Bigarren itzuliari eman zioten hasiera zuri-urdinen B taldeak eta urdin-beltzen C taldeak hilaren 17an eta denboraldi honetan bigarrengoz aurrez aurre izan ziren bi taldeak 23an. Bietan Iker Moreno Castresanak zuzentzen duen Texas B izan da garaile; joanekoan 4-0 gailendu zen eta oraingoan 1-5 irabazi du.
Lehen minutuetan borroka handia izan zen bi taldeen artean. Baina zazpigarren minutuan aurreratu zen talde zuri-urdina. Hamahiru minutu behar izan zituen taldeak berriro Ostadarren atea zulatzeko eta hogeita hirugarren minutuan hirugarrena egin zuen.
Ostadarrek ahalegin ahalegin 33. minutuan lortu zuen fruitua eta 1-3koa jarri zuen markagailuan. Atsedenaldirako hiru minutu faltan Texasek 1-4koa egin zuen eta bigarren zatian, aldiz, gol bakarra egitea lortu zuen talde zuri-urdinak.
Era honetara, Texas Bk garaipenaren bidean jarraitzen du eta multzoko bigarren postuan da (22 puntu) sailkapenburutik bost puntura; neurketarik galdu ez duen Arrupe Chaminade C. Ostadar SKT Ck, aldiz, bi garaipen erdietsi ditu oraingoz eta zortzigarren postuan da.