Inoizko elkartasun uholde handiena izan da aurtengo udazkenekoa

Txintxarri Aldizkaria 2024ko aza. 27a, 09:33

Argazki collagea: Lasarte-Oriako Errigora taldea.

'Nafar hegoaldeko uzta euskarari puzka' kanpaina aurrera eraman dute Errigora egitasmoko kideek udazkenean. Pozarren daude herriz herriko taldeak, baita Lasarte-Oriakoa ere, Agerreko (Nafarroa erdi eta hegoaldeko) euskalgintzak "inoizko ekarpen handiena" jasoko duelako, izan ere, 16.000 saski banatu dituzte aurten, sekula baino gehiago. Gure herriko boluntario taldeko kideek parte hartu duten guztiei eskerrak eman dizkiete: "Ekoizle, auzolangile, kontsumitzaile... guztioi mila esker!".

Eskerrak ematearekin batera jakinarazi dute "Errigorako ateak zabalik" dituztela herritarrek, egitasmo horretan parte hartu eta laguntzeko. Lasarte-Oriako taldearekin harremanetan jarri nahi duenak errigora.lasarteoria@gmail.com helbide elektronikora idatzi behar du. "Zorionak eta jarrai dezagun, tantaz tanta, elkartasun uholde hau elikatzen".