Jaiotzen lehiaketa aurrera eramango du, aurten ere, Danok Kide Guraso Elkarteak

Txintxarri Aldizkaria 2024ko aza. 25a, 16:22

Hilabete eskas geratzen da Gabonetarako, eta hori hala izanik, Danok Kide Guraso Elkarteak urtero antolatzen duen jaiotzen lehiaketa iragarri du. 33.a izango da aurtengoa, eta, ohi bezala, 6 urtetik gorakoek izango dute parte hartzeko aukera

Bertan parte hartu nahi dutenek, kontuan izan behar dute sorkuntza lanak abenduaren 19an, ostegunarekin, eta 20an, ostiralarekin, entregatu beharko dituztela aipatu elkartearen egoitzan (Blas de Lezo kalea, 11 eta 13 zenbakian dago), honako ordutegian: 17:00etatik 19:00etara. Horrez gain, ondorengo oinarri hauek ere gogoan izan behar dituzte: 

  1. Jaiotzek 80x60 zentimetrokoak izan behar dute asko jota. Hondo sendoa duen egiturarik ez dute onartuko antolatzaileek, eta noizbait beste lehiaketaren batera aurkeztutako lanik ere ez. 
  2. Banaka nahiz taldeka parte har dezakete herritarrek. 
  3. Gutunazal itxi bat entregatu beharko dute jaiotzarekin batera. Kanpoko aldean adina idatzi behar du partaideak, eta barrukoan, izen-abizenak, telefono zenbakia eta helbidea.
  4. Talde kualifikatzaileak sariak banatu gabe utz dtzake, baldin eta lanak kalitatezkoak ez direla irizten badio.
  5. Parte hartzaile banakakoek, nola taldekoek, lan bakarra aurkez dezakete. 

Sariak, kategoriaka

Partaideak lau kategoriatan banatuko dituzte: 6 eta 9 urte artekoak (A kategoria), 10 eta 13 urte artekoak (B), 14 eta 17 urte artekoak (C) eta 18 urtetik gorakoak (D). Danok Kideko kideek zehaztu dutenez, aurkeztu ostean onartua izan den jaiotza bakoitzaren egileak 15 euro jasoko ditu. Multzo bakoitzeko garaileek sari hauek jasoko dituzte:

  • A kategoria: lehenengoak, 70 euro eta garaikur bat; bigarrenak, 50 euro eta trofeo bat.
  • B kategoria: lehenengoak, 80 euro eta garaikur bat; bigarrenak, 60 euro eta trofeo bat.
  • C kategoria: lehenengoak, 100 euro eta garaikur bat; bigarrenak, 70 euro eta trofeo bat.
  • D kategoria: lehenengoak, 130 euro eta garaikur bat; bigarrenak, 100 euro.

Antolatzaileek jakinarazi dute sari banaketa abenduaren 29an aurrera eramango dutela; 12:00etan izango da, egoitzan bertan. Saritutako jaiotzak Muebles Azpeitia dendan jarriko dituzte, eta gainerakoak, berriz, San Pedro parrokian.

Danok Kide elkarteko kideek lasarteoriatar guztiak animatu dituzte ekimenean  parte hartzera.