Elkarrekin urte bat gehiago egin dutela ospatu dute 1963ko kintoek

Txintxarri Aldizkaria 2024ko aza. 24a, 16:01

Lavie jatetxean elkartu dira ia 50 pertsona eta bapo afaldu dute, giro ederrean. Hori baino lehen, Psicoacustic taldeak Jalgin emandako kontzertua ikustera animatu dira batzuk. 

Gustura egondako tokira itzultzeak merezi zuela iritzita, 1963an jaiotako 48 lasarteoriatarrek Lavie jatetxean afaldu zuten atzo iluntzean, elkarrekin urte bat gehiago egin dutela ospatu eta urte bereko pertsonen artean harremanak sendotzen jarraitzeko. Hauxe izan zen menua: bakailao brandaren brioche opila; parrillan egindako orburua parmesano gaztarekin eta trufa beltz emultsioarekin; burrata krematsua testura desberdinetako tomatearekin; labean egindako txangurroa kokospe iberikoarekin; tenperatura baxura hamazazpi orduz erretako behi saiheskia patata krematsuarekin; eta postrerako, torrada, banilla izozkiarekin. 

Afaltzen hasi baino lehenxeago elkartu ziren guztiak baina ospakizuna ez zen une horretan hasi, izan ere, arratsaldeko zazpietan jarrita zuten elkartzen hasteko hitzordua, Jalgi kafe antzokian. The Beatles talde ospetsuaren pieza ezagunenak jo zituen Psicoacustic taldeak han eta plan hori probestu zuten topaketa eguna hasteko.

Afalostean etxera joatea erabaki zuten batzuk eta parranda zertxobait luzatzea besteek. Era batera edo bestera, "giro ederrean" aritu zirela nabarmendu dute bertaratutakoek.