Jose Manuel Bujandak Oreki Fundazioaren solasaldian parte hartu du

Txintxarri Aldizkaria 2024ko aza. 23a, 12:53

Oreki Fundazioak gonbidatuta, Jose Manuel Bujanda donostiarrak De las pìstolas al humanismo y vueltas al Humanismo solasaldian parte hartu du Ganbo Iturri elkartearen egoitzan. Lo reconozco he vivido (y qua a veces me he solido equivocar hitzaldian bere bizitza eta ibilbidea gainbegiratu du, ETAko kide izatetik politikagintzan aritzera.

Bere haurtzarotik hasi da. Familia euskaldun eta abertzale batean hazi zen eta gutxika berarengan "militante abertzale bat eraikitzen joan zen, oharkabean". Osaba Gerardok etxean makinaz idazten zituen gero Radio Euskadik zabalduko zituzten kronikak eta berak paper zatitxo eginda Urumeara botatzen zituen, ibaiertzean Kaiku txakurra paseatzen zuen bitartean. Aitortu duenez, artean ez zuen ulertzen zergatik etxera bueltan aitak "dena ondo?" galdetzen zion. 

Unibertsitatean zela, Ikasle Abertzale Mugimenduaren kide egin zen eta ETAri laguntzen hasi zen logistika kontuetan. Garai artan, Gipuzkoako errubi taldean jokatzen zuen, entrenatzailea militar erretiratua zen eta berak sinatutako pasaporte bat eman zien jokalariei mugaz beste alde joan ahal izateko. "ETArentzat artekari perfektua nintzen". Sarekada baten ondoren, ETAn sartu zen eta han Jon Paredes Manot "Txiki" eta Eduardo Moreno Bergaretxe "Pertur" ezagutu zituen. Bien heriotzek utzitako arrastoa nabarmendu du. 

Iruñean atxilotu zuten eta kartzelan zegoela egindako gogoetan indarkeriaren erabilera zalantzan jarri zuen. Franco hil eta diktadura amaituta ETAk "zentzurik ez zuela" sinetsita, Euskadiko Ezkerrako kide egin zen, 1977ko amnistiaren bidez kalera irten zenean.

Hala jarraitu du bere bizitza eta ibilbidea errepasatuz, eta horren gaineko gogoeta partekatzen. Ondoren, solasaldia egin eta elkarrekin bazkaltzekoak dira bertaratutakoak.