Gurpil aulkiko eslalom jardunaldia izango da larunbatean, Michelin kirol gunean

Txintxarri Aldizkaria 2024ko aza. 27a, 14:00

Kirol erakundeetako zein udal ordezkariak, jardunaldiaren aurkezpenean.

Gurpil aulkiko eslalom proba ezberdinez gozatzeko aukera izango da hilaren 30ean, larunbatarekin 16:30ean, Michelin kirol guneko pista estalian. Ostadar Inklusio sailak eta Gipuzkoako Kirol Egokituen Federazioak Lasarte-Oriako Udalaren laguntzaz Gipuzkoako kirolariei zuzendutako jardunaldia prestatu du. Federazioko kide Eneritz Mayora, Ostadar SKTko Javi Camacho eta Kirol zinegotzi Goizalde Pildain izan dira gaur eguerdian egin den aurkezpenean

Gipuzkoako Kirol Egokituen Federazioko ordezkari Mayorak azaldu modura, "eslalom ezgaitasun fisikoa eta garun paralisia duten kirolariek praktikatzen duten kirol espezifikoa da".

Kirolari horien ibilbidea bermatzeko, hau da, Espainiako estatu mailan lehiatzeko markak egin ahal izateko gure lurraldean jardunaldiak eta txapelketak antolatzen ditu federazioak eta horietako bat izango da larunbatean, Lasarte-Orian egingo dena. "Federazioaren konpromisoa kirolariei erraztasunak eman eta euren herrietatik gertu horrelako probak antolatzea da", jakitera eman du Mayorak agerraldian.

Ostadar Inklusio taldeko zein Donostiako Kemen KEko hamar bat kirolarik parte hartuko dute eta maila ezberdinetako erlojupeko zein banakako kanporaketa saioari egingo diete aurre zirkuitu itxi batean.

Mayorak nabarmendu modura, "gero eta kirolari gehiago dago disziplina horretan lehian eta antolatzen diren ekimenei esker, Lasarte-Oriakoa barne, jende gehiagok praktikatzea eta jardunaldietan edo topaketetan parte hartzea espero dugu".

Eslaloma egiten duten kirolariak euren mugak gainditzen dituzten pertsonen ejenplutzat aurkeztu ditu kirol zinegotzi Pildainek eta hori dela eta, Udalak aniztasun funtzionala sustatzen duten ekimenak lagunduko dituela adierazi du.

Azkenik, Ostadarreko Javi Camachok eskerrak eman dizkie jardunaldian parte hartuko duten kirol elkarteko kideei eta laguntzaileei, udalari instalakuntzak uzteagatik eta federazioari saioa antolatzen egin duten elkarlanarengatik.

Horrez gain, jardunaldira hurbiltzen diren herritarrek "giro familiarra" aurkituko dutela azpimarratu du Camachok: "Kiroltasun eta adiskidetasun handia dago guztien artean. Eta ikusle modura asko gozatu daitekeen kirola dela uste dut".

Horregatik guztiagatik, kirol erakundeetako zein udal ordezkariek herritarrak gonbidatu dituzte kirol gunera gerturatu, kirola ezagutu eta jardunaldia ikustera.