskal afrobeat deritzon estiloa lantzen. Zaila izan al da modalitate horretatik reggaea lantzeko urratsa ematea herritarrarentzat? Ezetz dio, izan ere, Makulu Kenen hasi baino dezente lehenagotik entzun izan baititu jamaikar jatorriko doinu famatu horiek. "Batak eta besteak badituzte antzekotasunak, esate baterako, mantra kutsu hori: erritmo modernoak dira, baina tradizioa ere badutenak". 

Reggaea oso zabalduta dago mundu osoan eta askok uste dute sinplea dela, erraza eta lasaia, baina berez ez da horrela, Xa2 Makuluk azaldu duenez: "Oinarrian dagoen erritmoa uste baino azkarragoa da eta abesti batean sartu nahi duzun guztia bateratzeak uste baino lan gehiago eskatzen du". 

'BAT', Lasarte-Orian bertan eskuragai

Musikari lasarteoriatarrak eskerrak eman dizkie proiektuari bultzada eman dioten guztiei, baita egitasmoarekin aurrera egiteko dirua jarri dutenei ere. Egiak eta Herrerak baliatu zuten Gipuzkoako Foru Aldundiaren Piztu Meta egitasmoa, crowdfunding estiloko egitasmo bat abiatu eta beharrezko finantzazioa lortzeko. "300 eurora arteko ekarpenak egiten zituztenen dirua bikoiztu egiten zuen gero erakundeak". Gauzak horrela, 8.000 euro pasatxo bildu zituzten eta denbora luzez landutakoa gauzatzea erdietsi zuten. "Lasarte-Orian izan ditugu mezenas batzuk eta eskerrak eman nahi dizkiet horiei; kaletik geratu eta galdetu izan didatenek jakin dezatela martxan dagoela proiektua eta kaleratu dugula BAT lana".

Gogoz eta ilusioz ereindako haziaren fruitua, esan bezala, kalean dago honezkero (herritarrek Jalgi, Andatza eta Avenida tabernetan eros dezakete BAT, 25 euroren truke) eta orain zuzenean defendatzeko prestatzen ari dira Tirabirako kideak. Gorabeherak gorabehera eta aldaketak aldaketa, honako seikote hau ariko da oholtza gainean: Ivan Moreira bateria jotzailea, Aitor Moreno baxu jotzailea, Bea Hurtado teklista, Aitor Badiola gitarra jotzailea, Eider Ormazabal koruak egiten eta Xa2 Makulu bera, abesten eta gitarrarekin. Teknikaria, berriz, Iñigo Egia izango da. 

Aurreneko kontzertua abenduaren 7an emango dute, larunbatez, Errenteriako Niessen aretoan, 20:00etatik aurrera. Sarrerek 10 euro balio dute eta hala nahi dutenek eros ditzakete honezkero. Xa2 Makuluk aurreratu du BAT laneko abestiez gain diskotik at utzitako bat ere joko dutela eta zuzeneko musikaz uztartuko dutela beste elementu bisual batzuekin. Emanaldi horren ostean gehiago emateko "irrikaz" daude Tirabirako kideak; Lasarte-Orian bertan ere bai, jakina.