BERTSO ASTEA

Eskarmentu handiko bertsolariek aholkuak emango dizkiete hasiberriei, gaur

Txintxarri Aldizkaria 2024ko aza. 26a, 08:00

Gaur hasiko da Lasarte-Oriako Udaleko Euskara Zerbitzuak eta Ttakun Kultur Elkarteak elkarlanean (Earra! bertso eskolaren laguntzarekin) antolatutako Bertso Astea. Plaza ugaritan arituak diren Ane Labaka Mayoz eta Beñat Gaztelumendi Arandia osasun zentro alboko eraikineko bigarren solairuan izango dira, bertsotan hasiberriak direnei diziplina horri buruzko aholkuak ematen. 18:00etan hasiko da ekimena.

Esan bezala, bertso solasaldiak irekiko du aste berezi hori, hilaren 26an. Eskarmentu handikoak diren eta plaza askotan arituak diren Ane Labaka herritarrak eta Beñat Gaztelumendik bertsolaritzaren atalen (neurria, errimak, doinuak, egitura, gorputzaren espresioa, eta abar) gaineko aholkuak emango dizkiete modalitate horretan hasiberriak direnei. Illarramendik zehaztu du saio horretan solasaldia eta bertsoak tartekatuko dituztela eta umore ukitua emango diola aurkezleak, Mailu Arrutik. Osasun zentroaren ondoko eraikinean egingo dute ekimen hori, 18:00etatik aurrera. Earra! bertso eskolan ikasten ari direnen parte hartzea landuko dute bereziki, baina bertan ari ez den edonor ere bertara daiteke, jarduera irekia eta doakoa izango baita.

Bi egun geroago aukera bikaina izango dute aholkuak jaso bitartean trebatutakoek, ikasitakoa jendaurrean erakusteko. Izan ere, Earra! eskolakoek bertso poteoa egingo dute erdigunean barrena, trikitilarien laguntzarekin. 18:30ak aldera hasiko direla iragarri dute.

Ekimen nagusia, sariketa

Bertso Astea itxiko du I. Imanol Lizardi sariketak ostiral horretan, hilak 29. Antxordoki eta Illarramendiren hitzetan, hori izango da egitarauko "ekimen nagusia" eta helburu hauek izango ditu: Imanol Lizardiren oroitza bizirik mantentzea, bertsozaletasuna sustatzea udalerrian nahiz eskualdean, bertsolari gazteei plaza batean aritzeko aukera ematea, herriko gazteei euskaraz gozatzeko aukera ematea eta bertso eskoletako parte hartzea bultzatzea. 

Mirentxun ariko dira Hego Euskal Herriko lau lurraldeetatik etorritako sei bertsolari gazte, 18:00etatik aurrera: Maddi Lasa eta Aratz Arzelus gipuzkoarrak, Iraide Onaindia eta Hegoi Amabizka arabarrak, Kelmene Abaitua bizkaitarra eta Kattalin Lizarraga nafarra. "Azpimarratu nahi dut balore ugari kontuan izan ditugula parte hartzaileen zerrenda osatzerakoan, esate baterako, generoa eta lurraldetasuna", adierazi du Illarramendik. 

Sariketak bi fase izango ditu. Lehenengoan seirek parte hartuko dute eta ariketa desberdin batzuk egin beharko dituzte, Aizpea Garmendia gai jartzaileak jarriko dizkien erronkei aurre eginda. Bi onenak buruz burukora sailkatuko dira eta aurrez aurre ariko dira koplaka, 400 euroko saria eta zapia nork irabaziko. Finalistak 200 euroko ordainsaria izango du eta partaide guztiek oroigarri bana jasoko dute, Antxordokik azaldu duenez. 

Iazko abenduan Lizardi omentzeko ekimen baten gisan hasi zenak eboluzio hau izan du aurten eta hiru ekimeneko egitaraua ondu dute antolatzaileek. Iragarri dute sariketa ez dutela "ekimen puntual bat" izatea nahi, datozen urteetan antolatzen jarraitzeko asmoa dutelako.