Euskadiko 16 urtez azpikoak, ezin areto futboleko Espainiako txapelketarako txartela lortu

Txintxarri Aldizkaria 2024ko aza. 27a, 09:30

Euskadiko 16 urtez azpiko taldea eta entrenatzaileak. Arg.: Euskadiko Futbol Federakundea.

Eguzki Areto futbol taldeko Aratz Fuentes Ramos eta Markel Rodriguez Freire herritarrak hilaren 22tik 24ra Granadan (Andaluzia) izan dira Euskadiko selekzioarekin lehian; 16 urtez azpiko Espainiako Erkidegoen arteko txapelketako sailkapen fasea jokatu dute. Melilla, Andaluzia eta Kanariar Uharteetako taldeak izan dituzte aurkari eta ezin izan dute azken faserako txartela eskuratu

Lehen neurketan Melilla izan zuten aurkari; 5-3 galdu zuen Euskadik. Andaluziaren aurka jokatu zuten bigarren egunean eta 5-2 amaitu zen neurketa. Azken egunean, aldiz, Kanariar Uharteko taldea izan zuten aurrez aurre eta seina berdindu zuten.

Bi herritarrek hiru norgehiagokak jokatu dituzten arren, Fuentes hasierako bostekoan kapitain modura aritu zen Melilla eta Andaluziaren aurka. Jokalari gazteek golak ere egin zituzten Kanariar Uharteekin izandako borrokan, bakoitzak bina gol.