Eguerdia baino minutu batzuk lehenago, hitzaldi aretoko aulkiak betetzen joan dira. Lehen ilaran udal ordezkariak eseri dira, haien atzean, berriz, saridunak eta beraiekin etorritakoak. Aurrez aurre eserita zegoen Agustin Valdivia alkateak hartu du hitza bertaratutakoak agurtzeko. Virginia Woolf-en hitz batzuk irakurri ditu, idazle bat bere obraren bidez ezagut daitekeen moduan, haren atzeko pertsonaren eta bere garaiaren berri ere ematen du. Halaber, irudimena ere balioetsi du errealitatea ulertu eta ezezagun zaigunari aurre egiteko tresna gisa. Horregatik guztiagatik, egindako lana eskertu die partaideei, bereziki gazteenei, sorkuntza desiratua izan arren idazteak erditzetik zerbait ere baduela nabarmenduz, "eta ama guztiek dakite erditzea ez dela erraza eta minik gabea", zehaztu du.
Guztira 428 obra aurkeztu dira "zalantzarik gabe balantze bikaina" eta literaturaren "bizitasunaren" erakusgarri. Eskerrak eman dizkie parte hartu direnei eta bidean lagun izan dituztenei ere. “Sari hauek herri gisa dugun historiaren zati ezabaezinak dira, eta zuen ekarpenarekin jada horren parte zarete”
Ainhoa Aiertzak hartu du hitza eta Adrian Golbano Larrañaga piano ikasleak jotako doinuak lagunduta.saritutako lanetako batzuk irakurri ditu: José Luis Gotor Trilloren Bancarrota en la industria del sueño eta Maite Lopez Las Herasen Arkosen begiak poemak eta Miguel José Fernández Hernándezen Declaración mikroipuina, hain zuzen ere.
150 haur eta gazte
"Ilusioz eta atsegin handiz" parte hartu du estreinakoz Kultura batzordeburu Ainara Elicecheak sari banaketan eta aurtengo lehiaketetako zenbait datu eman ditu. Guztira 150 lan aurkeztu dituzte haur eta gaztetxoek: 53, A kategorian, eta 97, B kategorian. C kategorian ez da lanik aurkeztu. Helduen lehiaketan, berriz, euskaraz hamahiru mikrokontakizun eta bederatzi poesia jaso dituzte; eta gaztelaniaz, 187 mikrokontakizun eta 69 poesia. Orotara, 278. Berak ere eskerrak eman dizkie lehiaketa aurrera daramatenei. "Aurten ikusi ahal izan dut zer nolako lana eta ahalegina eskatzen dituen tankera honetako txapelketa bat antolatzeak"; kultur etxeko langileei, epai mahaikideei, irakasle eta gurasoei "zuen laguntza eta sostenguagatik".
Hori esanda, Aiertzak irakurri ditu sarituen izenak eta diploma bana eman diete alkateak eta Kultur batzordeburuak.
SARITUAK - LASARTE-ORIAKO HAUR ETA GAZTEEN XXXVII LITERATUR LEHIAKETA 2024
-
A KATEGORIA: 2015ean edo ondoren jaiotakoak
-
- 1. saria: Eñaut Suberbiola Rodriguez, Basoan galduta idazlana.
- 2. saria: Ane Orroña Lazaro, Mariren kobazuloan, idazlana.
- 3. saria: Iboa Intza Azkarate, Aiora eta Intza Zapata idazlana.
B KATEGORIA: 2012, 2013 eta 2014 urteetan jaiotakoak
-
- 1. saria: Guillen Iraola Hernandez, Sofiaren liburuxka idazlana.
- 2. saria: June Apeztegia Azpiazu, Planeta berri baten bila idazlana.
-
3. saria: Aizpea Barcina Etxebeste, Ttxakur kumeen erreskatea idazlana.
SARITUAK - LASARTE-ORIAKO XXXVIII. LITERATUR LEHIAKETAK
-
EUSKARAZ
-
- Poesia: Maite Lopez Las Heras azkoitiarra, Arkosen begian.
- Mikrokontakizuna: Maite Arizti Ugarteburu gasteiztarra, Piztiak.
-
GAZTELANIAZ
-
- Poesia: José Luis Gotor Trillo malagarra, Bancarrota en la industria del sueño.
- Mikrokontakizuna: Miguel José Fernández Hernández tenerifeiarra, Declaración.
Haur eta Gazteen Literatur Lehiaketako epaile izan dira Ane Labaka Mayoz, Idoia Garzes Aldazabal eta Lierni Rekondo Villaron. Helduen Literatur Lehiaketakoan, berriz, Felipe Juaristi Galdos, Karlos Linazasoro Izagirre eta Elisabete Tolaretxipi Lertxundik, euskarazko lan onenak hautatu dituzte; eta Marian Benitez Izquierdo, Mertxe Tranche Iparragirre eta Albert Vazquez Perezek gauza bera egiteko ardura izan dute gaztelaniaz idatzitakoekin.
Sariak banatuta, oroigarri bana eman diete Aiertza, Golbano eta koordinazioan aritu den Sera Carrasco Rodriguez musika eskolako piano irakasleari.
Alkateak hitza hartu du berriro ekitaldia amaitzeko. “Bihotzez eskertu nahi dizuet parte hartu duten guztioei egindako lana”, lehiaketa "edukiz eta zentzuz betetzen duelako". Eskerrak eman dizkie ere abentura honetan lagun izan dituzten irakasle eta gurasoei, eta lehiaketa antolatzen duten Kultur departamentuko langileei. "Espero dut, gutxienez, irakurtzeko arra suspertu izana". Azkenik, haur, gazte eta helduak gonbidatu ditu hitza berriro hartzera.