Gipuzkoa Sortzenek aurkariak gainditu ditu Michelin kirol gunean zein Gasteizen

Txintxarri Aldizkaria 2024ko aza. 26a, 15:00

Gipuzkoa Sortzen taldeko Ohorezko B mailako zein Euskal Ligako taldeek garaipena erdietsi dute euren ligetako neurketetan

Euskal Ligako 2. mailako Gipuzkoa sortzen taldeak garaipen berria eskuratu zuen Michelin kirol gunean. Hilaren 23an, Txingudi Zaisaren aurkako neurketa desorekatua jokatu zuen; irundarrek bederatzi jokalari bakarrik izan zituzten jokoan. Hala ere, mugako jokalariek ez zuten amore eman eta azkenera arte borrokatu ziren.

Gogotsu atera ziren txinguditarrak eta lehen minutuan ezustekoa eman zuten entsegu eta gauzatzea eginez. Bi minutuetara beltzek berdindu eta etxekoen festa hasi zen. Guztira sei entsegu eta lau gauzatze egin zituen Gipuzkoa Sortzenek eta era horretara, 38-7 iritsi ziren atsedenaldira. 

Bigarren zatian, minutu batzuetako borrokaren ostean, erritmoa hartu eta zazpi entsegu eta gauzatze bat egin zituen etxeko taldeak aldea handitzeko eta 87-7 amaitu zen neurketa.

Gipuzkoa Sortzen taldean Beñat Arozena Peña eta Jokin Beloki Chivite herritarrak izan ziren lehian.

Ohorezko mailan ere ondo

Egun bat beranduago, Gasteizko Gamarrako zelaian (Araba) Ohorezko B mailako Gaztedi eta Gipuzkoa Sortzen taldeen arteko partida izan zen. 

Fran Puertas Soto herritarrak zuzendutako taldea nagusi izan zen hasieratik. Bigarren zatian, 0-32 zihoazela gazsteiztarrek marra igarotzea lortu zuten lehenengoz. Gasteiztarren bi entsegu eta gauzatzeren ostean, beltzek entsegua egin zuten. Amaieran 14-37 gailendu zen Gipuzkoa Sortzen.