Goizetik suak piztuta daude Sasoeta auzoko egoitzan eta sukaldean lanean ari dira kideak. Lehenik, hamaiketakorako ogi mamiak prestatu ditu Estrellak, eta bazkariko eltzekarirako piezak egosten jarri dituzte Angel Barrerak eta lagun izan dituen gainerakoek. Extremadurako migak prestatu bitartean, perrunillak eta pattarra izan dituzte aukeran zain zeudenek.
Hego haizea zakar bazebilen ere, egoitzaren terrazara atera dira mokadua egitera. Platerekoa janda (eta errepikatuta), lanerako ordua heldu da. Kideetako batek odolkitarako osagaien nahasketa prestatu du eta ur epelean beratzen utzi dituzte hesteak. Makina jarrita zegoen mahaiaren bueltan kokatu dira parte hartu nahi izan dutenak eta lanak banatu dituzte. Sokak eta hesteak moztuta, katean aritu dira: orea makinan sartu, biraderari eragin, hestea bete eta muturrak lotu. Taldean eta erritmo onean aritu dira odolkiak prestatzen, eta lehen erretilua bete dutenean, kanpora atera dituzte zintzilik lehor daitezen.
Orea amaitu arte, pausoak errepikatu dituzte eta egiteko moduei buruz hizketan aritu dira: han edo hemen nola prestatzen diren alderatuz, osagaien zerrenda errepasatuz, eta odolkiak ziztatu behar diren edo ez argituz. Bakoitzak txikitan ikusi edo ikasi zuena partekatu du.
Bihar, berriro, perrunillak, salda eta pattarra izango dituzte hamaiketarako, eta txartela erosi dutenek pintxo morunoak, urdaiazpiko errea eta postrea izango dute bazkari. Gainera, txerri beso bat zozkatuko dute bazkalostean. Atzo, aldiz, txerri bodei buruz gehiago jakiteko parada izan zuten hitzaldi baten bidez.